Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Desplazatuentzako epe luzerako laguntza eskatu du Gurutze Gorriak

Turkia prest agertu da Siria iparralderako bi pasabide zabaltzeko, baina ez PKK-k eta YPGk kontrolatutako eremuetara. Astebetean 36.000 hildako zenbatu dituzte Turkian, Kurdistanen eta Sirian. Erreskate planak amaitzear daudela ohartarazi du NBEk.

Biktimen senideak eraikin bateko hondakinen ondoan zain,  Kahramanmarasen, Kurdistanen. TOLGA BOZOGLU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko otsailaren 13a
11:02
Entzun

Aste bat igaro da bi lurrikarek inoizko hondamendi handienetako bat eragin zutenetik Ekialde Hurbilean, eta erreskate lanak amaitzear dituzte. Zenbaketa ofiziala 36.000 hildakora heldu da, baina NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi zuen asteburuan 50.000ra iritsiko dela. Bizirik irten direnei aterpea eta giza laguntza ematea da orain lehentasuna; izan ere, milioika dira desplazatutakoak.

Lehen egunetan, hondakinen artean bizirik geratutakoak erreskatatzea izan da lehentasuna, baita zaurituak artatzea eta etxerik gabe geratutakoei behin-behineko aterpea eskaintzea ere. Egunek aurrera egin ahala, ordea, agerian geratzen hasi da hondamendiaren norainokoa. Gurutze Gorriak eta Ilargi Gorriak ohartarazi dute epe luzerako laguntza beharko dela eskualdean. «Sarraskia erabatekoa da. Eskolak, etxeak, erietxeak eta bestelako eraikinak suntsituta daude. Milaka dira desagertuta edo hondakin artean harrapatuta daudenak, eta jendea bizirik ateratzeko denbora amaitzen ari da», azaldu du Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Federazioko idazkari nagusi Jagan Chapagainek.

Hala ere, egoera ez da bera eskualde guztietan. Turkiako AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiak kudeatutako lurraldeetara lehen egunetan heldu da giza laguntza; ez, ordea, oposizioak kudeatutakoetara. Arazoa are okerragoa da Siria ipar-mendebaldean. Han, gerra hasi zenetik, pasabide bakarra dago zabalik, eta, ondorioz, giza laguntza apenas heldu den azken astean. AEBetako Gobernuak eskatu dio nazioarteari ireki ditzala pasabide gehiago.

Une honetan soilik Bab al-Hawako pasabidea dago zabalik, Turkia eta Idlib eskualdea lotzen dituena. NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen bati esker, nazioarteko konboiak bertatik igaro daitezke. AEBetako enbaxadore Linda Thomas-Greenfieldek beste bi pasabide irekitzeko eskatu zuen atzo.

Berez, Segurtasun Kontseiluaren ebazpenik ez litzateke behar Siriako presidente Baxar al-Assadek pasabide gehiago zabaltzea onartuko balu, baina Damaskok esan du gaur-gaurkoz laguntza oro bere eskuetatik igaro behar duela. NBEk baliatu izan ditu Siriatik bertatik doazen bidean laguntza banatu ahal izateko, baina ibilgailuek gerra frontea gurutzatu behar izaten dute iparraldera heltzeko, eta horrek moteldu egiten du bidea.

Damaskoren arabera, ordea, berak kudeatu beharko luke nazioarteko laguntza, eta horretarako «nahitaezkoa» da gerra dela medio jarritako zigorrak kentzea. Hala zehaztu du Siriako Atzerri ministro Faisal al-Miqdadek NBEko ordezkari berezi Geir Pedersenekin izandako bileraren ostean: «Beharrrezkoa da azken hamarkadan banakoen eta erakundeen aurka jarritako zigor neurri guztiak kentzea». Al-Miqdaden esanetan, Al-Baxarren gobernua prest legoke laguntza banatzeko, baita oposizioaren kontrolpeko eremuetan ere.

Turkia bai, prest agertu da beste bi pasabide zabaltzeko Siria iparraldera, baina ez PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren eta YPG gerrilla kurduaren kontrolpean dauden eremuetara, Kilis eskualdera baizik. «Eztabaidatik kanpo dago Turkiak PKK-k eta YPGk kontrolatutako eremuetarako pasabideak zabaltzeko aukera», zehaztu du Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk —Ankararentzat, terroristak dira bi erakunde horiek—.

Bien bitartean, hasiak dira laguntza konboiak oposizioak kontrolatutako Siria ipar-mendebaldera iristen. Asteburuan NBEren 52 ibilgailu heldu dira. Gaur beste sei espero dituzte.

Erantzun «motela»

Turkian egoera ez da askoz hobea, batez ere Kurdistanen eta oposizioak kudeatutako eremuetan. Ankarak gezurtatu egin ditu bere aurkako kritikak, esanez «oso zaila» dela zenbait ingurutara iristea; besteak beste, aireportuak itxita daudelako. Horrez gain, adituek ohartarazi dute lurrikara arriskua dagoela oraindik inguru askotan.

Hiri askotan etxerik gabe geratu den jendea haserre dago gobernuarekin, uste dutelako eraikuntza enpresek ez dituztela bete segurtasun neurriak. «Gezurti hutsak dira eraikuntza enpresak. Itxura ederreko eraikinak egiten dituzte, baina kalitate txarrekoak», salatu dio 61 urteko Serizan Agbas jostunak Al Jazeera telebista kateari. Bere denda zegoen eraikina duela 30 urtekoa da, baina lurrikarak erabat hondatuta utzi du.

Salaketei erantzunez, Turkiako justiziak ehun atxilotze agindu baino gehiago eman ditu eroritako eraikinak egin zituzten enpresetako arduradunen aurka. Atxilotze aginduetan jasotakoaren arabera, eraikuntzek ez zituzten segurtasun neurriak betetzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.