Sudango armadaren eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren arteko gatazka hasi eta hiru hilabetera, epe horretan Darfur eskualdean egindako gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak ikertzen hasiko da NZA Nazioarteko Zigor Auzitegia. Karim Khan fiskalak eman zuen erabakiaren berri, herenegun.
Apirilean ekin zioten bi aldeek boterea eskuratzeko lehiari, eta, ordutik, gatazkak ez du ia etenik izan. Lapurretak, bortxaketak, nahita piztutako suteak, hilketak eta beste hainbat indarkeria mota ohiko bilakatu dira Sudanen, batez ere Darfur eskualdean. Auzitegiak egindako ikerketa baten arabera, egoera bereziki larria da El Geneina hirian eta haren aldirietan. Masalit komunitateko kideak dira han bizi diren gehienak, eta horiei eraso egitea eta haiek hiltzea egozten die NZAk miliziei eta RSF talde paramilitarrari.
Indarkeria horren adierazle da, esaterako, Mendebaldeko Darfurren izandako hilketa masiboa. Hobi komun batean 87 pertsonaren gorpuak topatu zituzten asteazkenean —horietako asko masalit etniako kideak ziren—, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak talde paramilitarrari egotzi zion horiek hiltzea. Erakundearen arabera, «nahikoa froga eta datu» bildu ditu erasoa RSFk egin zuela ziurtatzeko.
Bada, eraso horiek guztiak «gertutik» ikertu nahi ditu NZAk, eta, horretarako, webgune «seguru bat» jarri dute abian. Helburua zera da: informazioa duen edo krimen larriak salatu nahi dituen edonork modu seguruan hori egin ahal izatea. «Gure zeregina da gure jurisdikzioko krimenak ikertzea, hala nola genozidioak, gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak, eta horiekin zerikusia duen edonor ikertuko dugu», azpimarratu zuen Khanek. Alegia, Sudanen bakarrik ez, Sudandik kanpo ere krimen horiek egiten «laguntzen» duen edonor ere ikertuko duela auzitegiak. Besteak beste, AEB Ameriketako Estatu Batuek txalotu egin zuten, atzo, NZAren erabakia.
Ibilbide luzeko ikerketa
Oraingoa ez da Nazioarteko Zigor Auzitegiak Darfurren egindako sarraskiak ikertzen dituen lehen aldia. Duela hemezortzi urte hasi ziren ikertzen, 2005ean, lurralde horretan egindako gerra krimenak. Besteak beste, genozidioa eta gizateriaren aurkako bestelako krimenak egitea egozten diote garai hartan Sudango presidentea zenari, Omar al-Baxirri. «Historia errepikatzeko arriskua dago», ohartarazi zuen herenegun Khanek.
2003tik 2008ra gertatutako krimenen harira, lau atxilotze agindu ezarri ditu NZAk: horietako bat, hain justu, Al-Baxirren aurka. Orain gutxi arte, Sudango espetxe batean zeuden Al-Baxir eta harekin gobernuan izandako bi ministro ohi —horiei ere gerra krimenak egitea leporatzen die auzitegiak—. Sudango gatazka hasi baino egun batzuk lehenago, ordea, ospitale militar batera eraman zituzten ministro ohietako bat eta Al-Baxir. Beste ministro ohiak, berriz, espetxetik ihes egin zuen armadaren eta paramilitarren arteko gatazka hasi eta hamar egunera. Khanek horien ezkutalekuaren berri emateko eskatu dio Sudango Gobernuari, baina, oraingoz, auzitegiak ez daki non dauden.
Ikerketaren harira, «zibilak babesteko» eskatu die fiskalak Sudango armadari eta RSFri. Gerra hasi zenetik etxea galdu dute hiru milioi lagunek baino gehiagok, eta herrialdetik ihes egin dute beste 700.000k baino gehiagok. Sudango Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 1.100 pertsona inguru hil dira apirilean gatazka hasi zenetik. Halere, zenbait erakundek uste dute hildakoak «askoz ere gehiago» izan litezkeela.
Darfurko krimenak ikertuko ditu Nazioarteko Zigor Auzitegiak
Sudango Darfur eskualdean gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egitea leporatzen dio Hagak RSF talde paramilitarrari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu