Gazako egunerokoa (13)

«Denok gabiltza galduta»

GAZA
Gazako barne desplazatuak, Nazio Batuen kanpamendu batean, urriaren 29an. HAITHAM IMAD / EFE
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Urriak 29, igandea

Hogeita hirugarren eguna. Goiz jaiki dira denak. Goizaldean, laurak hamar gutxi inguruan, norbait oihuka hasi da kalean: «Itzuli da seinalea! Internet ere bai!». Lotan nengoela aditu dut deiadarra, eta ametsaren parte zela pentsatu dut. Farajek esnatu nau berehala. Jauzi batez jaiki naiz, eraikina hustu beharra zegoela pentsatuta. Esan dit nire anaia Ibrahimek deitu diola, eskatzeko deitu diezaiodala nire emazte Hannari. Nik orduan: «Deitu?». Hark, baietz. Ez zen amets bat, beraz. Hannari deitu diot. Poz negarrez ari da, bi gau izugarri igaro ondoren gurekin ezin komunikatuta. «Bai, bai, Yasser ondo dago. Lotan», esan diot. «Nahi duzu esnatzea, zurekin hitz egiteko?». Eta hark erantzun: «Ez, utziozu lotan». Kontatu dit nola ibili den bi egunez Ramallahko ezagun guztiei deika, galdetzeko ea baten batek modua izan ote zuen Gazakoekin harremanetan jartzeko.

Kalea jendez lepo dago berriro. Ehunka lagun. Ia jende gehiena kanpoan da. Edonork esango luke Eid eguna dela, Ramadaneko azken eguneko ospakizuna. Denak ari dira telefonoz deika familiaren beste parteari, hainbeste eta hainbeste familia daude-eta bereizita. Guztiak pozik, minutu gutxi batzuetan bada ere. Inori ez zaio axola, antza, erasoek bere hartan segitzea eta leherketak gero eta gogorragoak izatea. Gertatzen ari den guztia albo batera utzi eta atseden hartzen ari dira denak: senideak ondo ote dauden egiaztatzen, besterik gabe. Luto eta dolu garaia behar luke honek, baina telefonoz elkarrekin biltzeko garaia da egiaz.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Goizeko zortzi eta erdiak dira oraindik, baina Farajek proposamena bota digu: ea ur pipa erreko dugun. Sekula ez dut goizean goiz erre; azkenaldian, gauez erretzen dut, otorduren baten ondoren. Baina aparteko garaiak dira hauek. Ospatzeko modu bat da hau, arindu eder bat.

Bart goiz lokartu naiz, hamaikak aldera, baina bizilagunen oihuek esnatu naute, norbait zaurituta zegoela eta ospitalera eraman behar zutela esaka. Yusef laguntzen ari zen mutil zauritua eramaten, eta zer gertatu den galdetu diot. Etxeko atean zegoela, harri puska batek jo omen du buruan; bizilagunen eraikina kulunka omen zebilen bonbardaketen ondorioz, eta hango sabaitik erori omen da harria. Mutila denen artean hartu, eta Defentsa Zibileko estaziora eraman behar izan dute, 300 metro oinez, kalearen bukaeraraino.

«Ehunka lagun bizirik daude oraindik hondakinen azpian. Batzuek mezuak ere bidali dituzte handik azpitik, eta oraintxe iritsi zaizkie hartzaileei».

36 ordu eman ditugu telefono seinalerik eta Internet konexiorik gabe: denbora horretan, ezin inola ere sakelakoa erabili. Baina, mutila denon artean generamala, ikusi dut saltzaile batzuk egokituak zirela jada egoera berrira; gizon gazte batek sakelako mordo bat bildu du, eta honela esaten ari zen: «Jokoetan ibiltzeko ezin hobeak!». Nork bere burua engainatu, hartara errazagoa izango delakoan bizitzea: halaxe dabil jendea.

Defentsa Zibileko estaziora iritsi garenean, esan digute dei zaparrada bat izan dutela seinalea itzuli denetik. Azken 36 orduetan, ezin jakinik ibili dira non zegoen haien ekipoen premia. Anbulantzia gidariak eta poliziak sor eta lor gelditzen dira beren ibilbideetan hainbeste gorpu aurkiturik kalearen erdian. Ehunka lagun bizirik daude oraindik hondakinen azpian. Batzuek mezuak ere bidali dituzte handik azpitik, eta oraintxe iritsi zaizkie hartzaileei.

Bart, israeldarrak Al-Xattiko esparruko eta Nasser auzoko eraikinei erasoka zebiltzala, bizikleta-trizikloetan garraiatu behar izan dituzte zaurituak eta hilak, edo gurdietan bestela, animaliek tira eginda. Al-Xiffako ospitalera iritsi nahian nenbilela, gorputz atal anputatuak ikusi ditut gurdietatik zintzilik, odola zurrustan zeriela kalean zehar. Gerra garaian, denok gara mediku trebatu gabeak, denok gara irteteko prest dagoen erreskate talde bateko kideak. Baina telefono sarea eten dutenean, inork ezin izan dio inori deitu laguntza eske. Jendeak ahal bezain ozenen garrasi egin behar izan du, etxadi batetik bestera laguntza eskatzeko: «Laguntza behar da Rasam Halawa kalean», esaten zuen norbaitek, oihuz. «Zabaldu». Orduan, hurrengo etxadiko norbaitek ondoko etxadikoari helaraziko zion, harik eta eskariak, etxadiz etxadi eta leihoz leiho, Defentsa Zibileko estaziorainoko edo anbulantzia taldekoenganainoko bidea egiten zuen arte: mezua jaso, eta ziztuan joko zuten hara. Hau ez da Hollywoodeko film bat; hau Gaza da. Hau ez da fikziozko lan hutsa; hemengo bizimodua da.

«Gorputegi behin-behinekoak sortzen ari dira nonahi, bata bestearen atzetik. Medikuek erabaki bihotz-urragarriak hartu behar izaten dituzte: zer zauritu artatu-eta».

Lurreko erasoari buruz aritzean, elkarrizketak serioago bihurtu dira. Autoan Al-Xiffarako erietxera noala, jendea ikusi dut ekialderantz joaten, kostaldetik urrunduz. Zenbait emakume, seme edo alabaren bat bizkarrean hartuta eta ondasunak buru gainean. Kanoien jomugatik urruntzen ari dira denak. Baina norantz? Ekialdeko tankeetarantz? Neska nerabe batek eskutik helduta daramatza anai-arreba gazteagoak, arrastaka, azkarrago ibil daitezen erreguka. Emakume batek gelditu egin gaitu, eta bart gaueko infernuaren testigu izan direla kontatu. «Heriotza ikusi dugu», esan digu. Hegoalderako bidea hartu dute askok, Jalla kaleranzkoa. Baina galduta dabiltzala dirudi. Denok gabiltza galduta. Tankeak iparraldeko mugatik sartzen ari dira, Eskola Amerikarrerantz. Sartzen direnean, bidean zer aurkitu, den-dena suntsituko dute: etxeak, arbolak, kaleak. Egia esan, suntsitzeko ezer askorik ere ez da geratzen jada iparraldean.

Al-Xiffako erietxean, guztiz bortitza da dena orain. Zaurituak iritsi eta iritsi ari dira, baina ez dago lekurik haiek artatzeko. Parez pare jarritako behin-behineko ospitale inprobisatua gainezka dago, eta gorputegi behin-behinekoak sortzen ari dira nonahi, bata bestearen atzetik. Medikuek erabaki bihotz-urragarriak hartu behar izaten dituzte: zer zauritu artatu-eta. Ikusiz gero zauritu bat bizirik ateratzeko esperantza dagoela, huraxe artatu; bestela, halabeharrak erabaki dezala. Inork ez daki ondo zein den erabaki zuzena; senari kasu egitea, horixe da aukera bakarra.

Kalean, jendea atergabe dabil hara-hona joan-etorrian. Batzuk, ogia eskuratzeko ilaran lekua aurkitzeko larri; beste batzuk, botila uren garraio; beste batzuk, koltxoi kiribildua aldean hartuta, UNRWAren eskolaren bateko zoruan gaua emateko bidean, edo handik bueltan. Hiru gizonek zenbait ontzi bete babarrun daramatzate, eta zenbait poltsa bete falafel. Dena da bizia eta burrunba, nahiz eta denok dugun herio atezuan. Goizik goiz gero eta luzeagoa da okindegiko ilara, eta gero eta desesperatuago eta ahulago dago jendea. Inork ezin jakin biharko eguna hobexeagoa izango ote den.

Ia ezinezko bihurtu da hirian autoan ibiltzea. Gero eta kale gutxiago daude hondakinik eta kraterrik gabe. Kale batetik saiatu, eta blokeatuta dago; bira eman, beste batetik saiatu, eta eraikin handi bat erorita aurrez aurre. Normalean, Jabaliatik hogei bat minutu behar izaten dira autoan prentsaren eraikinera iristeko; orain, berriz, ordubete ere behar izaten da agian, eta minutuz minutu ibiltzen naiz erregaiaren markagailuari begira. Azkenean, guztiz utzi beharko dut autoa, dela erregairik gabe geratu delako, dela nabilen kalearen bi puntak bonbardatu dituztelako.

Hurrengo atala: «Hiria gero eta txikiagoa da»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.