Badakar berritasunik aurtengo Diadako mobilizazioak. Zeren, 2016koa bezala, gaurkoa ere deszentralizatua izango da, eta Kataluniako bost tokitan egingo dituzte manifestazioak, 16:00etan hasita: Gironan, Bartzelonan, Lleidan, Tarragonan eta Tortosan. Antolatzaileen esanetan, horietan salatuko dituzte Espainiako Estatuaren barruan egoteagatik Kataluniak pairatzen dituen «bidegabekeriak», zeinak lotuta dauden jasaten duen «espoliatzearekin».
Eta bada beste berritasun bat. ANC Biltzar Nazional Katalana hasi zen, 2011n, Kataluniako egun nazionalean mobilizazioak egiten, eta orduz geroztiko guztiak antolatu ditu, horretarako beste entitate sozial batzuen laguntza eduki duen arren. Aurten, aldiz, elkarrekin antolatu dute ANCk, Omnium Culturalek, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak eta Errepublikako Kontseiluak, besteak beste.
Antolatzaileen arabera, Gironan salatuko dute osasun sistemaren «narriadura», baliabide eskasiarengatik. Bartzelonan erakutsiko dute lotura zuzena dagoela inbertsio faltaren eta etxebizitza sektorearen bueltan dagoen «krisi larriaren» artean —Garaipen arkuaren bueltan egingo dute— . Tarragonan, zerga espolioari egotziko diote aldiriko trenen «kolapsoa»; oro har, azpiegiturena. Lleidan erakutsiko dute, hain zuzen, «soilik» independentzia lortuta jokatu ahal izango dela «modu justu batean» nekazariekin. Eta Tortosan seinalatuko dute zerga espolioak areagotu egiten duela baliabide hidrikoen «kudeaketa txarra».