Argentinako 1976tik 1983rainoko diktadurari buruzko epaiketetan, historikoki, sexu delituak ezkutatu egin izan dira, eta ez dira delitu autonomotzat jo, nahiz eta, demokrazia berrezarri zenetik, halako delituen berri eman duten ehunka biktimak —emakumeak gehienak—. Duela hilabete batzuk, berriz ere albiste bihurtu zen gaia; izan ere, Zigor Arloko Kasazio Ganberako 2. salak adierazi zuen estatu terrorismoaren plan kriminalaren parte izan zirela sexu delituak, eta gizadiaren kontrako krimenen kategorian sartu zituen.
2021eko abuztuan, 24 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Jorge Acosta El Tigre-ri, hots, ESMA Armadaren Mekanika Eskolaren zentro klandestinoan jardun zuen talde baten —Eginkizunen 3.3.2. Unitatearen Taldearen— zerbitzu sekretuen buruzagi ohiari, eta haren defentsak helegitea jarri zion sententziari. Orain, tribunalak atzera bota du errekurtsoa, eta sententzia berretsi, argudioen artean hau emanez: estatu terrorismoaren urte haietan «herritar zibilen kontra egindako eraso sistematikoen parte» izan zirela sexu delituak.
Kasazio Ganberaren arabera, Acostak, zerbitzu sekretuen buru gisa, «parte izan zuen, inoiz omisioz izan bazen ere, atxilotuen integritate sexualari egin zizkioten kalteetan eta haien sufrimendu fisiko eta psikikoan». Epaileen ustez, «genero ikuspegitik begiratuta ulertu beharra dago biktimen azpiratze eta esposizio egoera hura, ikuspegi horrek modua ematen baitu ohartzeko akusatuak doloz jardun zuela biktimen integritate sexualari egin zitzaion laidoan».
«Buenos Airesko probintziako kausak aztertuta, 2011ko Campo de Mayo VII delako epaiketan aurkitu nuen lehen aldiz sexu delituak instrukziorako onartuak izateko eskaera bat», kontatu du Memoriaren Aldeko Probintzia Batzordeko ikertaldeko kide batek, Julia Aranetak. «Sexu delitua bereiz epaitzea dakar horrek», azaldu du. Orain arte, sexu abusuak «tormentutzat» jo izan dira, oro har, eta gai orokorragoen barruan lausotuta geratu. «Campo de Mayo auziko epaia 2020an eman zuten», esan du Aranetak. Ordurako, Argentinan asko aurreratua zen genero politiketan, eta hori, jakina, legearen esparruan ere islatu zen. Alde horretatik, «nabarmendu beharreko beste kasu bat Brigadas izenekoa da: aurtengo martxoan, emakume bat abortatzera behartzeagatik zigortu zituzten genozida batzuk».
«'Brigadas' kasuan, aurtengo martxoan, andre bat abortatzera behartzeagatik zigortu zituzten genozida batzuk»
JULIA ARANETAMemoriaren Aldeko Probintzia Batzordeko kidea
Emakumeei eta gizonei egin zizkieten sexu erasoak, baina batez ere emakumeek salatu dituzte; LGTB kolektibokoek ere, ordea, salatu dute beren kasuak ikusezin egon direla, eta azkenaldian gero eta ozenago entzun da haien ahotsa. Egia da biktimen kontakizunak ez duela oihartzun handirik izan esparru judizialean, eta horrek hitz egiteko gogoa kendu die biktima askori, baina, memoria, egia eta justizia prozesuak aurrera segitzen duen honetan, biktimak entzuteko, sostengatzeko eta erreparazioa emateko bestelako esparru batzuk sortu dira, modua eman dutenak, gainera, ikerketek beste bide batzuetatik aurrera egin zezaten.
Hala, kontakizuna ez da oinarritu epaiketetako deklarazioetan soilik, baizik eta baita ikerketa akademiko eta dokumentaletan eta kazetaritza ikerketetan ere. Denen artean frogak aurkeztu, eta modu kolektiboan ongarritu dute memoria. Material hori dena erabiltzeko, dena den, zain egon behar izan dute, denbora behar izan baita, batetik, Argentinako diktaduraren ondorengo berreraikitze prozesuak bere bidea egin zezan, eta, bestetik, genero politikek aurrera egin zezaten.
Biktima gehienek esan dute nolabaiteko sexu erasoren bat egin zietela segurtasun indarrek: bortxatu egin zituzten, abusuak egin, bortxatzeko mehatxuak egin, haurdun utzi, abortatzera behartu, sexualki jazarri, sexu esklabo izatera behartu, bortxaz antzutu, biluztera behartu… Eta, zehazki emakumeei dagokienez, batzuk preso zeudela erditzera behartu zituzten, eta zenbaiti haurrak kendu eta beretzat hartu zituzten.
Estatuaren «denborak»
Margarita Cruz —71 urte— Atxilotu Desagerrarazi Ohien Elkarteko kidea da. Tucumanen bahituta eduki zuten, eta, beste askok bezala, diktadurako kontzentrazio esparruan gertatutakoaren lekukotza eman izan du. «Elkartekoontzat, genozidio delituen parte bat dira sexu delituak, eta ontzat jotzen dugu delitu autonomo gisa hartzea. Berez, botere judizialaren kontua da delituak kategoriatan bereiztea. Guk beti jotzen ditugu sexu delitutzat, gauza asko sartzen baitira hor: biluzaraztetik hasi eta bortxatzeraino». Aipatu zaionean itxaron egin behar izan dela delitu horiek gizadiaren kontrako krimentzat joak izateko, eta aurrerabide hori lotuta egon dela genero politiken aurrerabidearekin, Cruzek ñabardura bat egin du: «Botere judizialaren eta estatuaren denborak dira horiek; sektore judizialek hala egin baino askoz lehenago jo genituen guk delitu autonomotzat».
«Elkartekoontzat, genozidio delituen parte bat dira sexu delituak, eta ontzat jotzen dugu delitu autonomo gisa hartzea»
MARGARITA CRUZAtxilotu Desagerrarazi Ohien Elkarteko kidea
2019an, Gizadiaren Kontrako Krimenen Prokuradoretzak jakinarazi zuen ezen, gizadiaren kontrako delituengatik zigortutako 892 pertsonetatik, 98 soilik zigortu zituztela sexu delituengatik: 95 gizon eta hiru emakume. Alegia: epaien %12tan bakarrik ageri dira halako delituak. Sexu erasoen helburua, zigortzea, umiliatzea eta gizatasuna kentzea ez ezik, garai hartako arauen kontra jokatzen zuten emakumeak diziplinatzea ere bazen, hau da, historian emakumeei ezarri zaizkien rolei erronka jo eta aktibista eta gerrillari gisa jarduten zuten emakumeak diziplinatzea.