Diru kontuak, hautagaien arma

Frantziako Presidentetzarako bozetarako hautagaiak beren ondareen berri ematen hasi dira, elkarren kontrako akusazioek akuilatuta.

2007ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ezpatak zorrozten eta batak bestearen hutsak edota ustezko puntu ahulak nabarmen utzi nahian. Hala dabiltza Frantziako Presidentetzarako hautagaiak, bozak egiteko oraindik lau hilabete geratzen direla. Hautagaien jabetzak eta ondasunak dira oraingo batailaren ardatza .

UMP Herritarren Batasunerako Mugimenduak bota zuen lehen kanoikada, PS Alderdi Sozialistako hautagai Segolene Royalen aurka. Urtero, 760.000 euro baino gehiagoko ondarea duten herritarrek ISF Aberastasunaren Gaineko Elkartasun Zerga ordaindu behar dute. Bada UMPko kideek zerga horri iskin egitea egotzi diote Royali. Hori egiteko Royalek eta bere bizikide eta PSko idazkari nagusi François Hollandek SCI Higiezinen Elkarte Zibil bat eratu zutela argudiatu du UMPk. Royalek hori ukatu egin du. Gainera, Le Canard Enchaîné aldizkari satirikoaren arabera, Hollandek difamazioagatik salatu du UMPko diputatu bat.

Eskuindarren akusazioei aurre egiteko, Royalek berak bere ondare aitorpena zabaldu die komunikabideei. Bidenabar, UMPko buru eta hautagai Nicolas Sarkozyri ere gardentasunez jokatzeko eta bere ondarea ezagutarazteko eskatu dio. Hala, Royalek esan du berak eta Hollandek 934.000 euroko ondarea dutela, eta ISF zergarako 862 euro ordaindu zituztela iaz.

Horrekin aski ez, eta Sarkozy eta honen ingurukoak bera difamatzeko zurrumurruen atzetik daudela dio Royalek. Sarkozyk kale matxinada egin zuten gazteak izendatzeko baliatutako irain ber-bera, -«jendaila»- erabili du Royalek, bere aurkako «kanpaina zikina» egiten dutenak salatzeko.

Sarkozyri dagokionez, Le Figaro egunkariak dio ISFrako 1.988 euro ordaindu zituela, 1.137.000 euroko ondareagatik. Le Parisien-ek zehaztu du iazko azaroan 1.933.000 eurogatik -erostean pagatu zuenaren bikoitza baino gehiago- bere apartamendua saldu ondotik ezarri ziotela zerga kopuru hori.

Paris Match aldizkariaren azken inkestaren arabera, orain bigarren itzulian Sarkozy eta Royal aurrez aurre egongo balira, lehena nagusituko litzateke, bozen %52rekin.

FN Fronte Nazionaleko buru eta hautagai Jean-Marie Le Penek jabetza franko ditu eta Paris kanpoaldean duen etxea lau eta sei milioi euro inguruan baloratuta dago. Le Penek beti nabarmendu izan du ISF ordaintzen duela. Iaz 1.643 euro pagatu zituela azaldu du. Asteazkenean esan zuen ez zukeela arazorik izango bere ondare aitorpenaren berri emateko, «baldin eta hautagai guztiek jakinarazten bazuten». Atzean ez geratzeko jakinarazi zituen atzo datu horiek.

Hautagai ekologista Corinne Lepageren kasuan, berak eta bere senarrak ia 2.450.000 euroko ondarea dute, eta 12.017 euroko zerga pagatu zuten iaz.

Ez dago argi Frantziako presidente Jacques Chirac (UMPkoa) bozetara aurkeztuko den. Halere, urte askotan agintean egonda eta orain agintari gorena izaki, ondare oparoa bildu du ere.



ROYALEK ELEDUNA ZIGORTU DU. Hollanderen aurkako txantxa batengatik bere eledun Arnaud Montebourg zigortu du Royalek, eta hilabete baterako soldatarik gabe utzi. Herenegun, Royalen alde ahulaz galdetuta, zera esan zuen Montebourgek Canal Plus telebistan: «Akats bakarra du: bere bizikidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.