Indarkeria matxistaren aurkako komunitate eragilea Nairobiko Kangemi auzoan

Josphin Barasa: «Gurasook ezkutatzen dugu oker egindakoa. Beraz, datuak ez dira hobetzen ari»

Nairobin neska nerabeen %13 haurdun geratzen dira 18 urteak bete aurretik. Haietako asko nerabezaroan ama izandako emakumeen alabak dira. Katea apurtzeko lanean ari da Barasa.

Nerabezaroko haurdunaldiak eteteko lanean ari da Josphin Barasa. OSKAR EPELDE JULDAIN
Nerabezaroko haurdunaldiak eteteko lanean ari da Josphin Barasa. OSKAR EPELDE JULDAIN
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi+
2025eko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Estatistika ofizialen arabera, Nairobin neska nerabeen %13 haurdun geratzen dira 18 urte bete aurretik. Josphin Barasak (1979, Nairobi) hamabi urte daramatza indarkeria matxistari buruzko kontzientzia lantzen, pentsamoldeak eta jarrerak aldatzeko helburuarekin. Chama edo emakume taldeetan hitz egiten du, baita eskoletan ere, sexu jazarpenari buruz. Oso zabalduta dago jazarpena Kenyako hiriburuan.

Barasak azaldu duenez, erasotzaileak apurka gerturatzen dira biktimarengana: «Hasieran atzamarrarekin esku ahurra zarrastatzen diete oharkabean, jarraian atzealdea ferekatzen diete poliki poliki, ez dutela erreakzionatuko edo salatuko pentsatuz». Baina hori ere sexu jazarpena dela eta sexu delituen legearen arabera atxilotuak izan daitezkela azaltzen die ekintzaileak. Ekintzailearen ustez, neskek zer eskubide dituzten jakitea ezinbesteko baldintza da denboran zehar kateatzen diren bortxaketei aurre egiteko.

Zu zeu ere oso gazte izan zinen ama.

17 urterekin, eskolan nengoela, gizon gazte batek eraso egin zidan. Kasua ez zen oso urrun joan. Eta ume bat egin nuen. Hori duela 28 urte izan zen. Gaur egun, nire alaba artista da. Artearen eta musikaren bitartez komunitatea sentsibilizatzen du hark ere. Nire nerabezaroan nik ez nekien ezer sexuari buruz, sexuaz hitz egitea tabu bat zen garai hartan, eta nire aitak eta gurasoek ez zidaten horretaz hitz egin. Haurdun geratzean, zorionez, nire aitak ez zuen abortuaren alde egin. Nire alderdi psikologikoa zaindu zuen, eta jaio aurreko klinikara joatera bultzatu ninduen.

Haurra izan ondoren, denon artean zaindu genuen umea. Nire istorioa kontatzen dut bileretan, genero indarkeriari nola aurre egin dakiokeen erakusten baitu. Egunero haurdun dauden neska bat edo bi topatzen ditut eskolara joan gabe, eta nire istorioa kontatzen diet. Eskolara itzuli ahal izan nintzen nire ikasketak jarraitzeko, eta aurrera egin nuen, komunitate garapena ikasi nuen.

Eskola tasak ordaintzeko, ordea, hitzak ez dira nahiko, ala?

Gehienok ez dakigu zein diren gure eskubideak. Gizonak gure gainetik daudela sinesten duen kultura batean hazi ginen. Emakume gehienek ez dakite alarma nola piztu eskubideren bat urratzen dietenean. Gaur goizean, adibidez, dei bat jaso dut: 24 urteko ezkonbikote bat diru arazoengatik borrokan ari zen. 

Gehienetan dirua da arazoa?

Bai. Emakume bati ekonomikoki ahalduntzen lagunduz gero, uste dut senarrari eta familiari laguntzeko gai izango dela. Neska bat 17 urterekin edo gutxiagorekin haurdun geratzen denean, zikloa errepikatzeko arriskua oso handia da.

«Emakume gehienek ez dakite alarma nola piztu eskubideren bat urratzen dietenean»

Zergatik diozu hori?

Bortxatu banaute, lehenik eta behin laguntza bilatu beharko nuke min eta beldur horretatik ateratzen jakiteko eta gertatutakoa ulertzeko, pobrezia horretatik ateratzeko. Egunerokoan haurdun dauden neskak topatzen ditut, 17 urtetik beherako neska gazteak. Haien istorioak entzuten ditudanean, niri gertatutakoarekin lotzen ditut nolabait. Lehenik eta behin, uko egiten diogu sexuari buruz hitz egiteari. Bigarrenik, ez ditugu bortxaketa eta abusuak salatzen, eta beste aldera begiratzen dugu.

Adibide praktiko bat jarriko dizut. Oso berriki gertatu den kasua. 16 urteko neska bat, haurdun, zoritxarrez GIBarekin kutsatuta dago. Nola gertatu zen? Familia ikertu nuen. Amaren figura agertu zen. Neskak eskola utzi zuen amak ez duelako lanik; beraz, hemen eta han aurkitzen dituen lanen menpe dago. Horrelakoetan, familiak aukeratu egin behar du jan, alokairua ordaindu edo haurrak eskolara eraman artean, nahiz eta hirurak diren ezinbestekoak. Beraz, zikloa errepikatu egiten dela ikusi nuen.

Eredua bera da kasu gehienetan?

Horixe. Neska gaztetan haurdun geratzen da. Ez dauka informaziorik. Ez zaio justizia egiten. Ez zaio ematen bere eskubideei buruzko informaziorik. Eta gauza bera gertatuko zaio berak izan duen neskatoari. Nik neuk ez nuen inoiz nire alaba zaindu. Orain 28 urte ditu. Denbora hartu du zer harreman mota izan nahi duen jakiteko. Denbora hartu du bere ibilbidea eraikitzeko eta oinarrian bere burua jartzeko. Horrek esan nahi du dena nigandik hasten dela. Lehenik neure burua maitatu behar dut. Neure burua oinarri bihurtu behar dut besteen menpe egon gabe; gainontzean, zikloa ez da sekula amaitzen.

«Nire mezua hauxe da: hitz egin dezagun sexuaz gure seme-alabekin. Jakin dezatela zer eskubide dituzten»

Zer irtenbide ditu ama izan berriak?

Arazoa da jendea isildu egiten dela. Urraketak estaltzen dituzte, eta hori ez da irtenbidea. Nik nire aita ondoan izan nuen. Familia psikosoziala hor nuen umetxoa zaintzen laguntzeko. Baina egunero hemen ikusten ditudan kasuetan ez dago inor laguntzeko. Ama lanpetuta dabil, alokairua ordaintzeko eta mahaian janaria egongo dela ziurtatzeko, baina gehienetan gosea pasatzen dute, amak ez duelako ikasketarik. Aldi baterako lanak egiteko aukera besterik ez du, eta oso lan urriak izaten dira. Beraz, neska gazte honek bera hazi zuten moduan haziko du bere haurra. Eta haur hori ingurune berean haziko da...

Buruzagitzarik ezean, aldaketarik ez dago. Hitz egin dezaketen eta komunitatea sentsibilizatu dezakeen ekintzaileak behar dira, jakiteko zeintzuk diren gure eskubideak, eta nola atera gaitezkeen pobreziatik. Horrela lortuko dugu ahalduntzea. Ez duzu eskolara joan beharrik zeure burua eraikitzeko; esku artean duzuna erabil dezakezu, eta haz zaitezke. Bai.

Hala ere, datuak ez dira hobetzen ari.

Ez, Nairobin okertzen ari dira. Kateak luzatzen jarraitzen du. Nire mezua hauxe da: hitz egin dezagun sexuaz gure seme-alabekin. Jakin dezatela zer eskubide dituzten. Ahaldundu ditzagun. Orduan, zutitu eta ezetz esateko gai izango gara. Eta bortxaketarik edo erasorik egiten badigute, garaiz jakinaraziko dugu. Haurdunaldi goiztiar hauek geldiarazi ahal izango ditugu. Atera, salatu eta justizia egin dezagun. Utz ditzagun eroskeria txikiak.

Neska gehienek eskolara itzuli nahi dute. Bizitza hobea nahi dute. Baina guraso gisa, akats hori errepikatzen dugu, ezkutatu egiten dugu oker egindakoa. Beraz, datuak ez dira hobetzen. Guraso gisa berekoi bihurtu gara. Ez dago justiziarik. Erronka nagusia gurasoak eta komunitatea dira. Komunitate gisa aldatu behar dugu. Geure buruarengan bakarrik pentsatzen dugu. Justiziak egin dezala bere bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.