Espainiako Gorteetarako hauteskundeak Elkarrizketa. Elizabeth Duval. Sumarreko Feminismo bozeramailea

«Desmobilizazioa eragiten dutenak barne gerrak dira»

Duvalek «argi» baieztatu du ezkerreko gobernu bat egongo dela Espainian. PSOEren aldeko boto baliagarriak kalte egin diela esan du. Negoziatzera «dei egin» diete «indar progresista eta demokratikoei».

MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Madril
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Yolanda Diazek gidatutako Sumar koalizioak hiru milioi boto inguru eta 31 diputatu lortu ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta laugarren indarra bihurtu da Kongresuan. Sumarreko Feminismo, Berdintasun eta LGTBI+ Askatasunen bozeramailea da Elizabeth Duval (Alcala de Henares, Espainia, 2000) idazle eta ekintzailea. Sumarren egoitzan egin du emaitzen analisia, Madrilgo Malasaña auzoan.

Zein da Espainiako Gorteetarako bozen emaitzen inguruan egiten duzun balorazioa?

Oso pozik gaude, hauteskunde gaua baino lehen nagusi zen narratiba zelako saihetsezina zela eskuinak irabaztea, edozein modutan irabaziko zuela; eskuinak lortu zuen ideia hori trasmititzea. Gau horretan ikusi zen gure herrialdea hobea dela haiek proposatzen zutena baino, eta jende progresista benetan mobilizatu zela hori gelditzeko, ez toleratzeko esaten zituzten gezurrak. Bloke progresista berretsi izana pozgarria da guretzat.

Sumar osatzen duzuen alderdiek 2019an lortu zituztenak baino zazpi diputatu eta 700.000 boto inguru gutxiago lortu dituzue. Egin duzue autokritikarik?

Konparazioak engainagarriak dira, bi elementugatik. Batetik, hauteskunde hauetako kanpainan nabarmen erabili dute boto baliagarria PSOEren alde bozkatzea zela. Horrek eragin du PSOEri inoiz botoa eman ez dion jende askok haren alde bozkatu izana, eskuin muturrari dioten beldurrak bultzatuta bereziki. Sumar hauteskundeetara aurkeztu den lehen aldia da, eta 31 eserlekutan mantendu izana lorpen bat da.

Bestetik, espazio honek izan duen emaitzarik okerrena ez da izan hauteskunde orokorretakoa; emaitzarik okerrena udaletako eta autonomia erkidegoetako bozetan [ maiatzaren 28koetan] ikusi genuen. Orain gure espazioak hiru milioi boto baino gehiago lortu ditu, eta, orduan, ia herena lortu zuten Sumar osatzen duten alderdiek, batera. Oso emaitza txarrak izan ziren.

Beste elementu bat izan liteke PSOEren ezkerrean dauden indarren artean egon zen ika-mika?

Agintari batzuek esaten dutenaz harago, gaur egun ez gaude horretan. Gehiengo bat osatzeko aukerarik izango ez bagenu eta koalizio gobernua ezingo balitz berretsi, ahalko ginateke hasi ezkerraren metraila tipikoa ateratzen, baina gure lehentasuna da indar progresista eta demokratikoekin esertzea, gehiengo hori ehuntzea eta koalizio gobernua berretsi ahal izatea.

Ione Belarrak, Podemoseko idazkari nagusiak, esan du «feminismoari uko egiteko eta Podemos ikusezin egiteko estrategiak» ez duela «funtzionatu» hauteskundeetan.

Ez dut bat egiten Belarraren adierazpenarekin. Uste dut ezin dela esan Sumarrek bere kanpainan feminismoari uko egin dionik. Bandera moduan eraman dugu, eta geure programa zeharkatu du. Saiatu gara feminismo gehiagora joaten, hedatzen jarraitzen eta feminismo oso plural bat ordezkatzen. Koalizio bat ez dago derrigortuta osatzen duten agintari guztien adierazpenekin bat egitera.

Agian zerrendetan Irene Montero Berdintasun ministroari egindako betoaz ari zen?

Nik uste dut ez gaudela pantaila horretan. Ez du zentzurik zerrendak osatzeko garaira atzera egiteak, hauteskundeak ja egin direlako. Jendea aspertu, nekatu eta desmobilizatzen dutenak barne adierazpenak, barne gerrak eta barne liskarrak dira. Erlaxatzea komeni da, jendeak nahi duelako lanean jar gaitezela gobernu hori osatzeko eta gehiengo hori ehuntzeko.

Ezkerrak Moncloako jauregian segituko du?

Bai. Argi diotsut.

Iragarri duzue ari zaretela gobernu programa eta gobernu egitura lantzen. Horrek esan nahi du gobernua osatu ahal izateko negoziazioak ja hasi direla?

Esan nahi du dei egiten dugula has daitezen. Ahal bezain pronto hastea nahi dugu. Beti daude kontaktuak, baina formalki baieztatzea beste kontu bat da. Jendeak lasai har dezake arnasa, gobernua osatuko delako eta ari garelako ja horretan lanean.

Proposamen ugariko programa ondu duzue, baina bat etorri beharko duzue beste indar batzuekin. Zein neurri dira sakrifikaezinak?

Koalizio gobernuaren arima mantendu behar da. Ez dugu inoiz onartuko politika atzerakoirik, eta anbizioa dugu aurrera jotzeko, gehiagora. Oso zaila izango da programako gauza askori uko egitea, baina ez gaude oraindik horretan.

PSOEk erraztuko dizue anbizio hori gauzatzeko bidea?

Negoziazio batetik alde bat ere ez da guztiz pozik ateratzen. Ezinezkoa da. Aurrerapenen erritmoa ez da izango guk nahiko genukeen bezalakoa, baina ez da izango PSOEk nahiko lukeen bezalakoa ere.

Hasi zarete Junts per Catalunyarekin hitz egiten?

Negoziatzera dei egin diegu. Geure aldetik, Jaume Asensek bideratuko du negoziazioa.

Zer esan nahi duzue dei egin aditzarekin?

Negoziatzeko eskari publiko bat da. Premiatu aditzaren antza du.

Gogorragoa da aditz hori, ezta?

Premiatu gogorragoa da, bai. Derrigortzearekin du zerikusia, eta dei egin-ek elkarrizketa bultzatzearekin.

Sinpatikoagoa.

Sinpatikoagoa, bai.

Nolako aldartea nabaritzen duzu JxCn?

Juntsek ez zuen esan: «Guk ez diogu gobernua emango [Pedro] Sanchezi». Juntsek esan zuen: «Guk ez diogu Sanchezi gobernua emango ezeren truke». Desberdina da. Esan zutenak negoziazio horren leihoa ireki du.

Zeintzuk dira Sumarren marra gorriak Espainiako Estatuaren lurralde politikari dagokionez?

Guk, marra gorriak baino gehiago, proposamenak ditugu.

Plurinazionaltasuna, adibidez.

Bai. Elkarrizketa mahaia aldarrikatu dugu, eta esan dugu bozkatu beharko litzatekeela mahai horretatik irtengo den proposamena.

Carles Puigdemont atxilotzeko aginduak eragina izan dezake negoziazioan?

Guk ezin ditugu instantzia juridikoak kontrolatu. Negoziazioak ez dira inoiz pertsona bakarrekoak izango. Adosten den edukia ezin da izan pertsona bakar baten etorkizunari buruzkoa.

EH Bildurekin eta EAJrekin hitz egiten ari zarete?

Hitz egingo dugu, eta hitz egiten ari gara. EH Bilduk esan du ez duela inolaz ere eskuinak gobernatzea erraztuko, eta aldez aurreko jarrera hori aipagarria da. EAJk ere esan du ez duela PP babestuko.

Berdintasun ministro moduan ikusten duzu zeure burua?

Ez dut neure burua hor ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.