Etapa berri bat irudikatzeko argazkia

Delcy Rodriguezek «historikotzat» jo du Trumpekin eduki duen bilera. Venezuelako presidentearen arabera, AEBekin «aldebiko harremana indartzeko» balio izan du. AEBetako eta Venezuelako presidenteek 27 urte zeramatzaten formalki bilera bat egin gabe.

Delcy Rodriguez Venezuelako presidentea eta Donald Trump AEBetakoa, New Yorken, gaur goizaldean. EFE
Delcy Rodriguez Venezuelako presidentea eta Donald Trump AEBetakoa, New Yorken, gaur goizaldean. EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 23a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan beste aro batean sartu dira Venezuelaren eta AEBen arteko harreman diplomatikoak. Horren erakusgarri, Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteak eta Donald Trump AEBetakoak gaur goizaldean New Yorken edukitako bilera. Rodriguezek esan duenez, «historikoa» izan da. Biak ala biak irribarretsu ageri dira bi ordezkaritzek hedabideei zabaldutako argazkietan.

Urte hasieran AEBek Venezuelako presidente Nicolas Maduro bahitu eta behin-behinean kartzelatu zutenetik bi herrialdeek egindako bilerarik esanguratsuena izan da NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren eztabaida orokorraren testuinguruan egindakoa, eta Rodriguezek, X sare sozialean, eskerrak eman dizkio Etxe Zuriko maizterrari, Venezuela «babestu» duelako berriro «espazio multilateraletan sartzeko prozesuan». Jarduneko presidentearen arabera, bileran esparru geoestrategikoez hitz egin dute, hala nola energiaz eta segurtasunaz —hedabideek ez dute sarbiderik eduki—, eta «aldebiko harremana indartzeko» balio izan du. «Harreman historiko bat partekatzen dute Venezuelak eta AEBek, eta, etapa berri honetan, hori elkarrizketaren bidez bideratzera deituta gaude», nabarmendu du.

Atzoko argazkiaren esanahia indartzen du ondokoak: AEBetako eta Venezuelako presidenteek 25 urte baino gehiago zeramatzatela formalki bilera bat egin gabe. Bill Clinton eta Hugo Chaves 1999an batzartu ziren; 2015ean, Panaman, Ameriketako Goi Bileran, Barack Obamak eta Madurok elkarrizketa informal bat eduki zuten.

Urtarriletik, Maduroren kontrako operaziotik, AEBen nolabaiteko kontrolpean dago Venezuela. Trump NBEren eztabaida orokorrean mintzatu zen atzo, eta esan zuen, bulartsu, «operazio masibo bat» egin zutela urtarrilean Venezuelan, «Nicolas Maduro diktadore eta kriminala atxilotzeko». Rodriguez Batzar Nagusiaren aretoan zegoen Trumpek horiek esan zituenean. «Garaileak dena bereganatzen du», errematatu zuen Trumpek.

Venezuela, aurtengo urtarriletik

Hainbat aldaketa gertatu dira AEBek urtarril hasieran Nicolas Maduro bahitu zutenetik; bai Venezuelan, bai Venezuelaren eta AEBen arteko harremanean. 

  • Urtarrilaren 14a. Delcy Rodriguez behin-behineko presidenteak iragarri zuen Venezuela «garai politiko berri batean» sartzekoa zela.
  • Urtarrilaren 29a. Venezuelako Asanblea Nazionalak Hidrokarburoen Legea erreformatu zuen. Atzerriko inbertsioak erakartzea zuen helburu.
  • Otsailaren 19a. Amnistia legea onartu zuen Asanblea Nazionalak. Testuaren arabera, arrazoi politikoengatik ezarritako inhabilitazioak ez dira bertan behera geratuko.
  • Martxoaren 13a. AEBetako Altxorrak zigorrak kendu zizkien AEBetako enpresei, Venezuelako petrolioa ustiatu ahal izan zezaten.
  • Martxoaren 28a. AEBetan dituen egoitza diplomatikoen kontrola hartu zuen Caracasek berriro.
  • Apirilaren 1a. AEBek zigortuen zerrendatik atera zuten Rodriguez.
  • Apirilaren 9a. Meategien Legea onartu zuen Asanblea Nazionalak. Mineraletan oparoa da Venezuela, eta horrek atea ireki dio atzerriko kapitalari.
  • Apirilaren 14a. Venezuelako Banku Zentralari ezarritako zigor ekonomikoak kendu zituzten AEBek.
  • Abuztuaren 28a. Etxe Zuriak iragarri zuen petrolioa kontrolatzeko modua ematen dion itun bat egin zuela. AEBek petrolio erreserben %22 ingururen kontrola izango dute Venezuelan.
  • Irailaren 18a. Chavismoaren eta oposizioaren akordioaren ondoren, Auzitegi Gorena erreformatzeko prozesua hasi zuten.

Aurreikusi bezala, ordu batzuk geroago egin zuten bilera, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak eta Scott Bessent Altxorraren idazkariak. Bien bitartean, handik hamabost kilometro ingurura behin-behinean espetxeratuta dago Maduro, narkotrafikoa egotzita —haren emazte Cilia Flores ere Brooklyn barrutiko kartzela batean dago—. 2027ko ekainaren 1ean dira hura epaitzen hastekoak, New Yorken.

Aldaketa nabarmena

Rodriguez Venezuelako presidenteordea zen AEBek Maduro bahitu zutenean. 2018tik zegoen karguan, eta 2019an Venezuelaren ordezkaria izan zen NBEren Batzar Nagusiaren eztabaida orokorrean. Trump haren aurreneko agintaldian zegoen. «Erregimen komunista ustel bat mantentzeko, Kubak arpilatzen du Venezuelaren petrolio aberastasuna», esan zuen, eta zera gehitu: «Demokrazia berrezarriko duten egunaren zain gaude; egun horretan aske izango da Venezuela».

Etxe Zuriko maizterrak esandakoak entzun zituen Rodriguezek, duela zazpi urte, eta hitza hartu zuenean leporatu zion «terrorismo mota berri bat edo estatu terrorismoa» praktikan jartzea, zigor ekonomikoen bidez Venezuelan gobernu aldaketa bat bultzatu nahi zuelako. Bide batez, «harrokeria» alboratzea eta «nazio libreekin toleranteagoa» izatea eskatu zion.

Ordutik, bi herrialdeen arteko harremana zeharo aldatu da, eta Rodriguezek hori goratzen du. Trumpek, bitartean, Venezuelan egindako esku sartzea defendatzen du, AEBetako enpresak han inbertitzera animatzen ditu, eta demokrazia aldarriak agendatik ezabatu ditu. Hori guztia ulertzeko kontuan hartu behar da Trumpek erabaki duela agintaldi honetan Monroe doktrina aldarrikatzea. Etxe Zuriak baztertuta zeukan, baina Trumpek hautsa kendu dio XIX. mendeko doktrina horri, zeinak AEBak legitimatzen dituen Ameriketako beste herrialdeetan esku hartzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA