Desagertuen izenak, memoriaren izaran

Migrazio bidean desagertu edo hil direnen memoria gordetzeko, haien izenak maindire batean brodatzen dituzte Carovane Migranti taldeko kideek. «Egitasmo politikoa» dela aldarrikatu dute, «salatzea» duela xede.

Daniela Gioda eta Patrizia Peimetti, uztailean, Italiako Venaus herrian, Mugak Zabalduz karabanaren ekitaldi batean, brodatzen. DABID SANCHEZ / EKINKLIK.
Maite Asensio Lozano.
Turin
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Pedro Antonio, Mahdi, Glenda, Nassim, Adolfo, Karen Jeannette, Fedi eta beste dozenaka izen, hari gorriz brodatuta, maindire zuri batean. Memoriaren izara esaten diote: migrazio bidean desagertu edo zendu diren pertsonen oroimena gordetzen ari da Carovane Migranti taldea. «Bestela, ahaztu egingo lirateke. Gazte hauek gurekin datoz leku guztietara», adierazi dute Daniela Gioda eta Patrizia Peimetti egitasmoaren sustatzaileek. Mugak Zabalduz karabanak uztailean Irundik (Gipuzkoa) Italiako Alpeetara egindako bidaian, izen gehiago jaso zituzten: Mexikon galduak, Mediterraneoan itoak, mendian izoztuak... baita Bidasoko mugan hildakoak ere. «Apurka borrokaren sinbolo bihurtzen ari da maindirea».

2016tik Europako mugetan gertatzen diren giza eskubide urraketak salatu ditu Mugak Zabalduz karabanak, eta harekin bidaiatu duten eragileetako bat da Carovane Migranti. Talde italiarrak lan berezia egiten du migrazio bidean desagertutakoen senideen bakardadea salatzeko, besteak beste, Tunisiako, Aljeriako, Mexikoko edota Hondurasko testigantzak Europara ekarriz.

Beste pauso bat eman zuten 2020an Giodak eta Peimettik, Mexikoko San Fernandoko sarraskian senideren bat galdu zutenei begira. «2010eko abuztuan 72 migrante hil zituzten Tamaulipas eta Texas arteko mugan, eta hamargarren urteurrena gogoratu nahi genuen. Izurriak ez zigunez utzi hara joaten, omenaldi birtuala egitea pentsatu genuen». Eta 72 biktima haien izenak brodatzen hasi ziren. Turingo artista baten egitasmoan oinarritu zen Gioda: «Bururatu zitzaidan jostea aukera ona zela beste herrialdeetako amekin konektatzeko».

Italia ekialdeko mugan zabaldu zuten maindirea lehen aldiz, Triesteko Askatasunaren plazan, migratzaileei oinak sendatzen dizkieten boluntarioak babesteko. Iazko udan Kanaria uharteetara eraman zuten izara, karabanak egin zuen bidaiara. «Ez da soilik proiektu artistiko bat: politikoa da, politikoki baitu zentzua izara honek. Hau ez da erakusteko, baizik salatzeko», aldarrikatu du Giodak. Kalera ere ateratzen dute, lau andreren artean, bakoitzak ertz batetik helduta: uztailean karabanaren mobilizazio guztiak ireki zituen maindireak. Sinboloaren indarra nabarmendu du Peimettik: «Manifestazioan pankarta batekin zoazenean, jende asko urrundu egiten da, baina izarak jendea erakartzen du: galdetzen dute, eskertzen dute».

Karabanan zehar, gainera, kide asko batu zaizkie brodatze lanetara. Peimettik azaldu du nahiago dutela konpainian aritu: «Brodatu bitartean, galdutako pertsona horretan pentsatzen duzu, berari buruz hitz egiten duzu, eta nolabait lotura bat sortzen da harekin». Arau bakarra dute: «Ama batek ezin du bere seme-alabaren izena brodatu; beste norbaitek egiten du, horretarako eraikitzen ditugu zaintza eta maitasun sareak». Sare horiek, gainera, sendotu egin dira denborarekin: «Arraroa eta aldi berean zirraragarria da Mexikon semea galdu duen emakume batek Italian topatzea haren izena brodatu duen andre bat; hain urrun». Euskal Herrian ere zabaltzen ari da zirrara hori: Bilbon eta Iruñean izara bat brodatzen hasiko dira.

Ziburuko hirurak

Izenei lotutako bizitza horiez mintzatzen dira Gioda eta Peimetti, baina batean geratu dira: Moussa. «Ez zen muga batean hil, baizik eta CPRan». Migratzaileak atxikitzeko eta aberriratzeko zentroak dira; Turingoan agertu zen hilotz 23 urteko ginearra, iazko maiatzean. «Faxistek jipoitu zuten, eta osasun artarik ia eman gabe, poliziek atxilotu egin zuten, ez zuelako paperik. Zauri larriak zituen, bakarrik zegoen... Bere buruaz beste egin zuen, baina guretzat hilketa bat izan zen». Turinen eta Italian mobilizazio handiak eragin zituen heriotza hark.

Tamalez, etengabe ari dira brodatzeko izen gehiago jasotzen. Koaderno gorri batean biltzen dituzte: «Eta haien gertukoek mezuren bat uzten dute, testigantza edo hausnarketa bat; hor dago desagertuen eta hildakoen memoria». Karabanan zehar, euskal herritar batek hiru izen idatzi ditu liburuan: Ahmed, Mohamed eta Fayçal, iazko urrian Ziburun (Lapurdi) trenak harrapatuta hildako aljeriarrak. «Poliziaren presioak bestelako bide batzuk bilatzera bultzatu zituen; lo zeudela eraman zituen trenak», idatzita geratu da memoriaren liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.