Darfur, iraganeko infernuaren beldur

NBEek ez du luzatuko eskualderako bake misioa, eta datorren urtean Sudango armadaren esku geldituko da segurtasuna bermatzea. Herritar asko kezkatuta daude, militarrak ez direlako gai izan zibilen kontrako erasoak geldiarazteko.

Herritarrak Darfur Hegoaldeko talde armatuetako bati Sudango armadak atzemandako material militarrari begira, Khartumeko plaza batean. MARWAN ALI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Iraganeko indarkeria oldearen mehatxua sentitzen dute herritarrek Darfurren, Sudan mendebaldeko lurraldean. Ez duteitzuli nahi 2003an hasi zen infernura. Urte horretan, Omar al-Baxir presidente zenaren kontra altxatu ziren talde errebeldeak, eta armadak errepresio kanpaina hedatu zuen, hainbat talde islamistaren laguntzarekin. 300.000 hildako baino gehiago izan ziren gatazkan, eta 2,5 milioi lagunek etxetik ihes egin behar izan zuten. Zibilen kontrako indarkeria indartzeko arriskua agerikoa zaie berriz ere, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak eskualderako bake misioa amaitzea erabaki ostean.

NBEk 2007an eratu zuen Darfurrerako UNAMID bake misioa, AB Afrikako Batasunarekin batera, eskualdea egonkortu eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Joan den asteartean, hura ez luzatzea erabakizuen, eta, 2020. urtea amaitzearekin batera, Sudango armadaren esku geldituko da Darfurren gaineko segurtasuna ziurtatzea.

Jakina da misioak ez duela lortu talde armatuak guztiz kontrolatzea. NBEren eta ABren datuen arabera, indarkeriaren «gorakada» bat izan da azken hilabeteetan: 146 pertsona hil dira uztailetik urrira izan ziren erasoetan. Tiroketek, arpilaketek eta etxebizitzetan eta merkatuetan nahita eragindako suteek milaka herritarren bizitza astindu dute. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen esanetan, 8.000 desplazatu baino gehiago eragin dituzte Sudan Askatzeko Armadaren barruko gatazkek, uztailetik irailera bitartean, Erdialdeko Darfurren. Hala ere, misioaren hutsuneak betetzea izan da Darfurko herritarren eskaria, eta ez hura amaitzea.

Eskualdeko egoera oraindik egonkorra ez dela iritzita, bake misioa gutxienez beste sei hilabetez luzatzeko eskatu die AI Amnesty Internationalek NBEri eta ABri. Hala egin ezean «segurtasun hutsune bat» utziko dutela ohartarazi du. Horrek «ondorio suntsitzaileak» izango dituela uste du Deprose Muchena AIren Afrika Ekialderako eta Hegoalderako zuzendariak. Haren iritziz, nazioarteko erakundeek ziurtatu beharko lukete Sudango indar armatuetako eta talde aliatuetako kideek giza eskubiderik urratuz gero bideak izango direla haiek erantzule egiteko. «Nazioarteko krimenen susmagarri diren indar armatuetako kideek kanporatuak izan behar dute».

Izaera militarreko misioa amaitu, eta helburu politikoak izango dituen misio bat hasiko du NBEk datorren urtean, Sudanen: UNITAMS trantsizio politikoa laguntzeko misioa. Herrialdean zuzenbide estatua ezartzea eta bake akordioak garatzeko saiakerak babestea izango ditu lehentasun.

Al-Baxirren osteko aldia

Sudan aldi politiko berri bat sortzen ari da iazko apirilaz geroztik, armadak Al-Baxir agintea uztera behartu zuenetik. Presidentea kolokan jarri zuten aurretik hainbat hilabetez iraun zuten protesta jendetsuek.

Egun, presidente ohia preso dago Khartumgo kartzela batean, ustelkeriagatik zigortuta. Horrez gain, Sudango justiziak auzipetu egin du 1989an eman zuen estatu kolpearengatik eta agintea utzi aurreko protestetan hildako manifestariengatik. Nazioarteko Zigor Auzitegian ere eman beharko ditu kontuak. Genozidioa eta gerra krimenak leporatzen dizkio, Darfurko gertakariengatik.

Al-Baxir boteretik kenduta, militarrez eta zibilez osatutako gobernu bat eratu zuen armadak, trantsizio politikorako. Herrialdea egonkortzea eta 2022rako hauteskundeak prestatzea da haren egitekoa. Lehenengo helburuari begira, bake akordioa sinatu zuen urrian hainbat talde errebelderekin. Hain justu, Al-Baxir Hagako auzitegiaren esku uztea izan zen akordioaren puntuetako bat. Bakea lortzeko urrats garrantzitsua da ituna, baina kanpoan gelditu dira bi talde errebelde indartsu: Sudanen Askapenerako Armada eta Sudango Herria Askatzeko Mugimendua. Gobernuak arlo horretan oraindik dituen erronken adierazle da bi talde horiek akordioa ez izenpetu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.