Hauteskunde bezperako gauak ezberdinak izaten dira Venezuelan. Petardoek, koheteek, botoa eskatzen duten autoetako bozgorailuek, eta 04:30eko diana joaldiek zabaltzen dituzte hauteslekuak duela urte batzuetatik, jende guztia goiz-goiz esnatu, kalera atera eta bozkatzera joateko. Herritar asko botoa eman gabe geratzen ziren urteak haiek. Hori dagoeneko ez da gertatzen: herritartasuna eta antolatzeko gaitasuna izugarri hazi dira, baina diana joaldia tradizio bat bezala geratu da. Bai edo bai esnatzen zara. Horregatik eguneko lehen orduetatik bozkatzeko eskoletan -herri osoan 15.000 baino gehiago-, ilarak zeuden eguneko lehen orduetatik: «Goazen, bada, Jose Felix garaipenean bezala: Beharrezkoa da irabaztea! Irabaziko dugu!», esan zuen presidenteak bere lehen Twitterrean.
PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko legebiltzarkide bat armadako kideen ondoan dago ilaran: «Iraultzaileok ilaran zain egon behar dugu; joan dira pribilejioen garaiak», dio Xiomara Jimenez hiriburuko laugarren barrutiko ordezkariak, irribarrea ahoan. Henry Falco PPT Aberria Denontzat alderdiko kidea kexu da bozkatzera doan eskola ondoan eguzkiaz babesteko estalki gorriak ipini dituztelako. Gainerakoan, eguna lasai doa, eta ez da apenas istilurik izan.
Caracasko metroa gaur doan da, herritarrak bozkatzera joan daitezen errazteko. Jendea paseatzen ari da, solasean, Caracasen dauden parkeetan. «Hauteskunde Batzorde Nazionaleko koordinatzaile guztiak Chavezen aldekoak dira», esan du Petare auzoko oposizioaren lekuko batek, arbitroaren inpartzialtasun eza beti bezala salatzeko.
Chavezen botoa
Eguerdiko 13:00etan, Chavez presidenteak -banderaren koloreak daramatzan kirol jantzia soinean-, hatza tintan busti du Urtarrilaren 23a hiriburuko auzoan, jarraitzaileez inguratuta. «Orain jende guztiak badaki botoa errespetatu egiten dela; munduko hauteskunde sistema aurrerakoi, garbi eta gardenena dugu, onena, eta herri heldu eta parte-hartzaile bat. A ze diktadura Chavezena!», oihu egin du mandatariak, 11 urtean egin dituzten hamalau hauteskunde hitzorduez ari dela.
«Irakurri dut Ekuadorren herritar bat sinadurak biltzen ari dela [Rafael] Correa ateratzeko, baina hemen bota nahi banaute botoak jaso ditzatela; ez espero hiltzen duten paramilitarrik, ez itxaron tximista batek zati nazan. Hau demokrazia parte-hartzailea da, herriaren boterea».
16:00etan PSUVko militante gazteek prentsaurrekoa eman dute mahai tzar batean eserita, denak gorri-gorri jantzita. Bi ordu falta dira hauteslekuak ixteko, baina jada mezu euforikoak entzuten dira. Ofizialismoaren aldeko militante guztiei nabari zaie poztasun neurritsu eta itoa. Batzuek hitzezko koheteak jaurti dituzte garaia baino lehen: «115 diputatutik gora izango ditugu», komentatu du emakume batek Bolivar plazan. PSUVko gazteek esperantza hori azaldu dute. MUD oposizioko aliantzako bozeramaileen aurpegiak, berriz, luzeak dira. 18:00etara gerturatzen ari gara, eta orduak beharko dira behin betiko emaitzak jakiteko, baina jada garaipenak argia dirudi.
Diana, garaipen egunerako
Hauteskunde egunean goiz-goizetik ilarak sortu dira eskoletan, eta ez da aparteko iskanbilarik izan; Chavezen aldekoen poztasuna nabaria da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu