Danimarkan koalizio gobernua osatuko dute sozialdemokratek, liberalek eta moderatuek

43 egunez negoziatu ostean, gobernu «zabala» osatuko dutela iragarri du bart Mette Frederiksen jarduneko lehen ministroak. Parlamentuko 179 eserlekuetatik 89 dituzte guztira, gehiengo osoa baino bat gutxiago.

Jakob Ellemann-Jensen, Mette Frederiksen eta Lars Lokke Rasmuss gaur goizeko prentsaurrekoan. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
maddi iztueta olano
2022ko abenduaren 14a
12:46
Entzun

Sei asteko negoziazioen ostean, gobernu «zabala» osatuko dute Danimarkan. Hala iragarri du bart Danimarkako jarduneko lehen ministro Mette Frederiksenek; Margarita erreginari lehenbizi, eta prentsa ohar batean ondoren. Sozial Demokratak alderdiak, Moderatuak alderdiak eta Alderdi Liberalak batu dituzte indarrak.

Hiru alderdiek guztira 89 aulki dituzte parlamentuan. Gehiengo osora iristeko –90 diputatu 179 kideko ganbaran– aulki bat falta badute ere, parlamentuaren oniritzia jasoko lukete Alderdi Sozial Liberalaren abstentzioari esker. Horiek hala, Frederiksenek gobernuan bidelagun izango ditu Moderatuak alderdiaren buru eta lehen ministro ohi Lars Lokke Rasmuss (2015-2019) eta Alderdi Liberaleko buru Jakob Elleman-Jensen. Bihar aurkeztuko dute gobernua, baina gaur goizean azaldu dute koalizioaren ildo politikoa.

Adostutako lehen neurrien artean daude, besteak beste, BPG barne produktu gordinaren %2 defentsarako erabiltzeko konpromisoa 2030. urtera aurreratzea, laneko zergak apaltzea, eta, soldata igotzeko, 3.000 milioi koroa (403 milioi euro) jartzea sektore publikorako.

Jarduneko lehen ministroak adierazi du 2024. urteko jaiegun bat lanegun bihurtu beharko dutela lehen neurri hori finantzatu ahal izateko: Otoitzaren Egun Handia, hain justu.

Frederiksenen arabera, «kooperazioa» izango da gobernu berriaren ezaugarri nagusia, eta adierazi du koalizioa politikoki «oso trebea» dela. Are, iragarri du «asmo handiak» zehaztu dituztela klimaren aldeko neurriak hartzeko eta enplegu gehiago bermatzeko. Hala ere, ohartarazi duenez, «izaera desberdineko alderdi politikoek koalizioa osatzeak ez du ziurtatzen kontu guztietan ados egongo direnik».

Sozialdemokratari iragan hilaren hasieran egokitu zitzaion gobernua osatzeko ardura. Azaroaren 1eko bozetan haren alderdiak azken bi hamarkadetan jasotako babesik handiena lortu zuen, botoen %27,5. Ezkerreko blokeak, berriz, 87 parlamentari lortu zituen, gehiengo osotik oso hurbil.

Ikusi gehiago:«Zentro-ezkerra» batu nahi du Frederiksenek Danimarkako Gobernuan

Hala ere, desadostasun nagusi batek oztopatu du ezkerreko koalizioa sortzea. Frederiksenek kanpaina osoan zehar ohartarazi zuen herrialdeko «batasun politikoa indartzeko zeharkako koalizio» baten beharraz. Moderatuekin negoziatzeko asmoa azaldu zuen, «zentro-ezkerreko» gobernu bat josteko. Ezkerreko indar gehienek, ordea, adierazi zuten nahiago zutela moderaturik gabeko koalizio gobernu bat.

Bada, hauteskundeen biharamunean dimisioa aurkeztu zuen Frederiksenek, eta ezkerreko zein eskuineko blokeak barne hartuko zituen gobernu bat osatzeko negoziazioei ekin zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.