Evo Morales. Boliviako presidente ohia

«Diktadura da pandemiarik okerrena»

MASeko buruak argi du AEBen eta eskuineko alderdien arteko elkarlanarengatik kendu zutela bera boteretik, baina uste du iraileko bozak irabaziko dituztela eta egoera irauliko dutela.

JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Evo Morales Ayma Boliviako presidente izan zen 2006ko urtarrilaren 22tik 2019ko azaroaren 10era; orduan kargua uztera behartu zuten, eta babesa bilatzera, lehenik Mexikon eta ondoren Argentinan. Han bizi da gaur egun. Urriaren 20ko hauteskundeetan iruzur egitea leporatu zioten MAS Sozialismorako Mugimenduari, Morales buru zuela. Herritarren %62,2 indigenak diren herrialde horretan, Morales izan zen lehen presidente indigena. Hura agintean egon zen bitartean, muturreko pobreziak %39 egin zuen behera 2005ean, eta %18 2013an. Telefonoz aritu da BERRIArekin, konfinamenduaren ondorioz ezinezkoa izan delako aurrez aurre elkartzea. Moralesek azaldu du haren kontrako kolpea nola prestatu zuten, eta AEE Amerikako Estatuen Erakundeak eta AEBek nola esku hartu zuten; bere bizitza Buenos Airesen nolakoa den ere kontatu du, eta zer-nolakoak izango diren irailaren 6ko bozetan lortuko dituzten emaitzak.

 



 

Zortzi hilabete igaro dira kargua uztera behartu zintuztenetik; zer balorazio egiten diozu tarte honi?

Azaroaren 8an, kolpea baino bi egun lehenago, Polizia mutinatu egin zen erabat, eta niri jazartzen eta armadako segurtasun taldeei dirua eskaintzen hasi zen. Azken egunetan, nik dimisioa ematea eskatu zuten Indar Armatuek ere, eta, odol gehiago isur ez zedin, dimisioa eman behar izan nuen. Nire presidentetzan bi pertsona hil ziren, baina ez Poliziak edo armadak eraginda, Montero eta Santa Cruz hirietan izandako borroketan baizik. Bizitzarako eskubidea beste ezein eskubide baino garrantzitsuagoa da, eta nik beti galdegin nien Poliziari eta armadari ez zitzatela armak erabili herritarren kontra. Baina, tamalez, esan behar dut Estatu Batuetako politiketara itzultzen ari direla eta, segurtasun nazionalaren izenean, etsaitzat jotzen dituztela mugimendu sozialak eta, batez ere, mugimendu indigenak. Dagoeneko zortzi hilabete igaro dira estatu kolpea izan zenetik, eta tarte horretan ekonomia hondoratu egin da, pandemia bat sortu da, eta [Boliviako presidente Jeanine] Añezen, [Creemos koalizioko kide Luis Fernando] Camachoren eta [presidente ohi Carlos] Mesaren diktadura ezarri dute.

Duela egun batzuk The New York Times-ek argitaratutako artikulu batean, Pennsylvaniako Unibertsitateak egindako ikerketa bat aipatzen zen, eta, haren arabera, ez zen iruzurrik egin 2019ko hauteskundeetan.

Boliviako goi ordokietako aimara jatorriko familia xume batetik nator, eta nire familiak eta ayllu komunitateek erakutsi zidaten gezurrik ez esaten, ez lapurtzen eta alferra ez izaten. Inoiz ez zitzaidan bururatuko hauteskundeak irabazteko iruzur egitea, sekula ere ez. Ez dut unibertsitateko ikasketarik, eta uneren batean nire buruari galdetu nion nola iritsiko nintzen presidentetzara. Ez da erraza izan horraino iristea, eta, iritsi banaiz, zintzo jokatuz eta egia esanez iritsi naiz. Iker nazatela; nik neuk eskatu nuen lehenik instituzioak ikertzeko, horiek edonoren esku egonda ere. Hori esan nuenean, eskuineko alderdiak aurka agertu ziren, bazekitelako galtzen aterako zirela. Bestetik, bilera pribatu bat egin zuten AEEk eta Tuto Quiroga AEBetako ordezkari eta Hugo Banzerren diktadura garaian presidenteorde izandakoak (1971-1978), eta iruzurra bultzatzea adostu zuten.

Baditut, gutxienez, Europako eta Latinoamerikako zenbait unibertsitate eta instituziok egindako sei ikerketa esaten dutenak ez zela iruzurrik egin, eta eskatzen dutenak AEBetako Kongresua eta AEE iker ditzatela; kaltea egina dago, eta ez dakit Luis Almagro eta AEEko haren jarraitzaileak Nazioarteko Zigor Auzitegira eraman beharko liratekeen, baina honek ezin du horrela geratu.

Nondik sortu zen MAS Sozialismorako Mugimendua?

Mugimendu indigenaren sektore umilatu, utzi eta baztertuenetik jaio zen indar politiko bat da MAS. AEBen aginduz, Hauteskunde Batzordeak ez zizkigun inoiz onartu siglak; ez 1995ean, ez 1997an, ez 1999an, eta ez 2002an. Hala ere, denbora gutxian erakutsi genuen Boliviak etorkizun handia duela.

Ikasle nintzela, Lamento boliviano abestera behartzen gintuzten, eta Pueblo enfermo irakurtzera ere bai, guztiok pentsa genezan indiarren errua zela Bolivia garatu ez izana. Guk, tarte txikian, frogatu genuen bideragarria zela kapitalismoa ez zen beste eredu ekonomiko bat, eta Bolivia haz zitekeela NDF [Nazioarteko Diru Funtsa] gabe. Gobernuan egondako hamalau urteetatik seitan Bolivia izan zen eskualdean gehien hazi zen herrialdea; besteak beste, estatuaren ekoizpen sistema zabaltzea lortu genuelako.

Alvaro Garcia Linera presidenteorde ohia kezkatuta agertu da zuen gobernuari esker erosahalmena eskuratu zuten erdi mailako klaseko hainbat kidek kontzientzia politikorik gabe jokatu dutelako.

Gure kudeaketak iraun zuen artean, hiru milioi boliviar igaro ziren erdiko klasera. Aldiz, datuek erakusten dute orain herritarren %3,5 erdiko klasetik beheko klasera igaroko direla, eta horrek harritu egin nau. Klase ertain berri horrek ez du kontzientzia politiko handirik, ezta ideologikorik ere, baina orain ohartzen dira nola bizitzen den eskuina agintean denean, diktadura batean, eta atsekabetuta eta haserre sentitzen dira. Hori da gaur egun dugun abantaila nagusia.

Presidentetzan ikasi nuen beharrezkoa dela elikagaia, argia eta ura bermatuko dituen eredu ekonomiko bat bultzatzea, herria lasai egon dadin. Baina ez ditugu falta izan indiar batek Bolivia alda dezakeela ikusi nahi ez duten arrazistak. Gringoek indiarren aurka jotako kolpe bat izan da, AEBek zuzenean hartu baitute parte. AEBek onartu ez zuten beste gauza bat izan zen Garcia Linera presidenteordearekin hartu genuen erabakia, litioaren industrializazioa nazionalizatzearena. [AEBetako presidente Donald] Trumpen alderdi berekoa den Richard Bank kongresistak aitortu zuen hori. Litioa pribatizatu eta eramateko ahaleginetan ari dira. Historia errepikatzen ari da beste behin, bizi izan ditugun estatu kolpe eta esku hartze militarrekin.

Uste duzu Boliviako kolpeak eta Txileren militarizazioak aro aldaketa bat erakusten dutela?

AEBek diru asko ordaindu zieten eta ordaintzen diete militarrei. Iazko abuztuaren 17an, armadaren urteurrenean, Kaliman Romero armadaburuak «indar antiinperialistak» aipatzen zituen, oraindik aldaketa prozesu batean zeudenean, baina berehala aldatu zuten jarrera. 14 urteko agintaldian hiru estatu kolperi eutsi genien; beraz, harrigarria iruditzen zait AEBek kolpe hau finantzatu zuten modua.

Zuk salatu zenuen elkarrizketa batean, dimisioa eman eta ordu gutxira, eskuineko ekintzaile Waldo Albarracinek bilera bat izan zuela Carlos Mesaren eta Fernando Camachoren ingurukoekin, Eliza katolikoarekin, Brasilgo enbaxadorearekin eta EBkoarekin, eta han erabaki zutela Añez izatea presidentea.

Nik azaroaren 10eko 17:30etan eman nuen dimisioa, eta, harrigarria bada ere, Giza Eskubideen Batzar Iraunkorreko buru eta ararteko izan zen Waldo Albarracin egun horretako 18:30etarako bildua zen Mesaren eta Camachoren jendearekin, eta proposatua zien Añez izatea presidente berria, nahiz eta erabakia azkenean hurrengo egunean hartu zen. Urriaren 21ean, hauteskundeak galdu ostean, iruzurraren aurka kalera irteteko eskatu zuen Carlos Mesak, eta egun horretan Sucre eta Potosi departamentuetako auzitegiak erre zituzten, bozekin lotutako dokumentuak desagerrarazteko asmoz, nahiz eta azkenean ez zuten lortu. Orotara, departamentuetako sei instituzio erre zituzten, eta era horretan hasi zuten kolpea.

Nola ari dira kudeatzen pandemia Bolivian? La Paz eta El Alto militarizatu egin zituzten kolpearen ostean…

Hau da munduko herrialde bakarra non diktadurak tankeekin eta armekin egiten dien aurre herritarren osasun eskariei. Diktadura da daukagun pandemiarik okerrena. Gosez eta eraginkortasunik ezaz hiltzen gaituzte. Alor ekonomikoa ustelkeriarekin eta nepotismoarekin kudeatzen dute. Duela egun batzuk, AEBetara egin zuten ihes Añezen bi semek eta haren suhiak, ikerketa batzorde batek deitu zituenean. Bestetik, NDFren menpe jarri dute herrialdea, zeinak gutxienezko estatu bat duen helburu. Kultura Ministerioa itxi dute, eta herriari memoria eta historia kendu nahi dizkiote.

Irailaren 6rako jarri dute hauteskundeetarako eguna. Nola ari zarete prestatzen?

AEBetako ildo politikoak nahi du bozak epemugarik gabe etetea; helburu horrekin indargabetu zuten estatu aniztasuna bermatzen duen konstituzioa, eta 1994ko konstituzioa berrezarri zuten; horrek estatu koloniala babesten du, eta MAS legez kanporatzen. Ez dituzte hauteskundeak nahi badakitelako irabazi egingo ditugula eta historikoak izango direla. Egiaren alde ari gara lanean, herriaren eta demokraziaren alde, eta askatasunaren proiektua ordezkatzen dugu.

Nola bizi zara Bueno Airesen?

Alvaro lagunarekin harremanetan nago. Enbaxadan dauden lankideekin ere harremanetan nago, eta baita errefuxiatu eta iheslari politikoekin ere. Komunitate boliviarrarekin ere harreman estua dut; hauteskunde erroldaren zati garrantzitsua dira. Konfinamendua hasi baino lehen, gure alde dauden 350 ordezkarirekin bidu ginen; Bolivian botoen %49 lortuko bagenu, eta Argentinan %2, irabazi egingo genuke.

Zer aliantza dituzue eskualde mailan?

[Brasilgo presidente ohi Luiz Inacio da Silva] Lula, [Venezuelako Hugo] Chavez, [Argentinako Nestor eta Cristina Fernandez de] Kirchner eta [Ekuadorko Rafael] Correaren garaietan, Latinoamerika eta Karibea integrazio garai garrantzitsuan zegoen, baina gero kolpea etorri zen, eta integrazio prozesuak suntsitzen hasi ziren. Ozeano Bareko Aliantzako herrialde kideak otzanak dira AEBekiko. Trumpen asmoa da Washingtonekin adostutako politiketara edo Ameriketako Merkataritza Librerako Esparrura itzultzea, baina herriek ez dute halakorik onartzen. Brasilgo, Txileko eta Ekuadorko presidenteek ematen duten irudia oso txarra da. Denbora kontua da herrien esanetara dauden gobernuak berreskuratzea eta AEBen aginduak betetzen dituztenak desagertzea.

Nola dago Latinoamerika?

Kolonbiako, Txileko eta, batez ere, Brasilgo egoera oso konplexua da. AEBek Kubaren, Venezuelaren eta Nikaraguaren aurka egindako etengabeko erasoek ez dute gizatasunik. Pandemiarekin, bertan behera utzi zitzaketen zigorrak eta blokeoak, baina ez dute hori egin. Harro nago Venezuelako chavisten eta bolivartarren borrokaz, egoera ekonomikoari aurre eginez eusten diotelako, eta errespetatzen ditut Maduro lagunaren erabakiak. Limako Taldetik edo Ozeano Bareko Aliantzatik guri erasotzen saiatzen dira, baina ezin dute, indarkeriaren eta mehatxuen gainetik daudelako gure duintasuna, independentzia eta subiranotasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.