AEB

DeSantisek amore eman du

AEBetako Alderdi Errepublikanoaren primarioak utzi ditu Floridako gobernadore ultraeskuindarrak, ikusi duelako bozkatzaileek «beste aukera bat» eman nahi diotela Donald Trumpi. Harentzako botoa eskatu du.

RON DESANTIS. AEB
Ron DeSantis, lehengo astean, kanpainako ekitaldi batean. EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 22a
09:50
Entzun

Iazko maiatzean hautagaitza aurkeztu zuenean, ematen zuen Ron DeSantisek bazuela aukerarik AEBetako Alderdi Errepublikanoaren primarioetan Donald Trumpekin lehiatzeko. Hori adierazten zuten, behintzat, inkestek. Zortzi hilabete geroago, ordea, eta azaroan egitekoak diren AEBetako presidentetzarako hauteskundeak ia ate joka dauden honetan, ikusi da ezetz, politikari ultraeskuindarra ez zela gai izango Etxe Zuriko maizter ohiari (2017-2021) kilimak egiteko ere, eta, beraz, errepublikanoen primarioen prozesua utzi du. «Ez daukagu irabazteko bide argirik. Hori dela eta, bertan behera utzi dut nire kanpaina», iragarri zuen atzo, X sare sozialean idatzitako mezu batean, 2019tik Florida estatuko gobernadorea denak.

Amore eman du prozesua hasi berritan. Primarioak lehengo astelehenean hasi ziren Iowako caucus-etan, eta Trumpek botoen %51 lortu zituen, DeSantis bigarrenari 30 punturen aldea atereaz. Prozesuko bigarren bozketa bihar dute New Hampshiren, eta, horretarako inkestetan, aurretik zuen Nikki Haley beste hautagaia ere, hirugarrena. Horiek horrela, alde batera egitea erabaki du DeSantisek.

Sare sozialetan zabaldutako oharrean nabarmendu duenez, «argi» ikusi du bozkatzaile errepublikano gehienek «bigarren aukera» bat eman nahi diotela Trumpi, eta berak ere harentzako botoa eskatu du, iruditzen zaiolako, okerrerako, Haleyk ordezkatzen duela «errepublikanoen guardia zaharra». Duela egun batzuk baino ez, Trumpen jokatzeko modu pertsonalista kritikatu zuen, eta adierazi haren «eraztunari musu eman» behar zitzaiola, trukean mesedeak jasotzeko.

Hain zuzen, Trumpen muturreko diskurtsotik bereizteko zailtasunak izan dituelako ezin izan du bide propio bat egin DeSantisek. Hori, batetik. Eta, bestetik, establishment errepublikanoa Haley babesten ari da. Horrenbestez, lekuz kanpo gelditu da Floridako gobernadorea. AEBetako presidente ohia burlaizez mintzo izan da DeSantisi buruz, baina atzo, ordea, iragarpenaren ondoren, eskua luzatu zion, eta, New Hampshiren egindako mitin batean, «Joe Biden ustela» mendean hartzeko «elkarrekin» lan egitera deitu zuen. «Pertsona aparta da», esan zuen, DeSantisi buruz.

Politikari oso kontserbadore bat dela erakutsi du Floridako gobernadore denetik. Besteak beste, abortatzeko eskubidea mugatu du, LGTBI komunitatearen kontrako neurriak sustatu ditu, eta migratzaileak, sindikatuak eta hezkuntza publikoa jarri ditu jopuntuan.

Alegia, Trumpek plazaratzen dituen antzeko ideiak jarri dituela mahai gainean. Horregatik, AEBetako hedabideek hainbat analistaren iritziak jasoz kaleratu dutenez, DeSantisen alde egitea pentsatua zuten bozkatzaile errepublikanoek herrialdeko presidente ohia babestera joko dute. AEBetako presidente ohia, hain zuzen, eta Haley, bihar dira lehiatzekoak New Hampshiren, eta, CNN telebista kateak atzo argitaratutako inkesten arabera, Trump nagusituko da, hamar bat punturen aldea aterata.

Giroa gaiztotuta dago kanpainan. Haleyk azken egunetan zalantzan jarri du Trump «mentalki» prest ote dagoen hautagai izateko, zeren mitin batean hainbatetan nahastu zituen Haley bera eta Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentea izandakoa. Trumpek, bestalde, Haleyri barre egin dio, jatorri indiarra duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.