Denbora agortzen ari zaio Netanyahuri

Bahitu israeldarren senideak gero eta presio handiagoa egiten ari dira Israelgo lehen ministroari, horiek aske uzteko ahaleginak areagotzeko. Kairon bildu dira AEBetako, Egiptoko, Qatarko, Israelgo eta Hamaseko ordezkariak, su eten bat hizpide.

(ID_13517586) MIDEAST ISRAEL PALESTINIAN CONFLICT
Gatibu israeldarren senideak eta herritarrak protestan, Kerem Xalom mugan, iragan astean. ABIR SULTAN/EFE
maddi iztueta olano
2024ko urtarrilaren 31
13:00
Entzun

Alde batetik eta bestetik gero eta presio handiagoa egiten ari zaizkio Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri, Hamasek bahitutako israeldarrak askatzeko ahaleginak areagotu ditzan. Urriaren 7tik hona behin eta berriz egin diote eskaera horixe bera, baina erabaki bat hartzeko denbora agortzen hasi zaio Netanyahuri. Urtarrilaren 23tik, Israel hegoaldeko eta Gaza iparraldeko Kerem Xalom mugan protestan ari dira gatibuen senideak eta ehunka herritar. Elkarretaratzeek oztopatu egin dute mugatik zerrendara laguntza humanitarioa sartzea.

Bahituen senideez gain, AEB Ameriketako Estatu Batuak ere hasi dira Netanyahuri zorrotzago hitz egiten. Oldarraldia hasi zenetik, behin eta berriz errepikatu dituzte bi eskaera: zibilak babesteko, eta gatibuen afera lehenesteko. AEBen ohartarazpenei eta herritarren haserreari gehitu behar zaio Nazioarteko Justizia Auzitegiaren jopuntuan daudela haren urrats guztiak, baina, halere, Israelgo lehen ministroak ez du oraindik auzi horri buruzko erabaki zehatzik hartu. Aldi berean, gaur Kairon bildu dira Qatarko, AEBetako, Egiptoko eta Israelgo zenbait ordezkari, su eten bat negoziatzen jarraitzeko. Hamaseko adar politikoko buru Ismail Haniyehk jakinarazi duenez, bera ere bilerara joan da. Iragan azaroko astebeteko menia amaitu zenetik lehen aldiz, Israelek eta Gazako milizia palestinarrek eskura dute beste su eten bat hitzartzea. Hori da, behintzat, bitartekariek —AEBek, Qatarrek eta Egiptok— egunotan helarazi duten mezua.

Menia hori adosteko baldintzak eta helburuak ez dira berberak, ordea, bi aldeentzat: Tel Avivek nahi du Hamasek bahituta dauzkan zibil eta soldadu israeldarrak aske uztea; eta organizazio islamistak eskatu dio Israeli tropak zerrendatik ateratzeko eta erasoak behin betiko eteteko. Dena den, Netanyahuk argi esan du gaur goizaldean: «Israelgo armada ez da Gazako zerrendatik irtengo, eta ez ditugu aske utziko milaka terrorista palestinar».

«Israelgo armada ez da Gazako zerrendatik irtengo, eta ez ditugu aske utziko milaka terrorista palestinar».

BENJAMIN NETANYAHUIsraelgo lehen ministroa

The Jerusalem Post egunkariak atzo kaleratu zuenez, hiru fase izango lituzke: lehenengo fasean, 35-40 gatibu israeldar askatuko lituzke Hamasek, emakumeak, osasunez larri daudenak eta 60 urtetik gorako gizonak, eta, trukean, sei asteko su etena indarrean jarriko lukete eta hainbat preso palestinar askatuko lituzkete; bigarren fasean, bahitutako gizonezko soldaduak eta 60 urtetik beherako zibilak utziko lituzkete aske; azkenik, hirugarren fasean, bahiturik zeudela hil direnen gorpuak emango lizkioke Hamasek Tel Avivi. Joan den asteburuan ondu zuten menia proposamena, Parisen.

Beste aliantza bat

EB Europako Batasuna ia-ia prest dago Itsaso Gorriko «nabigazioa babesteko» misioa abian jartzeko, erakundeko diplomaziaburu Josep Borrellen arabera. Litekeena da datorren otsailaren 17an operazioarekin hasi ahal izatea, nahiz eta oraindik zenbait xehetasun argitzeko dauden. «Erabaki behar duguna da nor egongo den agintean, non egongo den aliantzaren kuartel nagusia, eta zer ontzi emango dituzten estatu kideek».

Hain zuzen, gaur Bruselan bildu dira EBko estatuetako Defentsa ministroak, eta, Borrellen esanetan, euren asmoa da zalantza horiek guztiak gaur argitzea. Hori bai, aintzat hartzekoa da estatu kide guztiek ez dutela «borondaterik», nolabait esatearren, aliantza edo misio horren parte izateko. Halere, herrialde batek berak ere ez du operazioaren aurka egin.

Palestinarrei elkartasuna adierazteko, Yemengo matxino huthiak iragan azarotik ari dira Israeli eraso egiten. Horretarako, euren kostaldeko Itsaso Gorria ari dira baliatzen, hortik Israelera bidean doazen ontzi komertzialei eraso egiteko. Gaur bertan, AEBek jakinarazi dute huthiek jaurtitako misil bat gelditu dutela.

Eta tentsioa etengabe gora doan honetan, AEBei zuzenean mehatxu egin die Irango Guardia Iraultzaileak, gatazka hasi zenetik lehen aldiz. «Batzuetan, etsaiek mehatxuak egiten dituzte, eta egunotan birritan iritsi zaizkigu AEBetako zenbait funtzionarioren mehatxuak. Gure erantzuna da ja tentatu gaituztela; ezagutzen dugu elkar, eta ez dugu mehatxurik utziko erantzunik gabe», esan du gaur goizean Irango Guardia Iraultzaileko buru Hossein Salamik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.