Urriak 24, asteartea
«Beti-beti al da zaila Gazako bizimodua?». Askotan galdetzen didate. Buruari bueltaka ibili naiz, gogora ekarri nahian bizimodua hemen zaila izan ez den garairen bat. Beharbada, izan zen bolada bakanen bat aspaldi, 90eko hamarkadaren hasieran, Palestinako Aginte Nazionalak base bat ezarri zuenean hirian: barealdi bat izan zen orduan; edo barealdiaren promesa agian, etorkizunera begira. Gure belaunaldikook 20 urte genituen orduan, eta etorkizuna zabaltzen ari zitzaigun. Bake prozesua beste zerbaiten hasiera izatekoa zen. Funtzionatuko zuen beharbada. Milaka lagunek hartu zuten kalea, babesa erakusteko. Garai hartan ez genekien, baina iltze goriari helduta geunden. Osloko Akordioak sinatu zituztenean, gure ama zenak parte hartu zuen hura ospatzeko mobilizazio jendetsuetako batean. Esperantza zuen semea libre ikusiko zuela, baina semea libre ikusi gabe hil zen.
Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara
Hori dena gorabehera, garai ona izan zen. Promesez beteta zegoen Gaza, eta eraikinak zeruraino goititzen ziren han eta hemen: hiria zabaltzen ari zen, hegoaldera bezala iparraldera. Kale hondartsuak zolatu egin zituzten, monumentu publikoak jarri; dirua hirira iristen hasia zen. Bake prozesuak aurrera egin balu, Gazak etorkizun oparoa izango zuen.
Tamalez, urte gutxi batzuk baino ez zuen iraun; gero, kolapsoa nonahi. Bakea zama bilakatu zitzaien palestinarrei: garestiegi ordaindu behar izan zuten, Israelgo Polizia denean zabaldu baitzen haren ondorioz. Etorkizuna ezereztua geratu zen; ekonomia, ez aurrera ez atzera; aireportua, bonbardatua. Jendea inguratu zuten; kolono israeldarrek eta soldaduek alde egin eta gero ere, hormak gero eta garaiagoak ziren, eta gazatarrak ondo jabetu ziren, berriz ere: presoak ziren han, ez herritarrak.
«Dutxa bat hartzeko beharra nuen, benetako ohe batean fundamentuz lo egitekoa; arropak garbitu beharra nuen, hortzak garbitu beharra».
Bart, gau osoan, tankeek etengabe jardun dute esparrura tiroka. Eixa-ren etxea Jabaliaren ekialdean dago; muga itxia dago ehunka tankeak dauden aldean. Erabaki arriskutsua zen hona etortzea, baina, hamazazpi egun hara-hona eman ondoren, ia urik gabe, koltxoietan lotan, garbitu ezinik, nahikoa nuen. Dutxa bat hartzeko beharra nuen, benetako ohe batean fundamentuz lo egitekoa; arropak garbitu beharra nuen, hortzak garbitu beharra. Eixarenean aukera izango nuen horretarako; izan ere, eguzki energia daukanez, ura sabaira ponpatzeko modua dauka, hau da: ura txorrotan!
Goiz jaikitzen da Eixa, ogia egin behar eta. Ikusirik israeldarrek hainbeste okindegiri eraso dietela, ez du 14 urteko semea bidaliko ordu amaigabez ilaran egotera. Hortaz, ogia berak egitea du aukera bakarra. Gerra hasi berri zela, irina eskuratu zuen supermerkatu batean. Bi egunean behin, beste bi egunerako ogia egiten du. Nik lagundu egiten diot, orea landuz eta moztuz. «Xerra fin-finak egin behar dira», diosku. Gero, haren senar Maher ogia frijitzen hasten da, krepeak egiteko zartagin batean.
Eixak sekula ez zuen pentsatuko halakorik egin beharko zuenik: bere ogia egin. Izan ere, bere belaunaldiko guztiek bezala, saltokietan erosi izan du dena orain arte. Barazkiak ere kozinatzeko prestatuak erosten ditu: alberjinia eta kuiatxoak xerratan moztuak, mulukhiyah-a ere moztua, eta dena horrela. Orain, dena berak egin behar. Ez du hiriaren erdigunera joan nahi bizitzera. Irakasle aritzen da UNRWAren eskola batean, etxetik ehunka metro eskasera. «Irakasten aritzen naizen gela berean bizi beharko ote dut azkenean?», horra haren galdera. Pentsakizun bitxia, inondik ere.
«UNRWAren eskola bateko pareta batean lelo bitxi bat zirrimarratu zuen norbaitek duela urte batzuk: 'Guk atzerantz egiten dugu aurrera'».
Mila familia gazatar gogo onez ari dira elkarri irakasten nola egin ogia, gu ari garen bezala. Horixe lortu dute okindegiak bonbardatuta. Eixak zortea du, gasa baitauka egosten laguntzeko, eta horrek dena azkartzen du. Baina jende gehiena, etxetik alde egin behar izan dutenak batez ere, sua erabiliz ariko dira ogia egiten, egurra edo kartoiak errez. Eskura zer eduki, horrekin asmatu behar zeozer: adibidez, metalezko txapa bat, bi harriz gorantz zurkaizturik, hondakinetatik hartutako egurrez piztutako su baten gainean.
Duela urte batzuk, norbaitek lelo bitxi bat zirrimarratu zuen UNRWAren eskola bateko pareta batean, esparruaren ekialdean: «Guk atzerantz egiten dugu aurrera». Ohartarazpen bat zegoen hor. Gerra bakoitzak arrastaka eramaten gaitu berriz oinarrizkora, hasierara. Etxeak suntsitzen dizkigu, instituzioak, meskitak eta elizak. Lorategiak eta parkeak birrintzen dizkigu. Apurrik ere ez du uzten etorkizunerako. Urteak behar izaten ditugu gerra bakoitzaren ondoren geure onera etortzeko, eta, erabat oneratu aurretik, horra beste gerra bat berriz. Sirenarik, alarmarik, sakelako mezurik batere gabe: iristen da, eta kito. Eta gu, bat-batean, hortxe, erdi-erdian. Gure lehengusu Nabeel-ek ia familia osoa galdu zuen duela sei egun, Jaffan auzoa bonbardatu zutenean, eta atzo gau guztia eman zuen Ala-ri oihuka, gainera etorri zaigun guztiaren errua egotziz. «Zeurea bada erabakia, zergatik hautatu ninduzun ni familia guztia gal nezan, semeak, alaba, bilobak? Zergatik probatu behar izan duzu nirekin zure botere ahalguztidun suzko hori?». Nabeel sinestun peto-petoa da, baina, halako garai zoroetan, barkatzekoa ere bada senetik horrela ateratzea.
Bizirik gauden guztiok deskuiduz gaude bizirik, suziri batek huts egin duelako eta ez gaituelako harrapatu. Heriok ez gaituelako ezagutu, edo beste norbaitekin nahastu gaituelako. Halako istripuen ondorioz esnatzen gara oraindik egunero. Eta gauean esperoan egoten gara, biharamunaren esperoan. Egunak baditu zenbait errukialdi: adibidez, kea nondik datorren ikus dezakezu egunez, eta, hartara, azken erasoa non izan den jakin. Gauean, aldiz, zeri segitu ez dago. Leherketa entzun, argi adarra ikusi, eta gero hutsa. Ezer jakin ez, ezer sentitu ez. Hortxe geratzen zara, besterik gabe, asmaketan, den-dena asmatzen. Nik neuk, esnatzen naizenean hartzen dut pozik handiena; neure buruari heltzen diot, hantxe osorik nagoela egiaztatzeko, eta gero ingurura begira geratzen naiz: lortu dut. Gauari gailendu natzaio. Batzuetan ez naiz oso seguru egoten; orduan, frogak asmatzen hasten naiz, bizirik nagoela erakusteko. Horretarako, batzuetan, etxeko guztiak esnatzen ditut, eta hizketan hasten natzaie; elkarri berriak kontatzen hasten gara: xehetasunak zenbat eta mundutarragoak, orduan eta hobe. Detaile aspergarriak direnez, orduan jakiten dut ez dela amets bat. Ametsak beti izaten baitira exotikoagoak. Beste trikimailu bat, berriz, nire emazte Hannari deitzea izaten da, eta hari kontatzea Yasser eta biok bizirik gaudela oraindik. Amets batean ezin antzeratu da haren ahotsa. Entzuten dudanean, badakit bera dela. Badakit hau dena benetakoa dela, eta ez hildako baten amets hutsa.
Hurrengo atala: «Ez da bidezkoa halako mina»
Atef Abu SaifPalestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.