Sudango armadaren eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren arteko gatazka hasi eta hiru hilabetera, epe horretan Darfur eskualdean egindako gerra eta gizateriaren aurkako krimenak ikertzen hasiko da NZA Nazioarteko Zigor Auzitegia. Karim Khan fiskalak eman zuen erabakiaren berri, atzo.
Apirilean ekin zioten bi aldeek boterea eskuratzeko lehiari, eta, ordutik, gatazkak ez du ia etenik izan. Lapurretak, bortxaketak, nahita piztutako suteak, hilketak eta beste hainbat indarkeria mota ohiko bilakatu dira han, batez ere, Darfur eskualdean. Auzitegiak egindako ikerketa baten arabera, egoera bereziki larria da El Geneina hirian eta horren aldirietan. Masalit komunitate afrikarreko kideak dira han bizi diren gehienak, eta horiei eraso egitea eta hiltzea egozten die NZAk milizia arabiarrei eta RSF talde paramilitarrari.
Indarkeria horren adierazle da, esaterako, Mendebaldeko Darfurren izandako hilketa masiboa. Hobi komun batean 87 pertsonaren gorpuak topatu zituzten herenegun —horietako asko Masalit etniako kideak ziren—, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak talde paramilitarrari egotzi zion horiek hiltzea. Erakundearen arabera, «nahikoa froga eta datu» bildu ditu erasoa RSFk egin zuela ziurtatzeko.
Bada, eraso horiek guztiak «gertutik» ikertu nahi ditu NZAk, eta, horretarako, webgune «seguru» bat jarri dute abian Interneten. Helburua zera da: informazioa duen edo krimen larriak salatu nahi dituen edonork modu seguruan hori egin ahal izatea. «Gure zeregina da gure jurisdikzioko krimenak ikertzea, hala nola genozidioak, gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak, eta horiekin zerikusia duen edonor ikertuko dugu», azpimarratu zuen Khanek. Alegia, Sudanen bakarrik ez, Sudandik kanpo ere krimen horiek egiten «laguntzen» duen edonor ere ikertuko duela auzitegiak. Besteak beste, AEB Ameriketako Estatu Batuek txalotu egin zuten, atzo, NZAren erabakia.
Ibilbide luzeko ikerketa
Oraingoa ez da Nazioarteko Zigor Auzitegiak Darfurren egindako sarraskiak ikertzen dituen lehen aldia. Duela hemezortzi urte, 2005ean, hasi ziren ikertzen lurralde horretan egindako gerra krimenak. Besteak beste, genozidioa eta bestelako gizateriaren aurkako krimenak egitea egozten diote garai hartako agintari Omar al-Baxirri. «Historia errepikatzeko arriskua dago» ohartarazi zuen, atzo, Khanek.
2003 eta 2008 urteen artean gertatutako krimenen harira, lau atxilotze agindu ezarri ditu, guztira, NZAk: horietako bat, hain justu, al-Baxirren aurka. Orain gutxi arte, Sudango espetxe batean zeuden al-Baxir eta harekin gobernuan izandako bi ministro ohi —horiei ere gerra krimenak egitea leporatzen die auzitegiak—. Sudango gatazka hasi baino egun batzuk lehenago, ordea, ospitale militar batera eraman zituzten al-Baxir eta ministro ohietako bat. Beste ministro ohiak, berriz, espetxetik ihes egin zuen armadaren eta paramilitarren arteko gatazka hasi eta hamar egunera. Khanek horien ezkutalekuaren berri emateko eskatu dio Sudango Gobernuari, baina, oraingoz, auzitegiak ez daki non dauden.
Ikerketaren harira, «zibilak babesteko» eta eskatu die fiskalak Sudango armadari eta RSFri. Gerra hasi zenetik beren etxeak galdu dituzte hiru milioi lagunek baino gehiagok, eta herrialdetik ihes egin dute beste 700.000 pertsonak baino gehiagok. Sudango Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 1.100 pertsona inguru hil dira apirilean gatazka hasi zenetik. Halere, zenbait erakundek uste dute hildakoen kopurua «askoz ere» handiagoa izan litekeela.