«Kubari bake agur bat eskaintzen diot». Kuban bere lehen hitzaldia eskaini zuen atzo Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, eta gazteleraz hainbat hitz egin zizkien kubatarrei Habanako antzokian. Zuzena eta zorrotza izan zen Obamaren hitzaldia; argi utzi zuen Kubaren etorkizuna kubatarren esku dagoela,eta hori lortzeko bide bakarra sistema demokratikoa dela esan zuen. Castroren gobernuari zuzenean aipamenik egin gabe, hitz egiteko, manifestatzeko eta publikoki eztabaidatzeko eskubideak goratu zituen AEBetako presidenteak. Bahimendua amaitzeko beharra ere aipatu zuen, baina Kubak ere bere ardura baduela adierazi zuen. Dena den, bahimenduaren amaiera iritsi aurretik pausoak ematera deitu zituen kubatarrak; «denok gara amerikarrak» aldarrikatu zuen, 2014an negoziazioen bidea ireki zuenean botatako esaldi bera gogora ekarriz.
Bezperako erreferentzia berari tiraka, Jose Marti poeta kubatarra gogora ekarriz hasi zuen hitzaldia Obamak: «Cultivo una rosa blanca [Larrosa zuri bat landatzen dut]». Poema horrekin Martik bai lagun eta bai etsaiei «bake eskaintza» egin zien, presidentearen esanetan. «AEBen eta Kubaren artean 90 milia [145 kilometro] daude soilik, baina bide luzea egin behar izan dugu hona iristeko. Urte luzez, milaka kubatarrek distantzia hori egin zuten askatasunaren bila. Bada garaia bi herrialdeen arteko bakartzea amaitzeko; Gerra Hotzaren azken arrastoak lurperatzeko etorri naiz».
Hitzaldian izan zen Raul Castro Kubako presidentea, eta baita Miguel Diaz-Canel presidenteordea eta Bruno Rodriguez Atzerri ministroa ere. Obamak esan zuen bahimendua kentzeko garaia dela, Kubaren eta AEBen arteko gatazka iraganeko auzi gisa aurkeztuz. Gatazka iraganean gelditutako «okerra» dela adierazi zuen Obamak: «Gerra Hotzaren garaian diseinatutako bakartze politika batek ez du inongo zentzurik XXI. mendean». Kubako Iraultza hasi zen garai berean bere aita Kenyatik AEBetara iritsi zela gogoratu zuen Obamak, eta gatazkak gehiegi iraun duela iradoki: «Egia da bi herrialdeak banatu dituzten arrazoiak asko direla, baina bada garaia partekatzen dugun guztia azaleratzen hasteko. Mundu Berrian bizi gara, esklabo, kolono, etorkin eta bertako biztanleek osatutako gizarte pluralak ditugu. Gure herrialdeak kultura askotako herritarrek osatuta daude».
AEBetako Kongresuari bahimendua amaitzeko eskatu zion Obamak hitzaldian: «Martin Luther Kingek esan zuen moduan, ez dugu aldaketen beldur izan behar, onartu egin behar ditugu». Dena den, gaur egun kongresuko bi ganberak errepublikanoen esku daude, eta oraindik ez dituzte beharrezko botoak eskuratu. Bahimenduaren amaiera iritsi bitartean, Obamak aldaketa horiekin hastera animatu zituen gazte kubatarrak, eta herritarren lanerako gaitasuna goraipatu zuen: «Kubatarrek airean asma dezakete». Hezkuntza sistema ere goretsi zuen Obamak, eta Kubako Gobernuari mundura irekitzeko eskatu zion: «Ez dugu gure sistema, gure izaera inposatu nahi; Kubak bere burua berritzeko gaitasuna du, nortasuna galdu gabe. Gure asmoa bi herrialdeen arteko kolaborazioa bultzatzea da, merkataritza, enbaxadak eta hegaldiak erraztuz, adostasun zubiak eraikiz. Baina Kubaren etorkizunak kubatarren esku egon behar du».
Castrok AEBei egindako kritikak onartu zituen Obamak, baina historian «harrapatuta» gelditzeko asmorik ez duela adierazi zuen: «Ezagutzen dutbi herrialdeen arteko historia, baina ez dut bertan harrapatuta gelditzeko asmorik. Herrialde bakoitzak bere patua eraiki behar du».
Nazioarteko giza eskubideak, askatasuna eta sistema demokratikoa aldarrikatu zituen Obamak, Castrori mezua bidaliz: «Ez dut aldaketarik inposatzeko asmorik, baina badira defendatu nahi ditudan hainbat ideia; uste dut herritarrek badutela beren nahia demokratikoki adierazteko eskubidea, beren ideiengatik atxilotuak izateko beldurrik gabe. Kubako Gobernuak ez du beldurrik izan behar kubatarren ahotsak entzuteko. Herritarrengan sinisten dut».
AEBetara ihes egindako kubatarrak gogoan izan zituen Obamak hitzaldiaren amaieran, eta horietako hainbat aipatu zituen. «Erbesteratuen semeek eta ilobek beren jatorrizko herrialdea ezagutzeko aukera dute; adiskidetzea posible da». Gloria Gonzalezen kasua jarri zuen adibide moduan: duela 61 urte gurasoek bere ahizparengandik banandu zuten, eta Miamira bidali; ahizparekin elkartzea lortu du orain. «Si se puede [Yes we can]» kanpainan famatu egin zuen esaldia gazteleraz esanda amaitu zuen hitzaldia.
Disidenteekin bilera
Hitzaldia eman ondoren, Obama disidente kubatarrekin bildu zen atzo AEBen enbaxadan. Disidenteen «ausardia» goretsi zuen, eta Kubako «politika berrian» haien iritzia kontuan hartzea eskatu. Eguna amaitzeko, Kubako selekzioaren eta Tampa Bayren arteko beisbol partidara gonbidatu zuten AEBetako presidentea.
Obamaren presentzia historikoa da, ez bakarrik Kubarentzat, baita Latinoamerika osoarentzat ere. Dena den, bahimendua amaitu bitartean aldaketa gutxi egingo direla salatu du Alicia Barcena Kariberako eta Latinoamerikarako NBEren Ekonomia Baztordeko idazkariak: «Blokeo ekonomikoa konpondu bitartean, asmo onez besterik ez gara hitz egiten ari».
«Denok gara amerikarrak»
Kubaren etorkizunak «herritarren esku» egon behar duela adierazi du Barack Obama AEBetako presidenteak, Habanako antzokian.Bahimendua kentzeko eskatu dio AEBetako Kongresuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu