Berlingo Kosmos aretoa batez ere jarraitzaile gaztez bete ondoren, irribarretsu eta itxaropentsu azaldu da Ines Schwerdtner (Werdau, Alemania, 1989). Die Linkeko buruetako bat da, Jan van Akenekin batera.
Inkestek diote indar handia hartu duzuela kanpainaren azken asteetan.
Hasieran uste genuen barrutietako aulkiei esker sartu ahalko ginela Bundestagen, eta emaitzak oso estuak izango zirela, baina ez nuen amestu ere egiten halako zirrara olatu bat sortzearekin.
Harritu al zarete?
Tira, lan asko egin dugu, eta ate joka ibiltzea izan da gure estrategia. 100.000 ate jo nahi genituen, eta 550.000 jo ditugu Alemania osoan. Sare sozialetan ere indar handia egin dugu, eta jendearentzat garrantzitsuak ziren gaiei buruz aritu gara kanpainan. Baina estrategia gorabehera, egia da zortea ere izan dugula: kontserbadoreek hanka sartze handia egin zuten faxistekin batera botoa emanda, eta horrek sortutako haserrea baliatu dugu. Beste alderdiek epelago erantzun dute.
CDU AfDrekin goxo ibiltzeari zor diozue suspertzea...
Bai. Eskuin muturraren inguruko babes hesia hautsi zuen CDUk. Lehen aldiz Bigarren Mundu Gerraz geroztik, alderdi demokratiko batek eskuin muturrarekin lan egin du parlamentu federalean. Behin hesia puskatuz gero, badakigu behin eta berriro puskatu daitekeela.
Ikusi gehiago
Mitinean parte hartu duten gehienak gazteak izan dira. Berria al da hori?
Erabat. Europako hauteskundeetan gazteak liberalen eta eskuin muturraren alde eman zuten botoa, eta jendeak esaten zuen gazteria galduta zegoela, eskuinerantz jo zuela. Baina joera hori hausteko gai izan gara, sare sozialetan oso aktibo izanez eta haiekin identifikatutako hautagaiekin, Heidi Reichinnekekin, nirekin... Nik uste dut antzeko zerbaiten esperoan zeudela, ezkerreko alderdi sendo bat behar zutela, eta hor izan gara gu.
Noraino iritsi da olatu hori?
Galdera ona da hori. Ia 90.000 kide ditugu orain, eta 100.000 kideren langa igaro dezakegu hauteskunde gauean. Geure erronka da alderdi berri hau eraikitzea 40.000 kide berriekin batera. Agindu dugu kanpainarekin jarraituko dugula, agian ez hainbesteko indarrarekin, ezinezkoa baita, baina urtero 100.000 ate joko ditugu, eta eskatzen diguten horren alde borrokatuko gara, auzoetan, lantegietan... Sozialdemokratak edo berdeak koalizioan sartzen badira CDUrekin, ahal bezain estu hartuko ditugu.
Uste al duzu orain gai izan zaretela ahots bakarrarekin hitz egiteko?
Bai. Askotariko ahotsak ikusi dituzu mitinean, baina talde gisa funtzionatzen ari gara, eta horrek mesede egiten digu.
Ekialdeko azken hauteskundeetan galdutako boto emaileak berreskuratzeko gai izango al zarete, batez ere zuen indarguneetan?
Hori da asmoa. Horregatik naiz ni hautagaia Ekialdeko Berlinen. Indartsuak garen barrutiak defendatu nahi ditugu, Erfurten, Leipzigen... Leku horietan gehiengoa izaten genuen lehen, eta ez ditugu AfDren esku utzi nahi. Horietan irabazten badugu, Alemania osorako estrategia bat landu ahal izango dugu. Faxistak lur jota uztea ederra izango litzateke.
BSWra joandakoak ere berreskuratu al dituzue? Oso urrunekoak dirudite zuen pentsamoldeek...
Immigrazioari dagokionez, bai, baina gertuago gabiltza gastu sozialeko kontuetan, bakean eta negoziazioan... Jende askorekin hitz egin dut, eta bueltatuko direla esan didate batzuek. Interesgarria izango da ikustea gai ote garen eremu politiko desberdinetan arrantzatzeko.