Dariengo oihana zeharkatzen duten migranteak «abandonatuta» daudela salatu du HRWek

Human Rights Watch erakundearen arabera, Kolonbiako eta Panamako gobernuek ez dituzte babesten oihana gurutzatzen duten migranteak eta asilo eskatzaileak.

Migranteak Dariengo zeharkaldiaren amaieran, Panaman, artxiboko irudi batean. BIENVENIDO VELASCO / EFE
Migranteak Dariengo zeharkaldiaren amaieran, Panaman, artxiboko irudi batean. BIENVENIDO VELASCO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko apirilaren 3a
16:30
Entzun

Kolonbia eta Panama artean dago Dariengo oihana, eta, bi herrialdeen arteko muga naturala izateaz gainera, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerika bereizten ditu. Handik igaro behar dute Hego Amerikatik AEBetara iritsi nahi duten migranteek. Oihana, ordea, ez da ohiko muga bat. Bertan, bi herrialdeetako gobernuek ia ez dute botererik, eta talde kriminalek jarduten dute. Horren aurka, HRW Human Rights Watch erakundeak txosten bat aurkeztu du gaur, salatzeko migranteak eta asilo eskatzaileak babesik gabe daudela, eta Kolonbiako eta Panamako gobernuek ez dutela ekinbiderik abiatzen.

Txalupaz hasi ohi dute migranteek Kolonbiatik Panamarako bidea; gero, oihana oinez zeharkatzen dute, egun batzuetako ibilaldian; eta, azkenik, mendialdera igo behar izaten dute Panamara iritsi aurretik. Behin muga igarota, ibaietan behera jarraitzen dute. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak egindako elkarrizketetan, ibilbidea egin duten hirutik batek salatu zuen «gehiegikeriak» jasan izan dituztela: lapurretak, iruzurrak edota mehatxuak. Sexu erasoak ere salatu izan dituzte; aurtengo urtarrilean, esaterako, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak 120 kasu zenbatu zituen, baina uste dute berez biktima kopurua handiago dela. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, Dariengoa «migrazio ibilbiderik arriskutsuenetako bat» da.

Dariengo oihaneko pasabidea. Mapa

Halere, ibilbide horri ekiten diotenen kopurua gorantz doa urtetik urtera. Panamako Migrazio Zerbitzu Nazionalak emandako datuen arabera, 2023an milioi erdi pertsonak baino gehiagok zeharkatu zuten oihana; horien artean, 100.000 baino gehiago haurrak eta nerabeak ziren. 2020an COVID-19 pandemiagatik kopuruek behera egin bazuten ere, ordutik, urtero bikoiztu egin da oihana gurutzatu dutenen zenbatekoa —2021ean, 125.000; 2022an, 248.000; eta 2023an, 520.000—. Hego Amerikakoak dira Dariengo oihana gurutzatu eta Ipar Amerikara abiatzen diren gehienak, baina batzuk Asiatik zein Afrikatik ere abiatzen dira. Iaz oihana gurutzatu zutenen erdiak baino gehiago Venezuelako herritarrak izan ziren; baina venezuelarren, ekuadortarren eta haitiarren atzetik, Txinako migranteak izan ziren ugarienak.

%63

Oihana zeharkatu zutenen artean zenbat izan ziren venezuelarrak. 2023an, Darien zeharkatu zuten 520.000tik 328.000 venezuelarrak izan ziren; horien atzetik, ekuadortarrak, haitiarrak eta txinatarrak.

Zailtasun eta gehiegikeria horien harira, HRWen txostenak Kolonbiako eta Panamako gobernuei leporatu die oihana gurutzatzen dutenen «eskubideak modu eraginkorrean ez babestea». Erakundearen arabera, herrialdeek ez dituzte babesten migranteen bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideak, eta ez dituzte «modu eraginkor, azkar eta sakonean» ikertzen oihana zeharkatzen dutenek jasaten dituzten erasoak eta gehiegikeriak. Horrez gainera, HRWen ustez, Kolonbiak eta Panamak elikagaiak, ura zein oinarrizko osasun zerbitzuak eskuratu ahal izatea bermatu behar diete.

Mugaren alde banatara begiratuta, HRWen txostenak ondorio hauek atera ditu argitara: Kolonbiari dagokionez, gobernuak «presentzia urria» du eskualdean, eta, horregatik, oihana zeharkatu nahi dutenak golkoko klanaren «eskuetan» geratzen dira. Txostenak dioenez, narkotrafikoan jarduten duen talde armatua izateaz gainera, golkoko klana migranteen «desesperazioaz eta zaurgarritasunaz» baliatzen da. Panamako gobernuari dagokionez, HRWek leporatu die «fluxu kontrolatuaren» estrategia erabiltzea, hau da, migranteak Costa Ricara ahalik eta azkarren bideratzea, haien «beharrei jaramonik egin gabe». Gainera, gaitzetsi dute kasu jakin batzuetan segurtasun indarrek «gehiegikeriak» egin dizkietela migranteei.

Bi herrialdeei gomendatu die «esfortzuak areagotzea» oihana zeharkatzen dutenen eskubideak babesteko, gehiegikeriak eta sexu erasoak amaiarazteko eta laguntza humanitarioa eman ahal izateko. Helburu horiekin, GKE gobernuz kanpoko erakundeekin zein tokiko komunitateekin lankidetzan jardun dezaten eskatu diete gobernuei. HRWen ustez, Panamako komunitate indigenek laguntza humanitarioan «zeregin garrantzitsua» izan dezakete gobernuaren laguntza jasoko balute. Horrez gain, inguruko biztanleek, GKEekin batera, migranteek pairatzen dituzten erasoak ikertzen jardun ahalko lukete, baita desagertutakoak topatzen eta osasun laguntza ematen ere.

Mugarik Gabeko Medikuak, Panamatik kanpo

Azkenaldian, ordea, Panamako Gobernuak harremanak indartu baino hautsi egin ditu GKEekin. Martxoaren hasieran, Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen jarduera bertan behera utzi zuten, sinatutako akordioa abenduan amaitu zela argudiatuta. HRWek Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen lana goraipatu nahi izan du; txostenak dio erakundeak «funtsezko garrantzia» izan duela oihana zeharkatzen dutenei laguntza ematen, bereziki sexu abusuak jasan dituztenei. Horregatik, deitoratu egin dute Panamako Gobernuaren erabakia.

Bestetik, AEBetako Gobernua ere aipatzen da HRWen txostenean. Latinoamerikako herrialdeei bezalaxe, Washingtoni ere gomendatu diote trabak kentzea eskatzaileek asiloa lortu ahal izateko. Izan ere, zailtasun horiengatik zeharkatzen dituzte migranteek eta asilo eskatzaileek «Dariengo oihanaren moduko gune arriskutsuak». Bide horiek hartzen dituztenen kopurua murrizteko, «giza eskubideak errespetatzen dituzten migrazio politikak» aplikatzeko eskatu du HRWek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.