Sergio Micco. Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria

«Demokrazia aldiko eskubide urraketarik larrienak dira»

Poliziaren errepresio neurrigabea salatu du Giza Eskubideen Institutuak. «Kultura autoritarioa» ikusten du Miccok bortizkeria horren oinarrian.

ORLANDO BARRIA / EFE.
Santiago
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Karabineroekin egindako bilera batetik iritsi berri da Sergio Micco, Giza Eskubideen Txileko Institutu Nazionaleko zuzendaria. Urteko txostenean, institutuak Poliziari eskatu dio ez dezala halako indarkeria eta errepresioa erabil herrialdeko gatazka sozialean. Institutuaren analisia argia da, eta bat dator nazioarteko erakunde batzuek egindakoekin: armen gehiegizko erabilera, tortura, tratu umiliagarria polizia etxeetan... Argi hitz egin du Miccok: «Berriro ikusiko ez genituela uste genuen gauzak gertatu dira Txilen».

Demokrazian egonda, nola justifikatu giza eskubideen urraketa horiek?

Txilen gertatu denak ez du justifikaziorik. Ezinbestekoa da ulertzea nola iritsi garen egoera honetara, horrela lortuko baitugu egia, justizia eta erreparazioa. Txilek kultura autoritarioari eutsi dio urteotan. Ez Pinochet babestuz, baina inkestetan herritarren segurtasuna ageri da lehentasun gisa, eta joko berean erori dira gobernu guztiak: delituen zerrenda luzatu, zigorrak jasotzeko gutxieneko adina jaitsi, eta Karabineroen baliabideak areagotu —20.000 kidetik 60.000ra—. Eta, orain, aurpegian lehertu zaigu hori.

Ikusten duzu paralelismorik gaur egungo egoeraren eta diktaduraren artean?

Jakina, ikusten denean Poliziaren indar bereziak bortizki kolpeka ari direla, polizia etxeetan tratu bidegabea eta umiliagarria ematen dutela, larrialdi egoera izendatzen dutela, militarrak dabiltzala kaleetan, batek pentsatzen du diktadurara itzultzea izan daitekeela hau. Baina, bestalde, gaur egun Giza Eskubideen Institutu Nazionala dago —bere mugak dauzkana—, badaude hedabide libreak, Kongresua, Fiskaltza... Baina, bai, badago diktaduraren herentzia bat, jokabideetan eta erakundeetan nabari dena.

Karabineroetan, esaterako. Zergatik dira hain biolentoak?

Orain urte gutxi arte, Karabineroak Defentsa Ministerioaren parte ziren, eta Batzorde Militarraren parte. Hierarkia, antolakuntza eta kultura militarra dute, lege organiko baten arabera. Txilen, Karabineroen zuzendari nagusi batek uko egin zion kargua uzteari, Piñera presidenteak eskatu zion arren. Karabineroen zuzendariari, izan ere, presidenteak sinatutako dokumentu batek ematen zion agintea, eta gero Senatuari eta Diputatuen Ganberari ematen zion informazioa.

Kritika asko jaso zenituen gatazkaren lehen egunetan, esan zenuelako giza eskubideen urraketak ez zirela «sistematikoak». Zer uste duzu orain?

Konpromisoa daukat auzi horretan berriro ez sartzeko. Kontua da nola ulertzen diren giza eskubideen urraketa «sistematikoak». Egin dugun txostenak berak hitz egin dezala, eta institutua izan dadila epaitua, egindakoagatik eta esandakoagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.