COP29 klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi bilera amaituta, kritika andana egin dizkiote hartan hitzartutakoari. Goi bilerari gertutik erreparatu dio Niklas Hagelberg NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programako klima aldaketaren koordinatzaileak, eta, iritzi dion arren hitzartutako finantzaketa ez dela nahikoa, aitortu du ez dela erraza ados jartzea.
Hegoaldea ez dago ados hitzartutako kopuruarekin.
Hegoaldeak itxaropena zuen zenbait bilioi dolarretara iritsiko zirela, baina, egoera geopolitikoa oso konplexua izanik, bagenekien zaila izango zela. Azkenean, adostu da 2035era bitartean urtean iturri guztietatik 1,3 bilioi dolar biltzea denera, eta horietatik 300.000 milioi dolar herrialde garatuek mobilizatzea.
2035ean, 300.000 milioi dolar gaur egungo 175.000 milioi baino ez dira izango baldin eta inflazioa %5ekoa bada.
Inflazioak, jakina, murriztu egiten du mahai gainean dagoen diru kopurua, eta, gainera, klima aldaketak izugarri handitzen du inflazioa. Baina hori adostea lortu dute herrialdeek. Ados jartzeko ikuspegi ezberdinen arteko erdibide bat aurkitzen saiatzean, askotan gertatzen da inor pozik ez gelditzea. Kontua da ziurtatzea diru hori ahalik eta hobekien erabiltzen dela. Hitzarmenaren askotariko funtsetarako finantzaketa hiru halakotzea ere adostu da, 300.000 milioi euro horiek askoz gehiago probesteko moduan.
Eta hori nahikoa izango da klima larrialdiak eragindako beharrei erantzuteko?
Isurien Arrakalaren txostenaren arabera, trantsizioa egiteko bederatzi bilioi dolar beharko dira. Baina kopuru horren parte bat eskura dago jada, inbertsio normalak ere badaude eta. Inbertituko den dirua banatzean, lan adimentsuagoa egin beharra dago. 300.000 milioi dolar horiek erabilgarriak izan daitezke horretarako. Egokitzapenari dagokionez, urtero 200.000 eta 300.000 milioi dolar inguru behar dira. Beraz, hobeto lan egin behar dugu, denak irabazian ateratzeko.
Parisko Akordioan zehaztutako helburua lor daiteke oraindik?
Ekonomia osoa aldatu behar da. 110 bilioi dolarreko ekonomia globala deskarbonizatu behar da, eta, horretarako, 300.000 milioi ez dira asko. Beste aukera batzuetan pentsatu beharra dago; adibidez, sektore pribatuko inbertsioak probestea, eta kapitalaren kostua murriztea.
Zer egin dezake NBEk garapen bidean dauden herrialdeek finantzaketa eskuratu dezaten?
Esaterako, dirua klima hitzarmenaren funtsetara bideratu daiteke. Baina hobeto lan egin behar dugu herrialde guztietan berotegi efektuko gasen isuriak neurtzeko, datuak alderatu daitezkeela ziurtatzeko, eta, horrela, inbertsioaren eragina neurtu daitekeela baieztatzeko. Datu sinesgarriak biltzen ere lagundu dezakegu, ezagutza hori politikan baliatzeko.
Zer egin daiteke elkarlana sustatzeko?
Isuriak apaltzen ez baditugu, egokitzea gero eta zailagoa izango da. Gure ekonomiak indartu behar ditugu, klima aldaketaren ondorioei ahalik eta egokien erantzun ahal izateko, komunitate global gisa elkarrekin lan egiteko eta denek jaki osasungarriak eskura ditugula bermatzeko.