«Denak hilak dira. Segi etxera»

Mundu arabiarreko milaka emakume bilaka dabiltza, non aurkituko gatazketan hamarkadaz hamarkada desagertu zaizkien ingurukoak. Agintariek, ordea, ez dute nahi inoren bila ibiltzerik, beren krimenak zigorrik gabe geratzea nahi baitute.

Mundu arabiarrean desagertuen senide batzuk, iazko ekitaldi batean, Beiruten. Beheko lerroan, erdian daude Walad Halawani eta Fadwa Mahmud. JOAN CABASES VEGA
Mundu arabiarreko gatazketan desagertuen senide batzuk, iazko ekitaldi batean, Beiruten. Beheko lerroan, erdian daude Walad Halawani eta Fadwa Mahmud. JOAN CABASES VEGA
Beirut
2024ko abuztuaren 22a
05:15
Entzun

Gizon batzuk etxean azaldu zitzaizkion, estatuaren agenteak omen. Senarra eraman zioten, Adnan, errepide istripu bati buruzko galdetegi bat bete behar zuelako aitzakian. 1982ko irailean izan zen, gerra zibila gordin-gordin zegoela. Geroztik, inork ez du Adnanen berri izan. Walad Halawani libanoarra direnak eta ez direnak egiten ari da ikusarazteko legezko eskubide bat dela senarrari zer gertatu zaion jakitea, ez dela borroka emozional hutsa.

Hura gertatu eta bi hilabetera, senarrik gabe bere bi haurrak hazten ari zelarik Libanoren historia hurbileko garairik latzenean, Halawanik komite bat sortu zuen: Libanon Bahituen eta Desagertuen Familien Batzordea. Gatazka zibila gori-gori zegoen hartan, gerraren kontrako emakume batzuk jarri ziren taldearen gidari. Kasik egunero desagertzen zen norbait. Halawanik eta beste emakume batzuek egia jakin nahi zutela adierazten zuten bakoitzean, Libanoko agintariek berdin erantzuten zuten: «Denak hilak dira. Segi etxera».

Mundu arabiarreko gizarteetan ohikoa da agintariek horrela mespretxatzea egia jakitearen aldeko borroka. Bilaka dabiltzan emakume horiek urteak eta urteak daramatzate desagertuak aurkitu gabe, baina elkar aurkitu dute bidean. Ekialde Hurbila astintzen duten gerren eta zuzenbide estaturik ezaren ondorioz, zigorrik gabe geratzen dira milaka krimen, eta argitu gabe milaka lagunekin gertatutakoa.

Desagertze Behartuen Biktimen Nazioarteko Eguna zela-eta orain dela gutxi egindako topaketa batean, Amnesty Internationalek hainbat aktibista bildu zituen, Iraken, Sirian, Yemenen eta Libanon borrokan dabiltzanak. Denek batera salatu zuten oztopoak jartzen dizkietela herrialde bateko eta besteko gobernu autoritarioek, eta, hala, agintariek uko egiten diotela kontuak emateari eta desagertuen ingurukoak argitzeari.

Horren erakusgarria da Halawani libanoarraren frustrazioa. 1990ean, gerrako jauntxoek Ta'if-eko Hitzarmenak sinatu zituzten gobernuko jauntxo bihurtzeko, eta argiro erakutsi zuten zaila baino zailagoa jarriko zutela egia jakitearen aldeko borroka. Herritarren kezkabiderik handienetako batzuk kontuan hartu ordez, hala nola justizia trantsizionala eta desagertuei gertatutakoa, hauxe egin zuten hitzarmen haietan: amnistia onartu, krimenen egileak babesteko eta biktimak baztertzeko.

«Agintariek kontuak ematea nahi dugu, eta halako krimen gehiagorik ez egitea»

WALAD HALAWANILibanon Bahituen eta Desagertuen Familien Batzordearen sortzailea

Gaur egun, Halawanik zerbait lortu du, baina helburu txiki batzuk baino ez. 2018an, Libanoko Legebiltzarrak 105. legea onartu zuen: horren bitartez, batzorde bat sortuko zuten desagertuen ingurukoak ikertzeko. «Guk proposatu genuen lege hori», gogorarazi du Halawanik, haserre, Libanon Bahituen eta Desagertuen Familien Batzordearen lana gogoan. «Familia batzuek landu genuen legea, abokatu, epaile erretiratu eta unibertsitateko irakasle batzuekin batera; geronek egin genuen parlamentuko kideek egin behar zuten lana».

Batzorde horrek 10 kide ditu, eta helburu bakarra, baina ez du fruiturik eman. Eta Halawanik ez du espero ematea. «Proiektua aurrera ateratzeko baliabideak behar dira, eta halakorik ez dago», adierazi du, penaz. «Ministroen Kontseiluak diru gehiago eman behar dio batzordeari».

Biktimen familiek, askotan, inoren laguntzarik gabe borrokatu behar dute zailtasunen kontra, eta, horregatik, desagertuen aldeko eguna eratzea ezinbestekoa iruditzen zaio Halawaniri: «NBEk [Nazio Batuen Erakundeak] Desagertu Behartuen Biktimen Nazioarteko Eguna sortu zuen, ez ospatzeko, baizik eta babesa emateko beren maiteak non dauden ez dakiten familien eskubidearen alde».

Urteak eta urteak dira erakundeek ezer egiten ez dutela, baina horrek ez du apaldu familien justizia gosea: «Agintariek kontuak ematea nahi dugu, eta halako krimen gehiagorik ez egitea. Dolua pasatzeko eskubidea dugu, eta hildakoak lurperatzekoa, behar bezala. Egia jakiteko eskubidea dugu». Halawanik argi dauka: «Hilen familientzat egun guztiak dira desagertuen eguna, egunero baititugu gogoan».

Desagerpenen atzean, politika

Fadwa Mahmud emakume siriar bat da, eta, elkarrizketan, irribarre egin du une batez: gogora ekarri duenean zer jaki prestatzen ari zen 2012ko eguerdi hartan, senarra eta semea desagertu zitzaizkion egunean. Inork ezin izan zuen jan prestatutakoa. Sorbaldak goraturik, begiak esperantzaz beterik, Mahmudek esan du bere maiteak etxera itzultzean orduko jaki bera jarriko diela mahaian.

Mahmudi segituan aldatu zaio falta direnen itzulera imajinatzen dueneko hazpegi samurra. Desagerpenen atzean politika egon ohi da maiz, eta halaxe da haren seme Maher-en eta senar Abdelaziz-en kasuan. «Desagertu zirenean, biltzar bat egiten ari ziren Siriako oposizio bakezalea batzeko», gogorarazi du 65 urte inguruko emakume horrek. «Uste genuen ez zituztela luzarorako atxilotuko, biltzarra bukatutakoan libre utziko zituztela. Zoritxarrez, urte asko pasatu dira, eta ez dira gehiago agertu».

Mahmudek badu atxilotu ez zuten beste seme bat, eta badaki hura babesteko ezinbestekoa zaiola Maher eta Abdelaziz ahaztea: «Desagertu ziren egunetik, ezertxo ere ez dakit haietaz, eta galdetuko banu, atxilotu egingo nindukete». Mahmud penatuta mintzatu da bere egoeraz, Siriaren egoeraz: «Arrunt garesti ordaindu dugu iraultza». Nolanahi ere, ez zen batere harritu senarra eta semea atxilotu zizkiotenean. Bera ere atxilo egona zen urte batzuk lehenago, Siria Hafez al-Assad-ek gobernatzen zuenean, oraingo presidentearen aitak. Anaiak atxilotu zuen Mahmud, Siriako unitate militar baten burua baitzen. «Bai, bi urte atxilotuta eduki ninduen nire anaiak gidatzen zuen unitate militarrak», azaldu du Mahmudek. «Al-Assadtarren erregimena prest dago familiak bereizteko, eta jendeak jakin egin behar du hori».

«Desagertu ziren egunetik, ezertxo ere ez dakit haietaz, eta galdetuko banu, atxilotu egingo nindukete»

FADWA MAHMUDAskatasunaren Aldeko Familiak taldearen buruzagietako bat

Denborarekin, Askatasunaren Aldeko Familiak taldearen buruzagietako bat bihurtu da Mahmud. Talde horretan, desagertuen ingurukoak ikertzen dituzte. Bai Mahmud eta bai kausa horri emanak dauden gainerako emakumeak ez dira aritzen beren hurkoen alde bakarrik, baizik eta desagertu guztien alde. «Esperoan egonda, borroketan nabil 2012ko egun hartaz geroztik», zehaztu du Mahmudek. «Eta ez naiz aritzen Maherren eta Abdelazizen alde bakarrik, baizik eta Sirian desagerrarazi dituzten gazte guztien alde». Kontu horrek denei eragiten diela uste du: «Ez naiz borrokatzen nekatuko, ez dut etsiko: borrokan segituko dut».

Nazioarteak du azken hitza

Jendea desagerrarazten duten agintariak ez dira berberak Sirian, Libian, Iraken eta Yemenen, baina badu zentzua bateko eta besteko familiak elkartzeak, denen kasuak antzekoak baitira. «Zoritxarrez, mundu arabiar guztian, bai gobernuek eta bai estatuko agenteek jendea desagerrarazten dute, zigortuak izan gabe», adierazi du, nahigabeturik, Aya Majzub-ek, Amnesty Internationalek Ekialde Hurbilean eta Afrika Iparraldean duen zuzendariondokoak. «Askotan, gobernuarekin zerikusia duen jendea da, edo gobernukideak berak, edo herrialdea mendean dutenak; beraz, interes handia dago halako lege auziak ixteko».

Boterean daudenek garaiezinak dirudite, baina amnistiak onartzen dituzte, beldur baitira. «Beldurrez daude ez ote diren argitara aterako egin dituzten krimen guztiak, ez ote duten erantzun beharko, eta, ondorioz, ez ote duten boterea galduko», kontatu du Majzubek.

Mundu arabiarrean desagerturikoen irudiak
Mundu arabiarreko gatazketan desagerturikoen irudiak. JOAN CABASES VEGA

Mediterraneo ekialdean gertatu dira Mahmudek eta Halawanik salatzen dituzten krimenak, baina nazioartearen jokabidea funtsezkoa da: zer jarrera hartzen duen emakume horiek justiziaren alde egiten duten borrokaz. NBEko Batzar Nagusiak ebazpen bat onartu zuen aurtengo ekainaren bukaeran, eta hitzeman zuen Sirian desagertutako guztien kasuak ikertuko dituztela. Ebazpenaren arabera, NBEk erakunde bat osatu behar du «Sirian desagertutako guztiei zer gertatu zaien eta non dauden argitzeko».

Nolanahi ere, halako ebazpenak paper errea izan ohi dira. Horren frogagarri da Libanoko Legebiltzarrak batzorde bat sortzea erabaki zuela 2018an, Halawaniren eta beste hainbat aktibistaren urteetako lanaren ondorioz, baina oraindik ez dela martxan jarri. Hori aldatzeko, ezinbestekoa izango da nazioartea inplikatzea eta egia jakiteko halako ebazpenetan ezartzen diren finantzabideak ematea. Bestela, ebazpenok beste modu bat izango dira familiei adierazteko interesik ez dagoela kontu hori argitzeko, denak hilak direla eta ea etxera joaten diren behingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.