Lokatz eta zabor artean esnatu dira Valentzian (Herrialde Katalanak). Han inoiz izandako hondamendi naturalik handiena gertatu da aste honetan: gutxienez 158 lagun hil dira euriteen ondorioz, Valentziako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, eta ehunka pertsona desagertuta daude oraindik. Horiek bilatzen jarraitzen dute erreskate zerbitzuetako langileek eta topatutako gorpuen kopurua gora ari da egiten. Agintariek iragarri dutenez, espero dute bilatu ahala gorpu edo pertsona gehiago topatzea. Iritzi berekoa da Esperança Camps Vilaweb hedabideko Valentziako erredakzioburua: «Erreskate taldeek zailtasun handiak izan dituzte zenbait gunetara heltzeko; hemendik aurrera ikusiko ditugu denboralearen ondoriorik latzenak».
Euriteek Valentzian eragin dituzte ondoriorik lazgarrienak, baina Espainiako toki batzuetan ere izan dira hildakoak eta kalte materialak. Cuenca probintzian pertsona bat hil da; Leturren (Albacete) beste gorpu bat topatu zuten atzo, eta bost pertsonaren bila ari dira; Alhaurin de la Torren (Malaga) beste pertsona bat hil zen ospitalera bidean zihoala.
Denboraleak gogor jo du Mediterraneo mendebaldea, eta hainbat errekak eta ibaik gainezka egin zuten herenegun. Eraikinak, zubiak eta ibilgailuak eraman zituen urak. Zenbait tokitan, ordu gutxian 400-500 litro ur bota zituen metro karratuko. Campsek telefonoz eman dio Valentziako egoeraren berri BERRIAri. Camps bera ez da hiritik atera, baina Vilaweb-eko argazkilari bat kalte gehien jasan dituzten guneetara joan dela jakinarazi du, baita hark kontutakoak azaldu ere: «Atzo saiatu zen Paiportan sartzen, hildako gehien izan den herrian, baina lortu ez. Gaur goizean oinez joan da, eta lortu du sartzea, baina lanak ditugu harekin hitz egin ahal izateko, ez baitago estaldurarik, ez elektrizitaterik, ezta urik ere. Kontatu didanagatik, egoera izugarria da: jendea supermerkatuetara sartzen ari da, jakiak eta bestelako hornigaiak eskuratu nahian. Gainera, ziurgabetasun handia dute, ez dakite zer aurkituko duten etxera itzultzen direnean».
«Erreskate taldeek zailtasun handiak izan dituzte zenbait gunetara heltzeko; hemendik aurrera ikusiko ditugu denboralearen ondoriorik latzenak»
ESPERANÇA CAMPS'Vilaweb' hedabideko Valentziako erredakzioburua
Paiporta herriak 25.000 biztanle pasatxo ditu, eta, oraingoz, 62 gorpu aurkitu dituzte han alkateak jakinarazi duenez. Valentzia hiriaren hegoaldeko Horta Sud eskualdean dago Paiporta. Gune horretan eragin du denboraleak kalte gehien, eta horren arrazoia eman du Vilaweb-eko erredakzioburuak: «Gune horretan isurtzen ditu urak Poio ibaiaren sakanak, eta kalte handienak hark sortu zituen. Gainera, Paiporta herria Poio eta Torrent sakanen artean dago, horregatik hil da hainbeste jende han».
Ribera Alta eskualdean ere kalte handiak izan direla jakinarazi du Campsek. Haren koinatuak taberna bat dauka gune horretako herri batean, Algamesin: «Gaur arte ezin izan da sartu tabernara. Gaur, argazkiak bidali dizkigu, eta horietan ikusten da urak 60 zentimetroko garaierara iritsi zela eraikinaren barnean». Kalteak larriagoak izan badira ere gune batzuetan beste batzuetan baino, Valentzia osoarentzat «kolpe latza» izan dela azaldu du Vilaweb-ekoak.
Oraindik elektrizitaterik gabe daude 77.000 etxebizitza, horniduraz arduratzen den i-De enpresak jakinarazi duenez; gainera, 120.000 etxebizitza inguru telekomunikazio konexiorik gabe zeuden atzo gauean. Askok gaua etxetik kanpo pasatu dute, hain justu, urak etxea eraitsi dielako ala lokatzez zikinduta zegoelako; 447 pertsona daude aterpetxeetan. Herritarrak garbiketa lanetan dabiltza, eta baliabideen zain daude. Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak 250 milioi euroko diru laguntza iragarri du ondorioei aurre egiteko: 6.000 euro emango dizkio kaltetu bakoitzari. Espainiako Gobernuak larrialdi kabinetea aktibatu du Moncloan, eta hiru dolu egun ezarri zituen atzo.
Garraio azpiegiturak, suntsituta
Garraio azpiegituretan ere izan dira kalteak. Urak aurrean eramandako ibilgailuek traba egiten dute zenbait errepidetan, eta beste zenbait bide suntsituta geratu ziren uholdeen ondorioz. Era berean, trenbide sarean ere kalteak eragin ditu denboraleak. Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak gaur azaldu du Madril eta Valentzia lotzen dituen abiadura handiko trena ez dela erabilgarri egongo «bizpahiru astez». Halere, Valentziako aldirietako tren sarea «are eta okerrago» dagoela zehaztu du Puentek, baita horiek martxan jartzeko denbora gehiago beharko dela ere.
Euriteen abisua aktibo dago gaur ere. Aemetek abisu gorria jarri du Castello iparraldean eta Tarragona hegoaldean (Herrialde Katalanak), euria barra-barra ari baitu: azken zortzi orduetan, 100 litro ur baino gehiago bota ditu metro koadroko inguru horretako leku batzuetan. Espainian, abisu horia ezarrita dago Cadizen, Huelvan, Sevillan eta Extremaduran.
Castelloko Tirig herrikoa da bideo hau, gaur goizekoa:
Situació complicada a Tírig (l'Alt Maestrat) a les 8 del matí. Ja porten 165 l/m² hui. Desconeixem l'autor del vídeo.
— AVAMET (@avamet) October 31, 2024
Moltíssima precaució hui a les comarques de Castelló. Algunes rambles o rius podrien desbordar-se. pic.twitter.com/ViG9GczccO
Erantzule bila
Vilaweb-eko erredakzioburuak kritikatu egin du Valentziako Generalitateko presidentearen kudeaketa: «Astearte eguerdian agerraldi bat egin zuen, eta arratsalderako egoera hobetuko zela iragarri. Ordurako, baina, Jucarreko Ur Konfederazioak alerta bat zabaldua zuen Magre ibaiaren egoeragatik. Gaueko bederatziak eta erdi arte ez zuen beste prentsaurrekorik eman, eta, orduan, daturik ez zeukala baino ez zuen esan. Jende asko errepideetan ez aurrera ez atzera zegoen, beste batzuk merkataritza guneetan aterpe hartuta... Orduan ikusi genuen lemarik gabeko gobernu bat genuela aurrean».
Aemetek astearteko 07:30ean pasatu zuen abisua laranjatik gorrira, maila gorenera, Valentzia hegoaldean —jada 90 ur litro bildu ziren ordubetean—; 09:40an hedatu zuen abisu gorria Valentzia osora, eta 20:00ak bitarte eutsi zioten.
Lurraldeko Babes Zibilak astearteko 20:12an bidali zuen abisua herritarren sakelakoetara. Ordurako, milaka pertsona zeuden errepidean, euren lanpostuan edo saltoki handietan harrapatuta. Askok deitu zuten 112 larrialdietarako telefonora, baina telefono lineak gainezka egin zuen. Espainiako Barne Ministerioak berretsi du Generalitateari zegokiola abisu masibo hori egitea. Campsek uste du egoera ondo azaltzeko balio duela Vilaweb-eko zuzendari Vicent Partalek gaur idatzitako editorialean deskribatutako irudi batek: «Ez du ezertarako balio itotako biktima baten sakelakora alerta bat iristeak».
Valentziako Generalitateak legealdi hasieran hartutako neurria ere seinalatu dute beste batzuek. Mazonen taldeak uztailean hartu zuen kargua, eta, lau hilabeteren ondoren, desegin egin zuen Valentziako Larrialdietarako Unitatea. Aurreko gobernuak sortu zuen erakunde hori, larrialdi meteorologiko, baso sute edo itsasikararen bat gertatuz gero lurralde horretako edozein lekutan azkar esku hartzeko baliabide gisa, hain zuzen. «Ez dakigu zer geratutako zen unitate hori lanean aritu izan balitz, baina gobernu batek horrelako agentzia bat desegitea bitxia da», azaldu du Campsek.