Diplomatura aitzindaria Argentinan

Wichi herriko kide batzuek prozesu judizialetan itzultzaile eta interprete aritzeko diploma eskuratu dute. Lehenbiziko aldia da Argentinan halako esperientzia bat egin dena.

Wichiera-gaztelania modalitatean diplomatuak ekainaren 19an, Saltako Unibertsitate Nazionalean titulua eman zieten egunean. BERRIA
Wichiera-gaztelania modalitatean diplomatuak ekainaren 19an, Saltako Unibertsitate Nazionalean titulua eman zieten egunean. BERRIA
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2024ko irailaren 24a
05:05
Entzun

Zenbait komunitate indigenatako 26 kidek Justiziarako Sarbidea Bermatzeko Interpretazio eta Itzulpengintza Interkulturaleko titulua lortu dute wichiera-gaztelania modalitatean. Wichiak dira Argentinaren egungo eremuan bizi diren jatorrizko herrietatik jendetsuenetako bat. Lehenbiziko aldia da Argentinan halako esperientzia bat egin dena, Wichi Lamthes wichieraren kontseiluak eta Saltako Unibertsitate Nazionalak bulkatuta. Santa Victoria Este, General Ballivian, Embarcacion, Coronel Juan Sola edo Morillo, eta Tartagal herrietakoak izan dira ikasleak, eta Saltako Unibertsitate Nazionalean hartu dituzte eskolak, 2021ean hasita. Argentinako wichi komunitateak Chaco, Salta eta Formosa probintzietan bizi dira. Bolivian ere badira, baina weenhayek deitzen zaie han.

Abigail Rodriguezek 25 urte ditu, eta wichien Mision Carboncito komunitateko kidea da. Diplomatu gazteenetakoa ez ezik, notarik hoberenak lortu dituztenetakoa ere bada. «Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasi, hurbileko komunitate batean kulturarteko hezkuntza elebidunean espezializatu, eta irakasle aritzen naiz orain», kontatu du Rodriguezek. «Wichi Lamthes kontseiluko kide baten bitartez sartu nintzen diplomaturan, izena emateko lotura bidali baitzidan».

Bada, ikasketa horien helburu nagusia izan da kulturartekotasuna errespetatzen duen formakuntza ematea —bai linguistikoa, bai kulturala eta bai juridikoa—, ikasleek modua izan dezaten prozesu judizialetan itzultzaile eta interprete aritzeko. Itzultzearen eta interpretatzearen arteko diferentzia ez da inondik ere hutsala halako prozesuetan: «Itzultzeko orduan, bertzearen erranak zehatz-mehatz ekarri behar dituzu bertze hizkuntza batera, baina interpretatzeko orduan, wichien herriaren kosmobisioa azaldu behar da, gure pentsaera eta ohiturak. Hitz jakin batzuk tartean direlarik, hagitz garrantzitsua da oinarrian zer duten azaltzea».

«Hitz anitzek ez dute ordainik gaztelaniaz, azaldu egin behar ditugu. Hortaz, hitz berriak sortzea adostu genuen, dialektoak kontuan hartuta»

ABIGAIL RODRIGUEZItzultzailea

Preseski, lege alorreko termino tekniko batzuk arazotsuak izaten dira ez dutelako wichierazko ordainik, eta wichierazko forma dialektal batzuk ere bai, eremu batetik bertzera aldatzen direnez gero. Urrutira joan gabe, wichieraz ez dago ebatsi aditzik, ezta bertze norbaitena den zerbait indarrez eskuratzeari dagokion hitzik ere, wichien herrian jabetza pribatua ez baita existitzen. «Gure komunitatean, dena denena da, dena banatzen da, eta irizten diogu bizi garen lurraldea gurea dela, baina ikuspegi espiritualetik», nabarmendu du Rodriguezek. Horiek horrela, eskolak hasi orduko ikusi zuten beharrezkoa zela termino berri batzuk adostea: «Hitz anitzek ez dute ordainik gaztelaniaz, azaldu egin behar ditugu. Hortaz, hitz berriak sortzea adostu genuen, dialektoak kontuan hartuta. Anitzetan, hitzen erranahia aldatu egiten da wichien komunitate batetik bertzera ere».

%70, emakumeak

Ikasketa horiek egin dituztenetako %70 emakumeak dira, eta, halaber, akademikoki haiek aritu dira hobekien, nor-eta wichi komunitateetako kiderik zaurgarrienak diren horiek. Justiziara jotzeko modurik ez izateak, oro har, zaildu egiten du indarkeria matxista, abusuak, tratu txarrak eta desnutrizioa salatzea, jakinik, gainera, halakoak etengabeak direla hiriguneetatik urrun dauden lurralde horietan. Bertzalde, diplomatu berri diren horiek bertze zailtasun bat ere bazuten berez: ikasketak Internetik gabe egin beharra. Alde horretatik, diplomaturaren antolatzaileak ikasleen errealitatera egokitu ziren, ez alderantziz, eta hori funtsezkoa izan zen hainbertze ikaslek ikasketak bururatzeko. «Anitzek ez zuten modurik konektatzeko, edo zaila zitzaien zeregin batzuei buruzko argibideak interpretatzea; beraz, irakasleak horretara egokitu ziren, eta ikasleek eskolak ez uzteko estrategiak antolatu. Egokitu egin ziren bai teknologia arloan eta bai ikasketa prozesuan».

Diplomak banatzeko ekitaldian, Saltako Unibertsitate Nazionalak eta eremu horretako Botere Judizialak lankidetza instituzionaleko hitzarmen bat sinatu zuten, helburutzat hartuta trebakuntza praktikak martxan paratzea. Abuztuan hasi zituzten.

«Gure senideei lagundu nahi diegu, anitzek ez baitakite gaztelaniaz, eta, beraz, epaiketaren bat baldin badute ez dute konprenitzen zer leporatzen zaien ezta prozesuaren zer atalekin lotuak dauden ere». Diplomatura aitzindaria da herri indigena bateko kideentzat prestatu dutelako espresuki, komunitateen eskariari erantzuteko sortu delako, eta helburu duelako defentsarako eskubidea eta justiziarako sarbidea bermatzea hizkuntza arrazoiengatik zaurgarri diren herritar batzuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.