Ukraina eta Errusia tentsio etengabean daude 2014az geroztik. Zortzi urtez gerra Moskuk babesturiko matxinoen eta Kieven arteko gatazka batera mugatu zen arren, iragan ostegunean Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra hasi zen. Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan zuen «operazio militar berezi bat» dela, eta helburu duela «Errusiarentzako mehatxu den estatu genozida eta naziaren kontra» borrokatzea.
Kremlinentzat, Ukrainaren eta Volodimir Zelenski presidentearen izena zikintzeko kanpaina beharrezkoa da mendebaldeko bizilagunaren inbasioa etxean zein atzerrian justifikatzeko.
Horren ondorioz, gerra informazioaren alorrean ere egin da; Moskuren eta Kieven arteko duelua da, eta bi herrialdeen arteko mugan ibiltzen dira fake news-ak eta albisteak, alde batetik bestera.
Ukrainako Stop Fake fact checking plataformako zuzendari eta kazetari Jevhen FedtxenkoBERRIArekin mintzatu da Maidanaren ostean hasi zen «gerra informatiboaz».
Noiz hasi zen «gerra informatiboa»?
Desinformazioaren gerra hemen egon da 2014tik. Horietako elementu batzuk 2014 aurretik ere bazeuden. Krimearen eta Donbassen okupazioaren ondotik, informazioaren gerra areagotu egin da, eta Ukrainan egon da forma askorekin; batez ere, han zeuden hedabide errusiarren eta sare sozialen bidez.
Gerra informazio horren ideia nagusia kontakizun jakin batzuk garatzea da, Errusia laguntzea kontakizun estrategikoak sortzen Ukrainarekiko kontrol handiagoa izateko eta kaosa eta ziurgabetasuna zabaltzeko. Horiek dira bi helburu nagusiak, eta horretarako plataforma eta kate asko daude ukrainarrarengana heltzeko.
Baina hori ez da soilik Ukrainara begirakoa, baita Errusiara begirakoa ere, gizarte errusiarra gerrazaleagoa izan dadin, politika militarren alde egon dadin eta atzerrian Ukrainaren irudi bat sortzeko zera islatuko duena: herrialde horrek Errusiari eraso egin nahi diola. Hiru audientzia nagusi ditu: Ukraina, Errusia eta atzerria.
Ukrainak nola indargabetu dezake eraso hori?
Kontakizun horiek ezagutzen badituzu, horiek bila ditzakezu. Ikusten baduzu nola zabaltzen dituzten eta nork zabaltzen dituen, orduan eskema horien guztien antolaketa zehaztu dezakezu; horrek balioko du desinformazioaren ekosistema handia nolakoa den ulertzeko.
Egitura gisa irudikatu behar dugu, eta, ondoren, egitura horren barruko nodoen elementuak zein diren ulertu behar dugu. Horri aurre egiteko gauza pare bat jakin behar dira: sistemak nola funtzionatzen duen, eta nola dagoen antolatuta. Gero, kontakizunak gehitzea eragotzi behar da, horiek salatu eta jendeari horiek zer diren ulertarazi. Hori guztia ez da ezer berria: zortzi urte daramatzagu erakusten zer motatako bideo faltsuak erabiltzen diren eta nolako mezuak sustatzen diren.
Agintarien laguntza ere ezinbestekoa da. Ezin da desinformazio horren aurka borrokatu gobernurik gabe: gauza batzuk egin baititzakegu, hala nola monitorizatu eta ikertu, baina badira gauza batzuk soilik gobernu batek egin ditzakeenak. Esaterako, informazio hori zabal dezaketen telebista kateen lizentziei buruzko erabakiak hartzea.
Gobernuak monitorizazio eraginkorragoa ere ezar dezake, eta gertatzen ari denaren ikuspegi zabalagoa izan dezake; zigorrak ere agindu ditzake, Errusiako desinformazioan parte hartzen duten pertsonen kontra. Azken hori garrantzitsua da, batez ere haiekin hitz egitea.
Sare sozialen arloko hainbat enpresarekin ere egiten dugu lan; adibidez, Facebookekin, baina baita Googlerekin ere. Horrekin karta bat sinatu genuen Youtuberi buruzkoa, webgune hori ez izateko desinformazioarentzako espazio adiskidetsu bat.
Hedabide errusiar edo errusiazaleak ixtea da desinformazioaren aurka borrokatzeko manerarik hoberena?
Hedabide horiek ez dute zerikusirik errusiar hiztunekin. Egiazki, ukraineraz ziren, baina politikari errusiazaleek antolatuak izan ziren; ustez, diru errusiarrarekin. Orain arte itxitako kate guztiak ukraineraz ziren.
Auzia nagusiki diruari buruzkoa da. Hedabide-organizazioez aritzean, beti diruari jarraitu behar diogu, norbaiten diruarekin funtzionatzen duelako. Aztertzen badugu diru hori norena den, horren gehiengoak Errusiara eramango gaitu, eta politikari errusiarrengana edo errusiazaleengana.
2014ko okupaziotik, Ukrainak debekatu egin du telebista kate errusiarrak eskuragarri egotea. Ukrainako erakundea arautzailearen erabakia izan zen, ez direlako benetako telebista kateak eta gerrako informazioa eta propaganda transmititzen dutelako. Azken finean, kate ukrainar guztiek baldintza berberak dituzte. Horietako batzuek horiek betetzen dituzte, eta beste batzuek, berriz, ez.
Ukrainaz hitz egiten denean eskuin muturraren gaia ateratzen da behin eta berriro. Zenbateraino da arazoa herrialdean?
Gehiegi erreparatu zaio horri. Naziak ez garela justifikatzeko posizioan jarri zuten Ukraina. Herrialdeak hori justifikatu beharra du. Pertsona horiek moral bikoitza ere badute: «Utzi nazioarteko laguntza, utz iezaiozue Ukrainari armak emateari».
Ez dugu eskuin muturreko diputaturik parlamentuan. Antisemitismoaren kontrako legea dugu. Seguruago sentitzen dira Ukrainan beste herrialdeetan baino. Ukrainak bizirik iraungo du edo Ukraina desagertu egingo da.
Elie Wieselek [idazleak] honako hau esaten zuen: «Neutraltasunak zapaltzaileari laguntzen dio, inoiz ez biktimari. Isiltasunak torturatzailea animatzen du, inoiz ez torturatua».
Batzuetan esku hartu behar da. Neutral bihurtzen direnak bekaturik handiena egiten ari dira. Gatazka areagotzen bada, Europako beste leku askotara zabalduko da.
Gerra Ukrainan. Jevhen Fedtxenko. Stop Fake plataformako zuzendaria
«Desinformazioaren gerra 2014tik egon da Ukrainan»
Mosku lehorrez, itsasoz eta airez ari da Kieven kontra, baita ziberespaziotik eta informazioaren arlotik ere. Fedtxenkoren ustez, Kremlinek informazioa erabili eta bere «kontakizuna garatu» nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu