Eztanda gehiago Libanon, Hezbollahren aurkako erasoaren biharamunean

Leherketa gehiago izan dira gaur Libanon eta, gutxienez, hamalau lagun hil dira. Hainbat hedabideren arabera, Israelgo zerbitzu sekretuak daude erasoaren atzean. Tel Avivek ez du adierazpenik egin.

Anbulantzia bat Beiruteko kaleetan, gaurko eztanden ostean. WAEL HAMZEH / EFE
Anbulantzia bat Beiruteko kaleetan, gaurko eztanden ostean. WAEL HAMZEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko irailaren 18a
16:01
Entzun

Zenbait leherketa izan dira Libanoko hainbat hiritan gaur arratsaldean. Atzo, aldi berean eztanda egin zuten Libanoko Hezbollah talde xiitako milaka kideren pertsona-bilagailuek. Zenbait hedabidek baieztatu dutenez, gaur ere komunikazio gailuek eztanda egin dute, batez ere, walkie-talkieek. Halere, bestelako gailuak ere lehertu direla jakinarazi du Al-Jazeera hedabideak, tartean, eguzki panelak edota mugikorrak; guztiak, aparatu bateriadunak. Gutxienez, hamalau lagun hil dira gaurko erasoan, Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, eta 450 zauritu baino gehiago. Atzoko erasoetan hildako baten hiletan gertatu da eztanda horietako bat. Hori erakusten du sare sozialetan zabaldutako bideo batek.

Erresuma Batuko Reuters agentziaren arabera, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuek prestatu zuten atzoko erasoa. Gutxienez hamabi lagun hil zituzten atzoko leherketek —horietako bi adin txikikoak—, eta ia 3.000 lagun zauritu. Reurtersek argitaratu duenez, Mossadek lehergailuak jarri zituen Hezbollahk duela hainbat hilabete inportaturiko 3.000 bilagailu baino gehiagoren barnean. Informazio hori Libanoko segurtasun arloko goi kargudun batek eta beste iturri batek eman diotela jakinarazi du Reutersek. Bestalde, The New York Times egunkariak ere Israel jo du erasoen egiletzat, AEBetako iturri ofizial bat aipatuta iturri gisa.

Era berean, xehetasun gehiago eman dituzte AEBetako beste bi hedabidek: Axiosek eta Al-Monitorrek. Biek ala biek baieztatu dute erasoa «pentsatu baino lehenago» egin dutela. Izan ere, Israelgo eta AEBetako iturriek jakinarazi dietenez, Tel Aviv kezkatuta zegoen Hezbollahk planaren berri ote zuen; beraz, lehenago leherrarazi zituzten. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Hezbollahren aurkako «ekintza militar» bat gauzatu beharraz mintzatu zen astelehenean, eta atzo gertatu ziren eztandak. Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, are gehiago gaiztotu da talde xiitaren eta Tel Aviven arteko harremana.

Hezbollahk atzo gauean zabaldutako mezu batean ohartarazi zuen erasoek erantzuna izango dutela. Gainera, gaur gehitu du «Gaza babesteko operazioekin» aurrera jarraituko duela. Taldeko lider Hassan Nasrallah bihar arratsaldean da hitz egitekoa azken gertakarien inguruan. Talde xiitaren erantzun posiblea dela eta, Israelek soldadu gehiago bideratu ditu gaur iparraldeko mugara. Haaretz Israelgo egunkariak jakinarazi duenez, Israelgo armadak 98. dibisioa bidali du hara; aurrez Gazako zerrendan aritu da.

«Ez gaitu Hezbollahk beldurtzen, baizik eta Israelen kriminalitateak; izan Gazan, edo izan Libanon. Gobernua kexa bat prestatzen ari da NBEko Segurtasun Kontseiluari aurkezteko»

ZIAD MAKARILibanoko Informazio ministroa

Libanoko Gobernuak ere Tel Aviv egin du leherketen erantzule. Ziad Makari Libanoko Informazio ministroak adierazpen hauek egin ditu: «Ez gaitu Hezbollahk beldurtzen, baizik eta Israelen kriminalitateak; izan Gazan, edo izan Libanon. Gobernua kexa bat prestatzen ari da NBEko Segurtasun Kontseiluari aurkezteko».

Bitartean, Israelek ez du bere gain hartu erasoa. Herrialdeko armadak bere Telegram kanalean gaur goizean zabaldutakoaren arabera, atzo eraso egin zieten Hezbollahren «azpiegitura terroristen kokalekuei», Libano hegoaldeko bost gunetan. Baina ez dute aipatu ere egin bilagailuen erasoa. Mezuan gehitu dutenez, Hezbollah erakundearen «mehatxu terroristari aurre egiten eta Israel defendatzen» jarraituko dute.

Gatazka hedatzeko arriskua

Bart, berripaper honen edizioa itxi zenean, bederatzi ziren erasoan hildakoak. Gaur, jada, hamabi dira. Eztanda gehienak Libano hegoaldean, Bekaa haranean eta Beiruteko Dahiyeh auzunean gertatu ziren; gune horietan du indarrik handiena talde xiitak. Bestalde, Sirian ere badaude zaurituak, baina ez dute daturik eman.

Firas Abias Libanoko Osasun ministroak azaldutakoaren arabera, ospitalean artatutako gehienek zauriak eta erredurak dituzte aurpegian eta eskuetan. Zauri horiengatik anputazio «asko» egin behar izan dituztela ere jakinarazi du, baita zaurituen artean hirurehun larri daudela ere. Leherketek zauritu zituztenetako bat da Mojtaba Amani, Iranek Beiruten duen enbaxadorea.

Herrialde horrek ere Tel Avivi egotzi dio erasoa. Irango Atzerri ministro Nasser Kanaanik «erregimen sionistaren eta haren mertzenarioen arteko operazio konbinatuen jarraipen» gisa definitu du atzokoa. Irango Tasnim berri agentziak jasotako adierazpenetan, Kanaanik gehitu du atzoko «operazio terroristak» argi erakusten duela ezen Israelek, «Palestinako herriaren aurkako gerra krimenak eta genozidioa egiteaz gainera, arrisku larrian jarri dituela eskualdeko eta nazioarteko bakea eta segurtasuna».

Turkiako presidente Racep Tayip Erdoganek ere Israel egin du erasoaren erantzule. Eta adierazi du «oso arriskutsua» dela Netanyahuren gobernua gatazka Ekialde Hurbilean zabaltzeko egiten ari den esfortzua. Tel Aviven eta Hezbollahren arteko tirabirez gainera, Iranen eta Israelen arteko harremana are eta gehiago gaiztotu da, iragan uztailaren amaieran Ismail Haniyeh Hamasen adar politikoko burua Teheranen hil zutenetik.

Ez dago argi nork egin dituen bilagailuak

Hezbollahren aurkako erasoan eztanda egin zuten bilagailuak nork eginak diren ez dute argitu oraindik. Hasieran, Gold Apollo Taiwango enpresaren izena zabaldu da. Hainbat iturri ofizialek hedabideei egindako adierazpenetan aipatu dute enpresa horren izena. Gold Apollok, baina, ukatu egin du atzo lehertu ziren pertsona bilagailu horiek egin izana.

Enpresak horrek gaur goizean zabaldutako ohar batek dio akordio bat duela BAC Consulting Hungariako enpresarekin. Gold Apolloren arabera, BAC Consultingek bere produktuak Taiwango enpresaren izenarekin sal ditzake «gune jakin batzuetan». Eta Gold Apollok gehitu duenez, ez du inplikaziorik gailu horien diseinuan, ezta fabrikazioan ere. Taiwango Gobernua ere enpresaren defentsan atera da. Azaldu duenez, Gold Apollok ez du horrelako aparaturik esportatu Libanora azken urteetan.

Taiwango fabrikatzaileak seinalatu duen BAC Consultinek ere ukatu egin du aparatuak egin izana. Budapesten egoitza duen enpresako zuzendariak, Cristiana Barsony-Arcidiaconok, AEBetako NBC hedabidearekin hitz egin du. Baieztatu du Gold Apollo enpresarekin lan egiten dutela, baina ez dituela aparatuak fabrikatzen; esan du, soilik «bitartekari» lanak egiten dituela.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.