New Delhi du topaleku G20koen bilerak, eta haren atarian, ostiralean, munduko potentzia ekonomiko handienetako buruzagiek «ia prest» zuten deklarazioaren zirriborroa. Liderrek Ukrainako gerraz dituzten desadostasunek kolokan jarri zuten hori onartzea, baina, azkenean, atzo argitu zen paisaia: ados jarri ziren G20ko liderrak, eta guztiek onartu zuten deklarazioa.
Denera, 83 paragrafo ditu dokumentuak. Amitabh Kant G20rako Indiako ordezkariak esan zuenez, «herrialde guztiak erabat ados» agertu ziren horrekin. Horraino iristeko negoziazioak, ordea, luzeak izan dira. Bai Europako herrialdeek, bai AEB Ameriketako Estatu Batuek, gerra hasi zenetik gaitzetsi dute Errusiaren inbasioa. Hain justu, auzia ildo horretatik jorratu nahi zuten G20ko deklarazioan. Bestelako iritzia adierazi dute, ordea, Errusiak eta Txinak —nahiz eta Xi Jinping Txinako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa ez diren goi bilerara joan—.
Azkenean, bi iritzien arteko erdibideko zerbait idatzi zuten deklarazioan. Xehetasun handirik eman, eta izenik aipatu gabe, zera berretsi zuten: «Estatu guztiek uko egin behar diote lurralde baten subiranotasunaren eta independentzia politikoaren aurka lurralde hori indarraren bidez mendean hartzeari». Are, zehaztu zuten «onartezina» dela arma nuklearren erabilera.
Bestalde, atzotik aurrera eserleku bat gehiago izango da G20ko goi bileretan, AB Afrikako Batasuna taldeko kide izango baita. Han izan zen atzo ABko presidente Azali Assoumani, eta erabakia «historikotzat» jo zuen.
Deklarazio komuna onartu eta aurkeztu dute G20ko liderrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu