Txaden bihar dute dinastiaren edo aldaketaren artean erabakitzeko eguna

Trantsiziorako kontseilu militarra hiru urtez agintean egon ondoren, bihar egingo dituzte presidentetzarako bozak. Inkestek jarduneko estatuburu Mahamat Idriss Deby jotzen dute irabazle.

Txadeko jarduneko estatuburu Mahamat Idriss Debyren bozetako kanpainaren kartelak, N'Djamenan, asteon. JEROME FAVRE / EFE
Txadeko jarduneko estatuburu Mahamat Idriss Debyren bozetako kanpainaren kartelak, N'Djamenan, asteon. JEROME FAVRE / EFE
maddi iztueta olano
2024ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun

Hiru hamarkadatan estatuburu izan zen Idriss Deby Itno hil zenetik lehen aldiz, bihar dira Txaden presidentetzarako hauteskundeak egitekoak. Hamar hautagaik hartuko dute parte herrialdeko presidente kargua eskuratzeko lehian; edonola ere, bozen bezperan hautagai bakarrean dago jarrita ia arreta osoa. Jarduneko presidente eta estatuburu ohiaren seme Mahamat Idriss Debyk lortzen dituen emaitzen arabera, bukatutzat jo liteke Idriss Deby dinastiaren ibilbidea; edo, kontrara, are gehiago indartu.

Armadako jenerala zen ogibidez Idriss Deby Itno, eta militarki iritsi zen agintera, 1990ean estatu kolpea emanda. Herrialdeko estatuburu karguari eutsi zion 30 urtez, baina 68 urterekin hil zen, 2021ean, presidentetzarako bozak irabazi eta seigarren legealdia hasi berritan. Bertsio ofizialaren arabera, FACT Alternantziarako eta Konkordiarako Txadeko Frontearen aurkako liskarretan jasandako zaurien ondorioz hil zen.

Haren heriotzaren ondoren, semeak berehala hartu zuen erreleboa: bertan behera utzi zituen Txadeko Konstituzioa, Gobernua eta Parlamentua, eta trantsiziorako kontseilu militar bat izendatu zuen, bere gidaritzapean. Idriss Debyk hitzeman zuen trantsiziorako kontseilua hemezortzi hilabeterako izango zela indarrean, baina, 2022ko abuztuaren eta urriaren artean egindako zenbait eztabaidatan, kontseilu militarra beste bi urtez luzatzea erabaki zuten, eta Idriss Deby jarduneko presidente izendatu zuten.

Oposizioak eta herrialdeko talde matxinoek berehala kritikatu zuten juntaren erabakia, eta, haren aitari bezala, «estatu kolpe bat» ematea leporatu zioten Idriss Debyri. Erabaki horrek ere hautsak harrotu zituen kalean, eta protesta olde bortitza izan zen herrialdean. Giza Eskubideetarako Batzorde Nazionalaren arabera, protesta horietan Poliziak 128 lagun hil zituen gutxienez, eta beste hainbeste zauritu. Jokaleku horretan emango dute botoa bihar, zortzi milioi pasatxo herritarrek. Inkesten arabera, oposizioko buru Succes Masraren eta Idriss Debyren artean egongo da lehiarik estuena.

Buruz burukoa

Herrialdeak bezala, ezegonkortasun handiko urteak bizi izan ditu Masrak. Junta militarraren aurkako protesten harira, bi urtez izan zen erbestean, manifestazioen «antolatzaile ideologikoa» izatea leporatzen baitzioten militarrek. Joan den azaroan itzuli zen herrialdera, CEMAC Afrika Erdialdeko Ekonomia eta Diru Komunitateak bultzatutako akordio baten bitartez; eta, handik bi hilabetera, lehen ministro izendatu zuten, Idriss Debyk berak indarrean jarritako dekretu baten bidez.

Bozei begira, Masrak aldaketaren sinbolotzat jo du bere burua. Txadeko biztanleek «nahikoa bidegabekeria» jasan dituztela argudiatuta, hitzeman du «egiaz demokratikoa» den gobernu bat osatuko duela bihar gailentzen bada. N'Djamenan du babes gehien, Txadeko hiriburuan, baina espero da boto gutxi biltzea landa eremuetan, eta hor bizi dira biztanleen %76.

Bestalde, Idriss Debyk uste du gauza izango dela aitak hasitako ibilbideari jarraipena emateko. Hori bai, herritarren eta nazioartearen aurrean duen irudia aldatzeko baliatu du bozen kanpainaurrea; birritan esan du ez duela «lider militar bat» izan nahi, demokratikoki hautatutako «presidente zibil bat» baizik.

Baina, oposizioaren antzera, zenbait elkartek «estatu kolpe bat» ematea eta «diktadura dinastiko bati» jarraipena eman nahi izatea leporatzen diote Idriss Debyri. Horietako batzuek, hala nola Wakit Tama elkarteak, bozak «boikotatu» ditzatela eskatu diete herritarrei, eta ez dezatela «[junta militarraren] antzerkian» parte hartu.

Azken urteotan, ia kateaturik eta bata bestearen atzetik eman dituzte estatu kolpe militarrak Afrika mendebaldeko edo Saheleko herrialdeetan, hala nola Malin, Burkina Fason, eta Nigerren. Horiek hala, azken urteetan hauteskundeak egingo dituen eskualdeko lehen herrialdea da Txad. Presidente kargura iristeko, hautagai batek botoen %50 eskuratu behar ditu gutxienez. Bozetara aurkeztu diren hamar hautagaietatik ez badu inork babes hori lortzen, ekainaren 22an egingo dute hauteskundeen bigarren itzulia.

Mendebaldea, bozei begira

Afrika mendebaldeko herrialdeak ez ezik, nazioartea ere adi dago Txaden bihar egitekoak diren bozei. Mendebaldeko potentziek eta Txadek helburu nagusi bat dute: talde islamisten aurkako borroka. Eta, borroka horretan, Frantziako Gobernua da Txadek duen aliaturik handiena. Harreman horren adierazle da, kasurako, Frantziako armadak Txaden duela Afrikan duen base militarrik handiena. Horiek hala, talde islamisten eta errebeldeen erasoen oldarraldiak Parisen laguntzaz gelditu izan ditu Txadeko Gobernuak. Frantziaz gain, AEB Ameriketako Estatu Batuetak ere base militarra dute han.

Nolanahi ere, joan den urtarrilean, ezohiko bilkura batek kolokan jarri zuen Txadek historikoki mendebaldearekin izandako harreman estua. Idriss Deby Moskun izan zen, eta Errusiako presidente Vladimir Putinekin bildu zen, bi herrialdeen arteko «kooperazio militarra» hizpide. Bilkuraren ondoren, Txadeko jarduneko estatuburuak lasaitasun mezua helarazi zuen, baina irmo mintzatu zen: «Txad herrialde independente, aske eta subiranoa da, eta errespetatzen gaituzten munduko herrialde guztiekin lan egiteko asmoa daukagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.