Nigerren Konstituzioa indargabe utzi dute herenegun estatu kolpea eman zuten militarrek; lehen uneko nahasmena baliatuta, herrialdeko mugak ixtea eta etxeratze agindua ezartzea erabaki zuten, baina bertan behera geratu ziren neurriak atzo. Ezustean harrapatu zituen nigeriarrak estatu kolpeak, eta, hori ikusirik, matxinadarekin bat egin dezatela dei egin die Demokraziaren Berrezarkuntzarako Kontseilu Gorenak; kolpistek, alegia. Demokrazia berriz ezartzeko helburua jarri baldin badute ere, ez dute esan zenbat denboraz arituko diren agintean. Bien bitartean, preso dituzte Mamadou Tandja presidentea eta hainbat ministro, baina laster aske utziko dituztela jakinarazi dute.
Junta Militarraren aginduan Salou Djibo jarri dute, baina kolpearen atzean beste hiru militar daudela diote; horietako bat Djibrilla Hima Hamidou da, 1999ko estatu kolpearen ondorioz sortutako Junta Militarraren bozeramalea. Beste biak, berriz, Goukoye Abdul Karim eta Harouna Adamou koronelak dira; lehena, armadako bozeramailea da, eta, bestea, Afrika MendebaldekoEstatuen Komunitate Ekonomikoan Nigerko segurtasun indarren burua. Komunitate Ekonomiak, hain zuzen, arbuiatu egin du «boterearekin egiteko edonolako ahalegin», Goodluck Jonathan presidentearen hitzetan. Hiru ordezkari bidali dituzte Niamei hiriburura auziari irtenbidea emateko. AB Afrikako Batasunako Jean Ping presidenteak ere ordenu konstituzionalera itzultzea galdegin du.
Ezegonkortasuna
Karimou kolpisten bozeramailearen arabera, azken hilabeteetako ezegonkortasunarekin amaitzeko erantzukizunari heldu diote segurtasun indarrek eta horregatik estatu kolpea. Ezegonkortasunak joan den abuztuan du jatorria, presidenteak, erreferenduma egin ondoren, bere agintaldia luzatzeko Konstituzioa aldatzeko erabakia hartu zuenean. Oposizioak, alabaina, emaitzen iruzurra salatu zuen eta protestekin erantzun zien.
Demokrazia berrezarri nahi dute kolpistek Nigerren, Konstituzioa indargabetuta
Militarrek etxeratze agindua eta muga itxiera ezarri ondoren, bertan behera utzi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu