Milaka ikurrin ikusi dituzte mundu osoan egunotan, Frantziako Tourraren irudien bitartez. Atzo bertan, Ikurrina bai, espainola ez! leloarekin bat egin zuen, nolabait, lasterketaren Twitterreko kontu ofizialak, Pello Bilbaoren garaipena ospatzeko mezuan. Horrek hainbat nazionalista espainiarren haserrea piztu zuen sareetan. Baina ez dira horiek ikurrina gorroto duten bakarrak. Atzo bertan, euskal banderak erre zituzten Irlandako iparraldean.
Twitterren erabiltzaile Mairtin McG-k atzo arratsaldean argitaraturiko argazkian ikusten da su horietako bat, erre aurretik. Irudia Derry inguruko Drumahoe herrixkan harturikoa dela esan du txiolariak. Mezuan, salatu du unionistek esaten dutela euren «kulturaren parte» dituztela suak, eta kultur ekitaldi gisa errespetatu behar direla.
Drumahoe outside Derry. Respect are #kulturepic.twitter.com/iRjVJX9bq9
— Mairtín MacG (@MacgMairtin) July 11, 2023
Irlandako Errepublikako bandera, ikurrina eta beste zenbait ikur ikus daitezke hor, erretzeko paratuta. Mila biztanle pasatxo ditu Drumahoek, eta ia %90 jatorri protestantekoak dira han.
Twitterren erabiltzaile batzuek harrituta ikusi dute ikurrina ere hor. «Zer egin diete euskaldunek?», galdetu du Alan Bouse txiolariak. «Etsaien ikur bilduma polita daukate hor. Ikusten ditut Italiakoa, Europakoa, Irlandakoa, Euskal Herrikoa, zeltikoa... irizpiderik erabiltzen al dute hor?», idatzi du Pearse Reynolds irlandarrak. Umorea erabili dute gehienek, baina bada serio idatzi duenik ere: «Ezin al da hori gorroto delitu gisa salatu?».
Irlandako unionistek ikurrina erretzea ez da berez berria. Urtero ospatzen dute herri eta auzo unionistetan Haimakagarren Gaua deiturikoa: bertan, Ipar Irlanda uharteko beste eskualdeekin bat egitearen kontrakoek eta Erresuma Batuaren menpe jarraitzearen aldekoek gorroto dituzten ikurrak erretzen dituzte, su handi batzuetan. Izan ere, gaur, uztailaren 12an, Orangeko Gilen errege protestantearen tropek Jakue II.a katolikoaren aldekoak garaitu zituztela gogoratzen dute. Orduan hasi ziren Londresekin loturiko protestanteak nagusitzen uhartean, eta menpean eduki zituzten, hiru urteko gerrilla gerra baten ostean 1921. urtean Ingalaterra-Irlanda Ituna sinatu zuten arte. Horren arabera, irlandar gehienek independentzia lortu zuten, eta gaurko Irlandako Errepublika estatua sortu zuten. Haatik, estatu horretatik kanpo geratu zen uhartearen iparraldearen zati bat, eta han nagusi izan dira unionistak hamarkada luzez.
Suen gaua ere esaten diote bart gaueko ekitaldiari. Berrehun inguru piztu izan dituzte azken urteotan. Horietako asko talde unionista paramilitarrek antolatzen dituztela salatu izan dute. Ipar Irlandara nolabaiteko bakea ekarri zuen Ostiral Santuko Itunaren ostean (1998), egon dira saioak ospakizunoi kutsu politikoa kentzeko, gorrotoa betikotzeko tresna izan ez daitezen. Besteak beste, irlandazaleen ikurrak ez erretzeko eskatu izan diete antolatzaileei.