Milaka pertsona kalera atera ziren atzo Buenos Airesen, 1976ko estatu kolpetik 48 urte bete ziren egunean, diktadura militarraren garaiko krimenak gogoratzeko eta orduko 30.000 desagertuei gorazarre egiteko. Argentinako Memoriaren Eguna jendetsua izan ohi da, baina atzo are jende gehiago bildu zen protestetara. Izan ere, diktadura bukatu zenetik lehen aldiz, diskurtso negazionista darabilen presidente bat dago agintean herrialdean.
Hain zuzen, azken egunetan, «bi muturren» teoria hauspotzen aritu dira bai Javier Milei presidentea eta bai Victoria Villarruel presidenteordea, horretarako gobernuaren hedabide ofizialak erabilita. Diktaduraren aldekoek eta eskuin muturrak historikoki erabili duten argudioa da bi muturrena, zeinaren arabera Argentinakoa «gerra bat» izan baitzen eta «bi aldeek» egin baitzituzten «gehiegikeriak». Atzo, mezu negazionista horiek biltzen dituen hamahiru minutuko bideo bat zabaldu zuen Argentinako Gobernuak bere kontu ofizial guztietan.
Mileik eta Villarruelek piztutako suak areago berotu zituen kaleko protestak. Asko izan ziren gobernuaren aurkako afixak atzoko manifestazioetan: Ez da zoroaldia, faxismoa da; Ez gaituzte berriro isilduko eta 30.000 arrazoi aberria defenditzeko mezuak irakur zitezkeen pankarta askotan, diktadurako desagertuen argazkiekin batera. Maiatzeko Plazako Amek eta Amonek eraman zuten pankarta nagusia, desagertuen seme-alabekin eta giza eskubideen aldeko erakundeekin batera. Peronismoko eta ezkerreko alderdiek ere bat egin zuten deialdiarekin, baina eragile sozialek hartu zuten protagonismoa atzoko protestetan.
Ikusi gehiago
Estela Carlottok, Maiatzeko Plazako Amonen elkarteko presidenteak, hainbat elkarteren artean adostutako agiria irakurri zuen Buenos Airesko manifestazio nagusiaren bukaeran. Gogoratu zuen estatu terrorismoaren erantzule nagusiak «inpunitate osoz» jarduten direla gaur egun ere: «Genozidioaren botere ekonomikoa eta enpresariala dira. Epaiketa eta zigorra eskatzen dugu haientzat ere. Segitzen dugu galdezka eta aldarrika, non dauden desagertuen gorpuak».
Egungo Argentinako Gobernuaren «gehiegikeriez» ere hitz egin zuen Carlottok. «Mileiren eta Villarruelen gobernuaren probokazio jarraituek nazioarteko itun guztiak urratzen dituzte», esan zuen. Are, ohartarazi zuen Mileik botere eta eskuduntza handiagoak eman nahi dizkiela militarrei, droga trafikoaren aurkako operazioetan besteak beste: «Barne gatazketan militarren parte hartzea sustatzea armadaren rolaren aurkakoa da, eta arriskuan jartzen ditu gu guztion giza eskubideak».
Buenos Airesen bezala, protesta jendetsuak egin zituzten Rosario, Mar del Plata, San Miguel de Tucuman eta Cordoba hirietan ere.
Indultuaren itzal luzea
Milei agintera iritsi zenetik, beldur batek astindu ditu oroimenaren aldeko mugimenduak: presidenteak indultua edo zigorren murriztea eskainiko ote dien gizateriaren aurkako delituengatik kondenatutako militarrei. Ez da zurrumurru soila: kondenatutako militar ugari eskatzen hasiak dira zigorra barka diezaietela, eta, 24 urtean lehen aldiz, Mileik kargua hartzeaz batera, Justizia Ministerioak bere izendapen ofizialetik kendu du giza eskubide terminoa.
Ikusi gehiago
Badirudi Argentinako presidentearen eta haren presidenteorde Victoria Villarruelen arteko harremana ez dagoela bere onenean, baina Villarruel funtsezkoa izan da hauteskunde prozesuan, eta berriro jarri du jokaleku politikoaren ardatzean jada kitatua zegoela zirudien eztabaida bat eta gai bat: estatu terrorismoaren aldarrikapena. Militarren alaba, biloba eta iloba da Villarruel, eta Argentinako ultraeskuinaren borroka kulturala astintzen ari da.
Inpunitate legeak baliogabetu zituztenetik, Argentinako auzitegiek 321 sententzia argitaratu dituzte gizateriaren aurkako krimenengatik. Horietan, 1.176 pertsona kondenatu dituzte, eta 183 absolbitu. Zabalik daude beste 79 prozesu, eta 409 auzipetu eta 486 ikertu daude oraintxe. Errepresioan parte hartu zuten militarretatik, 661 espetxean dira; gainerakoek zigorra bete dute edo etxean betetzen ari dira kondena.