Demokratek arnasa gehiago nahi dute

Senaturako hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute gaur AEBetako Georgia estatuan. Demokratek irabaziz gero, bi aulkiren aldea izango lukete, eta maniobratzeko tarte handiagoa

Raphael Warnock hautagai demokrata, iragan ostiralean egindako mitin batean, Savannah hirian (AEB). Botoen %49,48 bildu zituen lehen itzulian. JIM LO SCALZO / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Agintaldi erdiko hauteskundeetatik hilabete joan bada ere, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Senatuko ehungarren aulkia ebatzi gabe dago oraindik. Georgian hautagai batek ere ez zituenez botoen erdiak bildu joan den azaroaren 8an, bigarren itzulia egin beharko dute gaur; Raphael Warnock egungo senatari demokrataren eta Donald Trumpek babestutako Herschel Walker hautagai errepublikanoaren artean.

AEBetako goi ganberan 50 senatari daude demokraten taldean —bi independenteak dira—, eta 49 errepublikanoenean. Georgiako bozetan argituko da Joe Biden herrialdeko presidenteak agintaldiko azken bi urteetan 51-49ko gehiengoa izango duen, ala 50na berdinduko duten bi alderdiek. Azken hori balitz, azken bi urteotako osaketa bera izango luke Senatuak, eta Kamala Harris presidenteordearen botoak hautsiko lituzke berdinketak. Baina Ordezkarien Ganbera dagoeneko oposizioaren esku egongo denez, 2024ko presidentetzara bozetarainoko bidea erabat konplikatuko litzateke Etxe Zuriko maizterrarentzat.

Georgiako bigarren itzuliak daukan garrantziaren eta sortu duen ikusminaren erakusle da aurretiaz botoa eman dutenen kopurua handitu izana. Milioi bat lagunek baino gehiagok bozkatu zuten joan den ostiralerako, oro har kanpainatik kanpo utzi badituzte ere AEBetako politikaririk ezagunenak. Salbuespena Barack Obama presidente ohia izan da, zalantzarik gabe demokraten artean tiradizorik handiena daukan ordezkaria izanik. Bidenek, berriz, lehia estuen zegoen estatuetatik aparte egotea erabaki zuen azaroko bozetan, eta berdin egin du Georgiako bigarren itzulian.

Are nabarmenagoa izan da errepublikanoen artean Trumpen hutsunea, estatuburu ohia izan baita Walckerren babesle nagusia, berak bultzaturiko hautagai izateraino. Azaroan, baina, agerian geratu zen Trumpek erakarri baino gehiago uxatu egiten dituela boto emaileak. Georgiaren kasuan, gobernadorea eta senataria hautatzeko bozketen artean egondako aldea begi bistakoa da: Trumpen aurka egin izan du Brian Kemp gobernadore errepublikanoak, eta haren alde bozkatu zutenetatik 200.000 ez zuten gauza bera egin Senatuko hautagaiaren kasuan. Hala, Walkerrek Warnockek baino boto gutxiago lortu zituen: hautagai demokrata botoen %49,48rekin geratu zelako egingo dute gaur bigarren itzulia. Duela bi urte gertatutakoaren antzeko egoera da: orduan, Biden nagusitu zen tradizionalki errepublikanoa izan den estatuan, eta, XXI. mendean lehen aldiz, senatari demokrata hautatu zuten, baina orduan ere bigarren itzulia behar izan zuten.

Parte hartzea

Inkestetan Warnock demokrata aurretik ageri da; oso alde txikiarekin betiere, bizpahiru puntu baino ez. Parte hartzeak sekulako garrantzia izan berri du agintaldi erdiko hauteskundeetan, lehiarik handiena zegoen estatuetan batez ere. Georgiako bigarren itzulian egon den aurretiazko boto kopurua ikusita, orain ere berdin gertatuko da, ziur aski.

Iragan hilabetean, emakumeen parte hartzea erabakigarria izan zen. Izan ere, uda hasieran Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala bertan behera utzi izanak aspaldi ez bezalako mugimendua sortu du, eta are garrantzi handiagoa hartu du Senatuak oinarrizko eskubideak legez kodetzeko orduan. Errepublikanoentzat iragarri zen garaipen handia zapuztu duen gakoetako bat mobilizazio feminista izan da.

Bestea, Trumpek erabakitako hautagai askoren maila eskasa eta gai askotan zeukaten muturreko jarrera. Georgian, bi elementu horien adibide da Herschel Walker futbol amerikarreko jokalari ohi eta hautagai errepublikanoa. Haren bi bikote ohik salatu dute haurdun geratu ostean haurdunaldiak eteteko ordaindu ziela Walkerrek; hautagai errepublikanoak abortua erabat debekatzearen aldeko adierazpenak egin zituen behin baino gehiagotan.Gerora, beste emakume batzuen lekukotzak izan dira, hautagai errepublikanoaren jarrera gezurti eta biolentoaren berri emateko.

Demokraten eskuindarrak

Senatuaren kontrolak garrantzi handia du, besteak beste, abortueskubidea babesteko orduan. Bidenen agintaldiko lehen bi urteetan demokratek ez dute lortu nahi zituzten neurri guztiak aurrera ateratzea, presidenteordeak berdinketak hautsi arren beti ez dutelako jaso taldeko senatari guztien botoa. Filibusterismoak eta demokraten arteko eskuindarrenen jarrerak —Joe Manchin Virginia Mendebaldeko senatariarena batez ere— ezinezko egin dute Bidenen agendan zeuden neurri progresistetako batzuk onartzea.

Gorenaren ebazpena jakinarazi zenetik, demokratek behin eta berriz esan dute bozak irabazi eta Senatuko gehiengoa behar zutela abortu eskubidea kodetzeko. Orain, Lame Duck edo hauteskundeen eta ganbera berriak eratzearen arteko tartea baliatu dute zenbait neurri aurrera ateratzeko, sexu bereko bikoteen ezkontza konstituzioan kodetzeko, kasurako. Izan ere, pentsaezina zirudiena gertatu ostean, alegia, 50 urtez onartutako eskubide bat atzera botatzea, agerian geratu da herritarren ordezkariek berariaz arautu eta babestu beharreko eskubideak daudela jokoan.

Demokratek 51. senataria lortzen badute gaur, ardura berezia ere ekarriko die agindutakoa betetzeko: errepublikanoek baino bi senatari gehiago izango dituzte horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.