Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Dagoeneko 15.000tik gora dira Ekialde Hurbileko lurrikaretan hildakoak

Askok autoetan eta kalean lo egin dute, etxera itzultzeko beldur. Milaka dira kaltetuak, eta lurrikarak are gehiago okertu du Siria iparraldeko eta Kurdistango egoera. Erreskate taldeak hondamendi eremuetara iritsi ezinik dabiltza.

Kasko Zuriak, erreskate lanean, atzo gauean, Idliben, Siria iparraldean. YEHYA NEMAH / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 8a
11:35
Entzun

Bigarren gau hotza igaro dute Turkiako, Kurdistango eta Siriako herritarrek, herenegun bi seismo bortitzek Ekialde Hurbila gogor astindu zutenetik. Egoerak gainezka eginda, erreskate taldeak gauez eta egunez ari dira euren lana egiten, jo eta ke, erlojuaren aurka. Orduak joan ahala, gero eta zailagoa izango da inor bizirik aurkitzea eroritako eraikinen hondakinen artean. Dagoeneko 15.000tik gora dira hildakoak; horietatik 10.000 baino gehiago, Turkian. Siria osoan, berriz, 3.000 lagun baino gehiago zendu dira. Zaurituak 58.000tik gora dira bi herrialdeetan. Seismoak jazo zirenetik 50 ordu baino gehiago igaro diren honetan, badira hondakinetatik bizirik ateratzea lortu dutenak ere; haurrak, gazteak zein helduak. Herritar askok autoetan edota kalean egin dute lo, eraikin gehiago eraistearen beldur.

Lurrikarak are gehiago okertu du Kurdistango eta Siria iparraldeko egoera, azken eremu horretan gerran baitaude duela hamabi urtetik. «Jendeak ez daki nora joan ere», esan dio Siriako MEHAD laguntza humanitarioko koordinatzaile Oussama al-Husseinek Al-Jazeera telebista kateari, Idliben. Seismoak suntsitutako eremu askotan izan da Al-Hussein, hala nola Sarmadan eta Jinderisen. «Eraikinen hondakinen azpian dauden herritarren ahotsa entzun dut. Egoera tamalgarria da», nabarmendu du.

Bien bitartean, tokiko erreskate taldeak, GKE gobernuz kanpoko erakundeak eta Kasko Zuriak «guztia» ari dira egiten zibilak erreskatatzeko. Al-Husseinek ohartarazi du Siria ipar-mendebaldean «eskasia handia» dagoela, «zentzu guztietan»: sendagaiak, aterpetxeak, ospitaleak... «Jendea izututa eta etsita dago». Reuters berri agentziaren arabera, gorpuak ospitale kanpoan pilatzen ari dira.

Egoerak hala behartuta, Siria iparraldean lan egiten ari diren gobernuz kanpoko hainbat erakundek laguntza eskatu diote nazioarteari, egoera «jasangaitza» dela eta. Bada, Txinak iragarri du lau milioi euro pasako laguntza bidaliko diola Siriari. Aurrez, Asiako erraldoiak 5,5 milioi euroko laguntza eman dio Turkiari. Al-Assad gobernuaren kontrolpean dauden eremuetan, lurrikarak gutxienez ia 300.000 desplazatu eragin ditu, herrialde horretako Sana albiste agentziak jakinarazi duenez. Horrez gain, 180 kanpaleku ezarri dituzte; aldiz, presidentearen aurkako indarren menpeko eremuetako daturik ez dute eman.

Nazioartearen laguntza ere hasia da heltzen kaltetutako eremuetara. Europako 23 herrialde agertu dira laguntzeko prest, tartean EB Europako Batasuneko hogei estatu kide. Erreskateetan arituak diren 1.600 lagun eta medikuak ere bidaliko dituzte Turkiara, Kurdistanera eta Siriara. Horrez gain, Brusela aztertzen hasia da kanpadendak, botikak eta bestelako larrialdiko laguntza nola bidali. Turkiak bezala, Siriak ere laguntza eskatua dio Europari.

Laguntza behar handia dute Kurdistan iparraldean ere; gutxienez 3.000 lagun hil eta 20.000 zauritu dira lurrikaren ondorioz. Datuen eguneraketari gertutik erreparatzen ari zaio, besteak beste, Alemaniako kurdu elkarteak batzen dituen erakundea (KON-MED). Engin Sever erakunde horretako presidentekideak adierazi duenez, «Kurdistan eta bertan bizi diren herritarrak, hondamendi naturalen aurka jarduteaz gain, gerraren, errepresio politikoaren eta krisi ekonomikoaren aurka ere borrokan ari dira». Horiek horrela, kurduei laguntzeko eskaera egin du: «Erbesteratuok erantzukizun handia dugu. Mobilizatu egin behar dugu, eta gure jendearen ondoan egon». Euskal Kurdu Elkarteak ere antzeko mezua kaleratu du sare sozialetan, eta eskatu du lurrikarak eragindako hondamendi humanitariorako laguntza Kurdistango Ilargi Gorria GKEari bidaltzeko, Turkiako Gobernuak kurduen inguruan duen jarrera «diskriminatzaileagatik».

Pazientzia amaitzen ari zaie

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek larrialdi egoera ezarri zuen atzo lurrikarak kalte egindako hamar probintziatan, eta eskualde horiek hondamendi eremu ere izendatu zituen. Al-Jazeerako berriemailearen esanetan, Kahramanmaras, Hatay, Iskenderun eta Malatya (Kurdistan) hirietako egoera «beldurgarria da oso». Eta, kazetari turkiarren arabera, «herritarrak jota daude». Pazientzia ere amaitzen ari zaie askori; izan ere, hondakinen azpian harrapatuta dauden zenbait herritarren ahotsak entzuten dituzte, baina ezin diete lagundu, erreskate taldeak ez direlako leku horietara bertaratu.

Antakya hirira ere ez da laguntzarik heldu: «Non daude kanpalekuak? Non daude elikagaiez betetako kamioiak? Eta erreskate taldeak?», esan dio 64 urteko andre batek Reuters agentziari. Ameriketako Estatu Batuetako Associated Press berri agentziak, berriz, erreskatean parte hartu duen kazetari ohi Ozel Pikalekin hitz egin du, eta hark esan du biktima asko hotzez hil direla, atzo gauean sei gradu zero azpitik izan zituztelako. «Jendea bizirik erreskatatzeko itxaropenik ez dugu».

Bien bitartean, Erdogan Kahramanmarasen bertan izan da gaur goizean, hondamendiaren epizentroan, eta aitortu du arazo batzuk izan zituztela antolaketan, lurrikararen lehen egunean. Hori bai: Turkiako herriari «pazientzia» izateko eta «bat egiteko» eskatu dio. Era berean, ohartarazi du herritarrek agintarien aginduei soilik erantzun behar dietela, eta ez dietela jaramonik egin behar «probokatzaileei», milaka pertsona kexu baitira baliabiderik ezaz eta gobernuaren erantzunaren geldotasunaz.

Oposizioa kritiko Erdoganekin

Turkiako oposizioko alderdiek kritikatu egin dute gobernuak lurrikaren ostean egindako kudeaketa. CHP alderdi sozialdemokratako buru Kemal Kilicdarogluk hitzeman du ez dela Erdoganen alde lerratuko. Nabarmendu du CHPk ez dituela onartuko oposizioak kontrolatutako udalerriei laguntza emateko ezarritako oztopo burokratikoak, eta bere alderdiko alkateei eskatu die beren kabuz jarduteko. «Oztopo burokratikoak jartzen badizkizuete, entzungor egin».

CHPren arabera, alderdi horrek kontrolatutako barruti batzuetan, Erdoganen AKP alderdia laguntzen banaketan esku hartzen ari da, argudiatuta udalek ez dutela horretan eskuduntzarik, estatuak baizik. Kilicdarogluk gogor mintzatu da presidentearen aurka: «Utzidazue argi eta garbi esaten: Prozesu honen erantzule nagusia Erdogan da. Gobernuak hogei urte daramatza lurrikarei erantzuteko protokolorik egin gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.