Oposizioarekin bat egin duten militarrentzat amnistia iragarri du Yemengo Ali Abdula Sale presidenteak. Iragarpen horrek, dena den, ez du herrialdeko giroa baretu. Ezta urte amaieran, hauteskundeak egin ostean, agintea utziko duela esateak ere. Izan ere, oposizioak ez du onartu 32 urtez agintean daraman presidentearen proposamena. Hura kaleratuarte kalean jarraituko dutela adierazi dute.
Atzo presidentearen guardiaren eta armadaren artean liskarrak piztu ziren. Gutxienez pertsona bat zauritu zen. Tentsioa geroz eta handiagoa da herrialdean. Armadako goi kargudunek, diplomatikoek eta tribuetako buruzagiek oposizioarekin bat egin dutenetik, Sale geroz eta bakartuago dago.
Oposizioko kideek adierazi dute «banaka-banaka heltzen diren erreformekin nazkatuta» daudela. Izan ere, 2013rako aurreikusitako hauteskundeak urte amaierara aurreratzeari etakonstituzio berri bat egiteari ez diote nahikoa irizten.
Milaka lagunek Sana hiriburuko unibertsitatearen kanpoaldean kanpatuta jarraitzen dute duela sei astetatik. Protestak amaitzeko baldintza gisa Sale agintetik kentzea ezarri dute. Gaurko Irteera Eguna antolatu dute, presidenteari erreferentzia eginez, hain zuzen ere. Ostiraleroko otoitzen ostean egingo dute manifestazioa, eta jendetsua izatea espero da.
Larrialdi egoera 30 egunez
Legebiltzarrak, bestalde, baiezkoa eman dio presidenteak agindutako larrialdi egoera 30 egunez luzatzeari. Iragan martxoaren 18an oposizioko 52 kide hil zituzten segurtasun indarrek eta beste ehunka lagun zauritu zituzten. Ordutik indarrean dago larrialdi egoera.
Hilketa horiekin lotura duten hiru susmagarri atxilotu dituztela azaldu du gaur SABA estatuko agentziak. Beste zazpi lagun ikertzeari ekin diote, gertakariarekin lotura izan dezaketelakoan.
Protestak herrialde arabiarretan
Desertatu duten militarrentzat amnistia iragarri du Yemengo presidenteak
Presidentearen guardiaren eta oposizioarekin bat egin duen armadaren artean liskarrak jazo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu