Mette Frederiksen, Danimarkako lehen ministroa, «jota» dago. Gizon batek kolpe bat eman zion atzo arratsaldean, Kopenhageko Alde Zaharraren inguruko plaza batean oinez zihoala. Gizona lehen ministroarengana hurbildu zen, eta jo egin zuen. Erasotzailea berehala atxilotu zuten. 39 urteko gizon poloniar bat da. Ez dute argitu zergatik egin zion eraso lehen ministroari. Gaur arratsaldean eraman dute epaile baten aurrera, Frederiksbergeko auzitegian. Bertan, behin-behinean espetxeratzea erabaki dute, ekainaren 20ra bitarte, funtzionario publiko bati eraso egitea leporatuta.
«Gizon batek Mette Frederiksen lehen ministroa jo zuen ostiral gauean, Kopenhageko Kultorveten. Gizona atxilotu egin zuten. Lehen ministroa jota dago gertakariarengatik». Hori baino ez zuen esan lehen ministroaren komunikazio bulegoak. Bi lekukok BT egunkariari adierazi diotenez, gizon bat lehen ministroaren kontrako norabidean zihoan, eta lehen ministroaren parean zegoenean «bultzada bortitz» bat eman zion sorbaldan: «[Frederiksen] Albo batera erori zen». Inguruko kafetegi batean eseri zuten, bere onera etortzeko.
Poliziak gaur jakinarazi duenez, erasotzailea alkoholaren eta drogen efektupean zegoen.
Frederiksen Danimarkako sozialdemokraten burua da. 46 urte ditu, eta 2019tik da Danimarkako lehen ministroa —kargua hartu zuen gazteena izan zen—: aurrena zentro-ezkerreko koalizio batekin, 2022ko abendutik zentro-eskuinekoarekin. Europako Parlamenturako bozak baino bi egun lehenago egin diote eraso. Frederiksenek, erasoaren aurretik, hauteskunde ekitaldi batean parte hartu zuen, bere alderdiko hautagai nagusiarekin, Christel Schaldemoserekin.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak salatu egin du erasoa: «Ekintza arbuiagarria da, Europan sinesten dugun guztiaren eta borroka egiten dugun guztiaren kontrakoa».