Daniel Noboa eskuindarrak irabazi ditu Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeak, herrialde hartako enpresaririk aberatsenaren semeak. Noboak bozen %52 eskuratu ditu —bozen %97,28 zenbatuta— eta haren aurkari Luisa Gonzalezek %47,99.
Presidente hautatu gisa egindako hitzaldian, Noboak eskerrak eman dizkie herritarrei, «proiektu politiko sinesgaitz baten alde» bozkatzeagatik; halaber, iragarri du herrialdea «berreraikitzen» hasiko dela, «indarkeria, gorrotoa eta ustelkeria» atzean utzita. «Ekuador berria» eraikiko duela gehitu du.
Gonzalez ekaineko primarioetan aukeratu zuten hautagai izateko, eta Rafael Correa presidentearen babesa izan zuen. Gonzalezek presidente hautatua zoriondu du, «demokrazia kontua» dela azpimarratuta. Horrez gain, hitza betetzeko eskatu dio, eta jakinarazi du hezkuntza eta osasuna pribatizatzen ez baditu laguntza eskainiko diola, sortu nahi duen «herrialde duin» hori eraikitzeko.
Noboak, hala, herrialdeak pairatzen duen biolentziari aurre egin beharko dio. Izan ere, narkotrafikoko taldeek eta bandek botere handia eskuratu dute azken urteetan –Europara iristen den kokainaren ibilbidean, portu garrantzitsuak bilakatu dira Ekuadorkoak–: ohikoak bilakatu dira lepo mozteen, bonba autoekin egindako atentatuen, polizien hilketen, zubietatik zintzilikatutako gazteen gorpuen eta etxe edo eskola kanpoan tiroz hildako umeen albisteak.
Horri aurre egiteko Poliziari diru gehiago emango diola iragarri du Noboak. Zenbait portu eta kartzela banden menpekoak dira gaur egun, eta, hori hala izan ez dadin, eskumen gehiago emango dizkio armadari.
Hauteskundeen segurtasunari dagokionez, kanpaina nahasia izan da. Izan ere, Fernando Villacencio presidentetzarako hautagaietako bat hil egin zuten abuztuko lehen itzulian, eta horrek segurtasun neurri handiak hartzera behartu zituen hautagaiak.
Noboarekin batera hautatu duten presidenteordeak, Veronica Abadek, indarkeria matxista ukatzen du, hezkuntzaren doakotasuna ezbaian jarri du, eta estatuak dibortzioak «sustatzen» dituela gehitu. Gainera, Espainiako Vox alderdi ultraeskuindarrari eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ultraeskuindar ohiari babesa eman die sare sozialetan.
Lassoren dimisioa
Noboaren agintaldia 2025eko otsailean bukatuko da —urte eta erdiko agintaldia izango du gutxi gorabehera—, hori baitzen Guillermo Lasso presidente ohiari geratzen zitzaion epea dimisioa eman zuenean. Noboa hurrengo hauteskundeetara aurkeztu daiteke lau urteko agintaldia egin ahal izateko. Asanblea Nazionalean aurkari izan dituenen babesa beharko du gehiengoa eskuratzeko eta agintaldiari egonkortasuna emateko.
Lasso ustelkeriagatik epaitzen ari ziren dimisioa eman zuenean. Gainera, Ekuadorko Asanblea Nazionalean oposizioa zen nagusi orduan, eta kontuan hartu behar da erakunde horrek eskumena duela presidentea botatzeko. Lassok, egoera hori ikusita, Asanblea Nazionala desegin zuen maiatzean, eta hauteskundeetara deitu. Lehen aldia zen Ekuadorren historian presidente batek parlamentua desegiten zuena.
Lassoren ustez, parlamentuak gobernua ezegonkortu nahi zuen, eta epaiketak «krisi politiko larria» sortu zuen. Erabakia «demokratikoa» zela gehitu zuen, ekuadortarrek «beren etorkizuna» erabakiko zutelako.