LIMA. Dina Boluarte Peruko presidentearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuten, atzo, Peruko Kongresuko zenbait kidek. RPP irrati katearen arabera, kongresukideek protestetan izandako heriotzen erruduntzat jotzen dute Boluarte. Izan ere, haren dimisioa eta Pedro Castillo estatuburu ohia espetxetik ateratzeko eskatzen dute manifestariek.
Nieves Limachi kongresukideak aurkeztu zuen mozioa. Harekin bat egin zutenek herrialdean agintzeko «gai ez izatea» egotzi zioten presidenteari. Tramitatu ahal izateko 66 boto lortu behar ditu mozioak, eta, ondoren, 87 beharko ditu Boluarte kargutik kentzeko.
Eta Peruko ganberak, berriz, persona non grata izendatu zuen atzo Evo Morales Boliviako presidente ohia; Boluarteren politika sarri kritikatu du.
Liskarren harira, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek protestetan izandako heriotzak modu «azkar, objektibo eta eraginkorrean» ikertzeko eskatu zion atzo Limari. Iragan abenduan protestak hasi zirenetik, gutxienez 60 lagun hil dituzte.
Boluartek «herrialde osorako su etena» eskatu zien, herenegun, protestan ari diren herritarrei. Estatuburuaren xedea da herrialdean duten krisi politiko larria gainditzea, baita elkarrizketa mahai bat eratzea ere.
Dina Boluarteren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute
Peruko Kongresuko zenbait kideren arabera, presidentea «ez da gai» kargu horretan jarduteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu