Damaskoren kontrako borroka indartu du oposizioak

Siriako hiriburuan gordindu egin dira bi aldeen arteko borrokak; helikoptero bat bota duela dio oposizioak

Jon Fernandez.
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Oposizioko Siriako Armada Askeak orain arteko erasoaldi handiena iragarri du Baxar Al-Assaden agintearen aurka, «hark egindako sarraski etakrimen basatiei erantzuteko». Sumendia Damaskon eta lurrikarak Sirian izenez bataiatu dute erasoaldia, eta segurtasun indarrek herrialde osoko hiri eta herrietan dituzten egoitzei eraso egingo dietela aurreratu dute. Gainera, abuztuaren 1era arte eman die desertatzeko Damaskorentzat lan egiten duten arduradun zibil eta militarrei, Al Yazir egunkariaren arabera. Ordurako desertatzen ez duen oro helburu militarra izango da oposizioko talde armatuarentzat.

Borroka gune handiena, hain zuzen ere, hiriburuan dago azken egunotan. Hiru egun daramatzate bertan borrokan Siriako armadak eta oposizioaren talde armatuek. Duela hamasei hilabetetik, Al-Assaden kontrako matxinada hasi zenetik, lehenengo aldiz Damaskoren bihotzera iritsi da guda. Erdialdeko Bagdad etorbidean tiroketak izan ziren atzo, eta baita Sabaa Bahrat plazan ere, Siriako Banku Zentralaren egoitzatik gertu. Oposizioak azaldu duenez, armada gerrako helikoptero bidez ari da hiriko auzune batzuk bonbardatzen, eta beraiek helikoptero bat botatzea lortu dutela jakinarazi dute. Gobernuak, nolanahi ere, ez du baieztatu informazio hori.

Siriako armadak atzo 21 lagun hil zituen Damaskon, oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera. Siriako Gobernuaren esanetan, ordea, soldaduak «terroristak harrapatzen» ari da hiriburuko Nahr Eisha auzoan.

Iheslari gehiago

Indarkeriaren gorakadak iheslari kopurua handitzea ekarri du. Atzo bertan 630 iheslari iritsi ziren Turkiara, herrialdearen hegoaldeko Hatay probintziara. Iheslarien artean dozenaka militar daudela argitaratu du Turkiye egunkariak: lau koronel, teniente bat, hiru komandante eta sei kapitain tartean. Guztira, Siriako 40.000 iheslaritik gora daude Turkian.

Irakeko Gobernuak, bestalde, Siriatik ateratzeko eskatu die han bizi diren irakiarrei. Bagdadeko gobernuaren bozeramaile Ali Dabagek zabaldu du mezua Al Iraqiya kate ofizialaren bitartez. Azaldu duenez, irakiarren kontrako hilketa kopuruak gora egin du Sirian, eta hildako gehiago galarazi nahi du. Atzo, esaterako, Siriako gatazkan hildako 23 irakiarren gorpuak bueltatu zizkion Damaskok Bagdadi, tartean bi kazetari.

Arma kimikoak

Bien bitartean, arma kimikoen inguruko zurrumurruak ugarituz doaz. Joan den astean 200 lagunetik gora hil ziren Temseh hiriko sarraskian: oposizioko talde nagusiek Damaskori egotzi diote errua, eta hark, aldiz, «talde terroristei». Horren ostean, joan den barikuan, Al-Assaden indarrak arma kimikoak biltegietatik ateratzen hasi dela argitaratu zuen The Wall Street Journal egunkariak, eta ez zegoela argi mugimenduaren arrazoia: oposizioaren kontra erabiltzeko ote zen ala oposizioaren eskuetan ez erortzeko.

Atzo, Nawaf Faresek berba egin zuen Siriako arma kimikoez; Fares joan den barikura arte Iraken Siriako enbaxadore izan da. Orain oposizioaren borrokarekin bat egin du Faresek, eta uste du Al-Assadek ez lukeela dudarik izango arma kimikoak erabiltzeko. «Zauritutako eta inguratutako otso bat» da une honetanAl-Assad Faresen iritzian. Dagoeneko, Homseko bonbardaketan Damaskok arma kimikoak era- bili dituela dioen informazioa dagoela azaldu du, baina informazio hori baieztatu barik dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.