Danimarkak ezkerreko gobernu bat izango du

Frederiksen sozialdemokraten hautagaia lehen ministro izango da, hiru alderdiren babesari esker, baina bakarrik gobernatuko du. Klima aldaketa eta migrazioa izango dira agintaldiaren oinarriak

Mette Frederiksen hautagaia, atzo, akordioaren berri ematen. M. C. RASMUSSEN / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Danimarkak ezkerreko gobernu bat izango du berriz ere,2015-2019 legealdiko etenaldiaren ostean. Mette Frederiksen Danimarkako sozialdemokraten buruzagiak atzo jakinarazi zuen akordio bat egin duela ezkerreko blokeko hiru alderdirekin, eta, hortaz, inbestidurarako behar adina babes lortu duela. Hori bai, bakarrik gobernatuko du, gutxiengoan: parlamentuko 179diputatuetatik 48 ditu haren alderdiak. «Hiru aste iraun dute negoziazioek, eta, horren ostean, esan dezaket gobernu berri bat osatzeko gehiengoa dugula», azaldu zuen Frederiksenek.

Alderdi Sozial Liberalak (16 ordezkari ditu), Alderdi Popular Sozialistak (14) eta Aliantza Gorri-Berdeak (13) Danimarkarentzako norabide justu bat programa adostu dute, Sozialdemokratak alderdiak hauteskunde kanpainan proposaturiko neurri politiko eta ekonomikoak oinarri hartuta. Adostasun horretan jaso dituzte, esaterako, klimari buruzko lege bat sustatzeko asmoa, eta 2030erako berotegi efektuko gasak %70 gutxitzea: «Akordio politiko bat da, anbizio berdeak egiazki islatzen dituen lehena munduan», Frederiksenen iritziz.

Danimarkako Greenpeaceren zuzendari exekutibo Mads Flarup Christensenek pozez erreakzionatu zuen akordioaren edukia jakitean. Haren ustetan, helburu hori «saiakera historiko bat» da, eta «garaipen handi bat» izango da «klimarentzat eta danimarkar boto emaileentzat, sozialdemokratak buru dituen gobernu batek hori gauzatzea lortzen badu».

Klimaz gain, migrazioa izango da Sozialdemokratak-en agintaldiko beste oinarria. Oraingoan, badirudi jarrera aldaketa bat izango dela alderdiaren auzi horrekiko jarreran, Frederiksenen inbestidura babestuko duten indar politikoek behartuta. Izan ere, 2015-2019 agintaldian Lars Lokke Rasmussen liberala buru zuen gobernu kontserbadoreak migrazioaren aurkako neurri anitz sustatu zituen, eta sozialdemokratek horien alde bozkatu zuten hainbatetan; tartean, aurrekari kriminalak dituzten 125 migratzaile Itsaso Baltikoko Lindholm irlara bidaltzea.

Orain, bada, sozialdemokratek lege hori kenduko dute, eta baiezkoa eman diote iheslariak hartzeari, Nazio Batuen Erakundearen kuota sistema errespetatuz —urtero 500 hartzea—. Halere, Frederiksenek ohartarazi zuen lehentasuna izango dela migratzaileak euren herrialdera itzularaztea, eta ez gizarteratzea: «Talde kriminalekin, herritartasunari buruzko akordioekin eta familiak elkartzearekin zerikusia duen orok modu berean jarraituko du».

Esaldi hori lehen ministrogaiaren asmoen erakusle gisa interpreta daiteke, Frederiksenek adierazi baitzuen ez duela sartu nahi «blokeen politikan». Hau da, atea irekia utzi die eskuindarrei, «lankidetzan» sakontzeko: «Gogoz entzungo ditugu beste alderdiak. Negoziazio politikoan sartzeko deia helarazten diet».

Oraindik ez dute datarik eman Frederiksenen inbestidurari buruz, baina hautagai sozialdemokrata lehen ministro kargua hartuko duen politikaririk gazteena bilakatuko da —41 urte ditu—, eta hori egiten duen bigarren emakumea; Helle Thorning-Schmidt sozialdemokrata izan zen lehena, eta 2011tik 2015era gobernatu zuen. Frederiksenek gaur emango du haren gobernuaren osaeraren berri.

Hirugarrena iparraldean

Danimarkak, beraz, Europa iparraldeko herrialdeen joerarekin bat egin du. Finlandian, sozialdemokratek irabazi zituzten joan den apirileko hauteskundeak; Suedian, lehen indarra izan ziren iazko bozetan; eta Norvegian gauza bera egin zuten 2017an egindakoetan. Finlandian eta Suedian sozialdemokratak koalizioan gobernatzen ari dira, eta Norvegian kontserbadoreak daude agintean.

Sozialdemokratek lortu zuten ordezkaritzarik handiena Danimarkako parlamentuan hilaren 5ean egindako bozetan —2015ean gertatu bezala—. Eta, garaipena borobiltzeko, ezkerreko alderdien blokeak gehiengo osoa du hasi berri den legealdian: 179 ordezkaritik 96.

Eskuinak, hortaz, boterea galdu du. Danimarkako Alderdi Liberalak 43 diputatu ditu parlamentuan, aurreko legealdian baino bederatzi gehiago, baina eskuineko blokeko gainontzeko indarrek beheranzko joera izan zuten, blokeak gehiengo osoa galtzeraino. 2015ean, eskuineko blokeak lortu zuen ordezkaritza handiena, eta Lars Lokke Rasmussen liberalak gutxiengo gobernua osatu zuen, besteak besteDaniar Alderdi Popularra (DF) ultraeskuindarren babesari esker. DFk 21 diputatu galdu ditu hil honetan; hamaseirekin geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.