BESTE BATASUNA. DUNCAN FERGUSON

«Denok egin behar dugu lan gaelikoaren legegaia gauzatzeko»

2005eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bord na Gaidhlig erakundeko (Gaelikorako Batzordea) presidentea da Duncan Ferguson. Inverness hirian (Inbhir Nis, gaelikoz)batzordeak duen egoitzatik mintzatu da gaelikoaren inguruko azken gorabeherez.

Eskoziako Legebiltzarreko batzorde batek kaleratu duen txostenean esan du gaelikoaren legegaia ez dela hizkuntza salbatzeko aski izango. Zer diozu horren gainean?

Beno, ni baikorra naiz, eta uste dut Legebiltzarraren, Gobernuaren eta Bord na Gaidhligen arteko elkarlanarekin hizkuntza susta dezakegula. Baina batzorde horren oharkizuna eskertzen dut, legeriak soilik ez baitu hizkuntza salbatuko; herritarrek ere harekiko konpromisoa erakutsi behar dute, hura erabilita. Denok egin behar dugu lan legegaia modu arrakastatsuan gauzatzen dela ziurtatzeko.

Gaelikoaren irakaskuntzarekiko «benetako konpromisoa» eskatu dio Legebiltzarreko batzordeak Eskoziako gobernu autonomoari. Bord na Gaidhlig zer ari da egiten gaelikoaren irakaskuntza eta erabilera sustatzeko?

Hezkuntzari eman diogu lehentasuna. Jendeak gaelikoa ikas dezan hasitako zeinahi ekimen bultzatu eta babesten dugu eta, jakina, ahalik eta herritar gehien gaeliko irakasle bihur dadin ere. Izan ere, gaeliko irakasleak urri dira, eta arlo hori hobetu beharra dago, inondik ere.

Irakasle eskasiari aurre egiteaz gain, zer beste erronka edo gabezia ditu gaelikoaren esparruak?

Nagusia, hizkuntza erabiltzearena. Ikastetxeetatik ateratzen diren hiztunen kopurua hiltzen diren hiztunena baino txikiagoa da. Hiztun berriak lortzea eta familiei haurrak ikastetxe gaelikoetara eramateko konbentzitzea erronka garrantzitsuak dira.

Zer-nolako jarrera dute eskoziarrek gaelikoaren inguruan?

Gero eta eskoziar gehiagok onartzen dute gaelikoa gure hizkuntza nazionala dela; hala, Legebiltzarrera iritsitako legegaiak on egingo dio jarrera horri. Baina oraindik lan asko dago egiteko. Gainera, oraindik badaude eskoziar asko gaelikoa berezkotzat jotzen ez dutenak...

Lowlands eskualdeko (Eskozia beherea) jendeaz ari zara, ezta?

Bai, bereziki Lowlandsekoak; scots hizkuntza hurbilagotzat eta berezkoagotzat dute gaelikoa baino. Baina hango toki izenei ere erreparatzen badiete, ohartuko dira askok eta askok jatorri gaelikoa dutela. Gaelikoak eskoziar guzti-guztiei eskaintzen ahal die zerbait. Erakutsi behar diegu gaelikoz bizi eta lan egin daitekeela. Graduatu ondoko ikerkuntza arloraino ere iristen da gaelikoa.

Zenbait kritikok esan dute okerra dela gaelikoaren legegaiak Bord na Gaidhligeko kideak derrigorrez gaelikodunak izatea ez behartzea. Zer diozu horretaz?

Hara, iraganean zenbait kidek gaelikoz ez bazekiten ere, gaur egun kide guzti-guztiok gara gaeliko hiztunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.