Delitua elikatzeko ahaleginean

Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketan fiskaltzak deitutako lekukoen %80 inguru poliziak dira. Haien bidez frogatu nahi du 2017ko irailean eta urrian matxinada gertatu zela, eta agenteak hori ari dira deklaratzen.

Espainiako Poliziaren agente batzuk herritar talde bati oldartzen, 2017ko urriaren 1ean, Tarragonan. JAUME SELLART / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Fiskaltzak 256 lekuko eskatu zituen Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketarako, eta, defentsek egindako lekuko eskaerekin gertatu ez bezala, Espainiako Auzitegi Gorenak lekuko guztiak onartu zizkion. Horietako gehienak, %80 inguru, poliziak dira: izan buruzagiak, izan 2017ko urriaren 1eko galdeketa oztopatzen ahalegindu zirenak. Matxinada egozten die fiskaltzak epaituak izaten ari diren hamabi buruzagi independentistetako bederatziri —25 eta 17 urteko kartzela zigorra—, eta delitu hori frogatzeko ahalegina egiten ari dira poliziak azkeneko asteotan. Horretarako deitu ditu. Daniel Baena Guardia Zibilaren polizia judizialeko Kataluniako buruak deklaratu zuen lehengo astean, eta nabarmendu 2017ko irailaren 20tik urriaren 27ra arte, Espainiako Gobernuak 155.a ezarri zuen arte, «matxinada giroa» egon zela Katalunian. Juan Ramon Quintela Espainiako Poliziaren informazio brigadako Kataluniako burua antzera mintzatu zen epaimahaiaren aurrean, joan den asteartean: «Matxinada aurreko giroa zegoen ia».

Espainiako Zigor Kodearen arabera, matxinada delitua ezartzeko beharrezkoa da indarkeria egon dela kontsideratzea. Matxinada jasota dago konstituzioaren kontrako delituen artean, eta zigortzen ditu, besteak beste, lurraldearen zati bat independente izendatzea helburu dutenak. Biolentzia erabili dela aintzat hartzeko, armak erabili behar dira, edo indarkeria «modu larrian» erabili pertsonen kontra. Quintelak esan zuenez, hilabete hartan «80 bat eraso» jasan zituen Espainiako Poliziak, eta PSCren 37 egoitzari eraso egin zieten. Baenaren hitzetan, Guardia Zibilaren kuartelen aurkako «88 escrache» zenbatu zituzten. Fiskaltzak pentsatzen du polizien deklarazioekin matxinadaren tesia baieztatuta geratzeko moduan daudela.

Halere, auziaren instrukzio fasea ixtear zegoenean, Alemaniakoauzitegi batek ukatu egin zuen Carles Puigdemonten aurkako matxinada delitua. Hori aintzat hartuta, Generalitateko presidente kargugabetuaren eta beste buruzagi erbesteratuen kontra ezarritako Espainiaratze aginduak bertan behera uztea erabaki zuen Pablo Llarena instrukzio epaileak. Manuel Marchena magistratua da epaimahaiburua epaiketan, eta, EB Europako Batasunaren begiradapean —U-1ean Espainiako poliziek izandako jarrera salatu zuten estatuek, oro har—, poliziak egiten ari diren gertaeren kontakizuna nola baloratu deliberatu beharko du. Badaki, gainera, defentsek Giza Eskubideen Europako Auzitegira joko dutela, epaia edozein dela ere.

Zenbait datuk, ordea, instrukzio epaileak, fiskaltzak eta poliziek emandako bertsioaren kontrakoa azaltzen dute, bere hotzean. Generalitatearen arabera, 1.110 herritar inguru zauritu zituzten poliziek U-1ean. Sebastian Trapote erreferendumaren garaian Espainiako Poliziak Katalunian zuen arduradun nagusiak duela hilabete epaiketan zehaztu zuenez, 65 izan ziren galdeketan zauritutako agenteak. Kontuan hartu behar da, gainera, 37 polizia ikerketapean daudela egun hartako gertakariengatik.

Roger Españolez

Roger Español izan zen erreferendumean zauritutako herritarretako bat. Poliziek jaurtitako gomazko pilota batekin zaurituta, begi bat galdu zuen. Españolen izena ez zuten aipatu, baina Quintelak adierazi zuen «bost eraso zuzen» egin zizkiela, eta horri buruzko txosten bat aurkeztu zuela epaitegian. Españolen abokatuak geroago adierazi zuenez, txosten hori ez da existitzen.

U-1ean gizon bati bihotzekoak eman zion hautesleku batean, Lleidan. Quintela poliziaren hitzetan, gizonari bihotzekoak eman zionean, polizia operatiboa eten zuen haren arduradunak. Bideo batean argi asko ikus daiteke ez zuela eten, eta poliziek oldarraldiarekin jarraitu zutela.

Gainera, beste kontu bat ari da oso argi geratzen epaiketan: mossoek eta Espainiako poliziek elkarri leporatzen diotela U-1ean gertatutakoaren ardura. Diego Perez de los Cobos guardia zibilak koordinatu zuen polizia operatiboa, eta, duela hilabete epaiketan lekuko gisa deklaratu zuenean, Mossos d'Esquadraren «pasibotasuna» salatu zuen. Josep Lluis Trapero Kataluniako Polizia autonomikoaren maiorra jarri zuen jopuntuan. Maiorraren bigarrena zenak, Ferran Lopezek, deklaratu zuen asteazkenean Gorenean, eta Perez de los Cobosek galdeketa eguneko dispositiboa «hautsi» zuela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.