Diktadura guztiz lurperatzea xede

Michelle Bacheletek hartu du Txileko presidente kargua, bigarrengoz: oraingoan, gizarteko beharrak izango ditu lehentasun1980tik indarrean den konstituzioa ordezkatzea izango da erronka zailena

Samara Velte.
2014ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hasi da Michelle Bacheleten bigarren aroa Txileko presidentetzan. Atzo egin zuen karguaren zina Valparaison, Kongresuaren aurrean. 2010ean agintea utzi zuenean, Txilen agintari batek sekula izandako onarpen maila handienetakoa zeukan, eta oraingoan ere babes zabala dauka. Txileko erdiko klase aurrerakoiaren kuttuna da Bachelet, eta Latinoamerikako gobernu sozialdemokraten zein atzerriko enpresen onespena dauka aldi berean. Sebastian Piñeraren gobernu eskuindarra ordezkatuko du, eta oraingoz bere alde erabili ditu haren aurka lehertutako protesta eta eskaera sozialak. Hauteskunde kanpainako promesa handiek garaipen erosoa ekarri zioten abenduko bozetan: botoen %62rekin garaitu zuen Evelyn Matthei, eskuin tradizionalaren hautagaia. Oraingoan, gainera, Alderdi Komunista ere batu zaio Bacheleten aldeko koalizioari, eta gehiengoa du Kongresuan; agindutako neurriak indarrean jartzeko oztopoak gutxienekoak dira, beraz.

Aurreko agintaldian Latinoamerikako beste gobernuekin harremanak sendotzea izan zen Bacheleten lehentasuna. Oraingoan, gizarteko beharrei heldu beharko die, asmo handiko hauteskunde programa bete nahi baldin badu. Hiru dira derrigor landu beharreko gaiak: hezkuntza, zerga sistema eta konstituzioaren erreforma. Hiru promesa, eta haien atzean, diktaduraz geroztiko aldaketa sakonenak. Izan ere, Txileko zentro-ezkerrari egozten dizkioten oker larrienetakoa da Augusto Pinocheten garaiko egitura ekonomiko eta sozialak iraunaraztea: urteotan guztiotan, politika neoliberal berberei eutsi die gobernuak, oinarrizko zerbitzu gehienak pribatizatuz eta aberatsenen eta pobreenen arteko amildegia leuntzeko neurri handirik hartu gabe. Ondorioz, Txilek erdiko klase zabal baina prekarioa du, Latinoamerikako buruko BPG handiena izan arren.

Hori aldatu nahi du Bacheletek, edo hala adierazi du, behinik behin, presidentetzara heltzeko norgehiagokan. «Ingurumenaren zaintzan, langileekiko errespetuan, haurren babesean, osasun zerbitzuan eta garapen ekonomikoan ditugun gabeziekin, ezin dugu geure burua herrialde garatutzat jo». Goi mailako hezkuntzan erreforma sakona iragarri du, doakoa izan dadin diru sarrera gutxien duten ikasleentzat —herritar guztien %70 ingururi eragingo lioke neurriak—. Inbertsio horiek finantzatzeko, zergak %20tik %25era igo asmo dizkie enpresei. Horrez gain, hainbat helburu zehatz zerrendatu ditu gobernuko lehen ehun egunetan betetzeko; besteak beste, Emakumeen Gaietarako Ministerio bat eta Indigenen Gaietarako beste bat sortzea, baita sendagaien funts nazional bat ere, osasun publikoa indartzeko.

Baina erronka handiena hirugarren promesa izango da: konstituzio berria idaztea. Pinochetek 1980an indarrean jarritako testua mugitu ezinezko elefantea izan da azken hogei urteotan Santiagoko gobernuarentzat; Latinoamerikan, diktadura eraitsi arren haren konstituzioa mantendu duen herrialde bakarra da Txile. Bacheletek ere ez du zehaztu oraindik nola gauzatuko duen asmo hori: besteak beste, batzorde konstituziogile bat izendatzea eta testu berria herri bozketa bidez onartzea proposatu izan du.

Bestalde, Piñeraren gobernuan ahuldutako harreman diplomatikoak berpizteko asmoa agertu du, batez ere CELAC Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoa eta Unasur Hego Amerikako Herrialdeen Batasuna osatzen duten herrialdeekin. Azken egunotan mundu osoko hogeitik gora gobernutako ordezkarirekin bildu da. Haietako asko ikusle izan ziren atzoko ekitaldian, besteak beste, Brasil, Bolivia, Argentina, Uruguai, Kolonbia, Peru eta Ekuadorko estatuburuak, baina baita Kolonbiako, AEBetako eta Europako Batasuneko ordezkariak ere. «Orain, Hego Amerikak hiru emakumezko presidente ditu», nabarmendu zuen Rafael Correa Ekuadorko presidenteak: «Dilma Rousseff, Cristina Fernandez Kirchner eta Michelle Bachelet daude Hego Amerikako hiru ekonomia nagusien buru [Brasil, Argentina eta Txile]. Aro aldaketa nagusi horretan bizi da gure Amerika».

Eskuinari kritikak

Piñerak protokolo guztiak beteta utzi dio lekua Bacheleti: «Gu lanean aritu gara azken urteotan, eta ahalegin hori islatzen duen proposamen bat utzi diegu herrialdeari eta gobernu berriari. Presidenteak hari heltzen dion edo ez bere erabakia da, noski». La Tercera egunkariari emandako elkarrizketa batean, joan den agintaldiko hazkunde ekonomikoa nabarmendu du —Piñeraren arabera, urtero %5,4koa izan da batez beste—, eta zalantzak agertu ditu Bacheleten asmoen inguruan: «Iragarri al du hazkunderako helbururik? Entzun dugun bakarra zergetako aldaketa, batzorde konstituziogilea eta hezkuntzako erreforma izan da. Baina hori ez da nahikoa herrialde bat gobernatzeko». Kargua utzi arren, presidente ohiak politikagintzan jarraitzeko asmoa du, 2017ko bozetara begira: «Ez naiz enpresa mundura itzuliko».

Diktadura erori zenetik, eskuin tradizionalak agindu duen gobernu bakarra izan da Piñerarena, eta haren alderdiko sektore batek ez dio barkatu galera. «Hiru hauteskunde alde ikaragarriz galdu dituen lehenengo gobernua da: udaletakoak, parlamentukoak eta presidentetzakoak», errieta egin du Manuel Ossandon senatariak: «Hausnartu beharra daukagu. Herrialdea hobeto dago, baina eskuina, erabat suntsituta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.