AEB-ak

DeSantisek presidentetzarako hautagaitza aurkeztu du

Floridako gobernadorea Trumpen lehiakide nagusia izango da Alderdi Errepublikanoaren primarioetan. Politikari ultraeskuindarra da, eta oso kontserbadorea; gerra kulturala da haren lehentasuna.

Ron DeSantis Floridako gobernadorea, hilaren 9ko ekitaldi batean, Miamin. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
ander perez zala
2023ko maiatzaren 24a
14:04
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetan datorren urtearen amaieran egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak, eta boz horietara begirako lehiarik handiena Alderdi Errepublikanoaren primarioetan espero da. Oraingoan bai baitirudi Donald Trumpek lehiakide sendo bati aurre egin beharko diola errepublikanoen hautagai izateko, 2016ko eta 2020ko hauteskundeetan ez bezala: Ron DeSantis Floridako gobernadoreari. DeSantisek bere hautagaitza aurkeztu du, Elon Musk enpresari eta Teslaren eta Twitterren jabearekin eginiko elkarrizketan. Hain justu, Floridako gobernadoreak sare sozial horretan egin du iragarpena, hainbat akats teknikoren ondoren, eta agerraldia haren eta Trumpen arteko borrokaren abiapuntua bilakatu da.

«Ameriketako Estatu Batuetako presidente izateko lehiatuko naiz, geure berpizte handia gidatzeko», esan du elkarrizketan.

Orain arte, AEBetako presidente ohia egon da Alderdi Errepublikanoaren hautagaitzari buruzko kanpainaurrearen erdigunean. DeSantisen jakinarazpenak, ordea, erabat astinduko ditu primario horiek. Eta hautagaitzaren berri emateko moduak, ezinbestean, agerian utzi du zein izan daitekeen Floridako gobernadorearen kanpainako zutabeetako bat: sare sozialen erabilera.

Twitterreko agerraldiaren ostean, AEBetako hedabideen arabera, DeSantisek elkarrizketa bat eman dio Fox News telebista kateari. Horretan, presidentetza lortuz gero hartuko lituzkeen lehenengo neurriak zehaztu ditu: Mexikorekiko mugan larrialdi egoera deklaratuko luke, esaterako, eta bertan behera utziko lituzke Joe Biden egungo presidentearen energia politika «antiamerikarrak».

Datozen egunetan, kanpainarako funtsak biltzeko ekitaldiak egingo ditu. Horiez gain, datorren asterako mitin bat antolatu du Dunedinen (Florida), errepublikanoen primarioetarako hautagai dela jakinarazten duenetik lehena; eta baliteke hitzordu horretan ematea bere programaren lehen ideien berri.

DeSantis politikari ultraeskuindarra da, eta oso kontserbadorea; are, Alderdi Demokratako zenbait agintarik salatu dutenez, baliteke Trump baino «arriskutsuagoa» izatea. Floridako gobernadore denetik —2019tik— hartu dituen erabakiak ikustea besterik ez dago jakiteko zein den haren lehentasuna: gerra kulturala. Esaterako, bortxatuak izan direnek hori gertatu dela frogatzen duen «dokumentazioa» aurkeztu beharko dute abortatu nahi izanez gero; hori egin ezean, behartu egingo dituzte haurdunaldiarekin jarraitzera. Abortatzeko eskubidea, gainera, haurdunaldiaren lehen sei asteetara mugatu dute Floridan.

LGTBI komunitateari dagokionez, horren kontrako neurriak ere sustatu dituzte —errepublikanoek gehiengo osoa dute Floridako bi ganberetan—. Adibidez, medikuek, legalki, aukera dute komunitate horretako pertsonak ez artatzeko; gainera, baimendu berri dute «trans izateaz akusaturik» egon eta komun publikoak erabiltzen dituztenei azterketa genital bat eskatzea.

Hezkuntza publikoaren kontra ere egin du DeSantisek: Floridako unibertsitateei debekatu egin diete eduki antirrazistak, feministak, marxistak eta LGTBI komunitateari buruzkoak ematea. Horrez gain, ikastetxeei debekatu egin diete 12 urtetik beherakoei hilekoaz hitz egitea, eta gobernadoreak beste lege bat onartu nahi du kirol ekitaldietan parte hartzen duten emakumeak beren ziklo menstrualen berri ematera behartzeko.

Sindikatuen kontra ere egin du politikari ultraeskuindarrak, eta, berriki, horien negoziazio ahalmena mugatzeko lege bat onartu du. Gainera, migratzaileen aurkako beste lege bat indarrean sartzekoa da uztailaren 1ean, zeinak, praktikan, debekatu egiten dien paperik gabekoei gidabaimenak lortzea.

Trump, faborito oraindik ere

Alderdi Errepublikanoaren primarioei buruzko inkesten arabera, AEBetako presidente ohia faboritoa da oraindik ere, eta Floridako gobernadoreak lan handia luke egiteko bien arteko tartea txikitzeko —batez beste ia 40 punturen aldea legoke bien artean—. Halere, aintzat hartzeko data bat datorren martxoaren 25a izango da, egun horretan egingo baitute Trumpen kontrako epaiketa —34 delitu leporatu dizkiote, kontuak faltsutzeagatik—, primarioen erdian. Espetxe edota inhabilitazio zigorra ezarriko baliote, DeSantis bilakatuko litzateke, teorian, primarioetako faboritoa.

Arrisku horretaz eta Floridako gobernadorearen indarraz jakitun dagoela, Trump eta haren aliatuak DeSantisen hautagaitzaren aurka aritu dira gaur ere, hilabeteotan egin modura. AEBetako presidente ohiaren aholkulari batek Politico atariari zera esan dio, adibidez: «Twitterren [hautagai dela] jakinaraztea ezin hobea da Ron DeSantisentzat. Hartara, ez du jendearekin aritu beharrik, eta hedabideek ezin diote galderarik egin».

Make America Great Again taldearen bozeramaile Karoline Leavittek, bide beretik, esan du, komunikatu baten bitartez, Floridako gobernadorearen kanpaina hasierak frogatzen duela hautagaia herritarrengandik «urrun» dagoela.

DeSantisen kasuan, galdera nagusia da ea lortuko duten etxean izan duen arrakasta herrialdera zabaltzea. Floridako gobernadorearekin eta AEBetako estatuburu ohiarekin batera, oraingoz, beste zazpi lagunek iragarri dute errepublikanoen primarioetan lehiatzeko asmoa: Nikki Haley Hego Carolinako gobernadore ohi (2011-2017) eta AEBen Nazio Batuen Erakunderako enbaxadore (2017-2018) izandakoak; Asa Hutchinson Arkansasko gobernadore ohiak (2015-2023); Tim Scott senatariak (2013tik); Vivek Ramaswamy eta Perry Johnson enpresariek; Rollan Roberts politikariak; eta Larry Elder irrati esatariak. Izen-abizen gehiago espero dira datozen hilabeteetan; tartean, Mike Pence AEBetako presidenteorde ohiarena (2017-2021).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.