Albistegiei adi dagoela hartu du telefonoa PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko presidentetza kontseiluko kide Salih Muslimek (Kobane, Kurdistan, 1951). Beste eraso bat egon da Siriaren menpeko Kurdistanen: Turkiak babesten duen SNA Siriako Armada Nazionala talde armatuak eraso egin die kurduei. Igandean, Baxar Al-Assad Siriako presidentea erorarazi zuten matxino taldeek, Damaskon sartuz eta herrialdearen zati handi baten kontrola bereganatuz. SNA matxino talde horren barruan zegoen, baina talde horretan botererik handiena HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak du. Muslimek, baina, esan du kurduentzat gauzek ez dutela hobera egin. PYD Siriaren menpeko Kurdistango alderdi nagusia da.
Al-Assadek herrialdetik ihes egin ostean, nola dago Siria?
Azken bost hamarkadetan erregimen despotiko bat egon denez, Siriako herritarrek hura kentzea eta herrialdea demokratizatzea nahi zuten. Hori izan da 2011ko iraultzatik herenegun arte iraun duen egoeraren arrazoia. Arazoa da Al-Assad kargutik bota dutenak talde jihadistak direla. Hori dela eta, ezin dugu aurreikusi zer gertatuko den hemendik aurrera.
Borrokan jarraitzen dute Kurdistango lurretan, eta SNAk eraso bortitz bat egin berri du Turkiaren zerbitzu sekretuen laguntzarekin. HTS zertxobait ezberdina da. Gaur egun hiri nagusiak kontrolatzen ditu koalizio jihadistak, baina ez dakigu zer gertatuko den. Ez dakit zenbat egingo duten Siriako herritarrak laguntzeko. Gainera, ez dut oso argi zenbat sinisten duten demokrazian eta zenbateraino emango dieten herritarrei parte hartzeko aukera.
Zer estatu egitura izango du Siriak aurrerantzean? HTSk esan izan du prest dagoela nolabaiteko estatu federal bat sortzeko.
Haien hitzak paper errea dira soilik, praktikan, orain arte, ez baitute horren aldeko ezer egin. Hitz politak erabiltzen dituzte, baina, iraganean egindakoa ikusita, ez dago itxaropenerako tarte handirik. Guk 2011tik ezagutzen ditugu, eta Estatu Islamikotik oso gertu daude. Gure artean ez dago zuzeneko harremanik, eta ditugun harreman gutxi horiek bitartekarien bidez dira.
Beraz, ez da egongo aitortza autonomikorik Kurdistanentzat?
Ez dakigu. Rojavako [Siriaren menpeko Kurdistan] herritar gehienek eta administrazioak berak uste dute aitorpen autonomiko horri esker Siriako antolaketa politikoaren arazoa konpon litekeela. Baina oraindik ez dakigu zenbateraino onartuko duten kurduon izatea eta Kurdistango herritarren proiektua. Hala ere, orain arte kontrolpean izan dituzten eskualdeei erreparatuz gero, ez dugu itxaropen handirik.
SNAk izan dezakeen rolari dagokionez, Kurdistani nola eragingo dio Turkiak babestutako talde bat gobernuaren parte izateak edo hartan eragiteak?
Kurdistango herritarrak borrokan ari dira Turkiaren aurka, ez soilik Rojavan, baizik eta Kurdistan osoan. Kurdistango herriarekin harremana duen edozer suntsitu nahi du Turkiak, eta herritarrek lortutako garaipen demokratiko oro eraitsi nahi du. SNA arazo bat da, Kurdistango herritarren etsaiak direlako. Gure aurka ari dira borrokan; hori da egungo egoera.
Nola eraiki daiteke gerrarik gabeko Siria bat?
Hainbeste urte gerran egon ostean, Siriako herritarrek —eta Kurdistangoek— askatasuna behar dute. Demokrazia behar dute, justizia. Horren bila ari gara denak; baina ez dut uste demokrazian eta giza eskubideetan sinesten ez duten horiek hori emateko gai izango direnek. Ikusteko dago Siriako herritarrek talde horien gobernua onartuko duten.
Zer urrats egin behar dira orain helburu horiek lortzeko?
Gu geure burua defendatzen hasi gara, gure herritarrak babesturik egoteko. Askotan esan dugu: negoziatzeko prest gaude. Talde denekin hitz egiteko prest gaude. Orain, haien esku dago gurekin elkarrizketa saio baketsu bat onartzea. Baina argi izan behar dute erasoz gero guk geure burua defendatuko dugula.
Aurretik ere zuen esku zegoen Rojava. Beraz, zer aldatu da han igandetik?
Alde batetik, Siriako erregimena kolapsatu ostean, gehienek alde egin dute, nahiz eta gure mugetan militar eta polizia gutxi batzuk geratzen diren. Errusiako zenbait soldadu ere badaude, baina horiek ere ihesean ari dira. Turkiaren babesa dute talde salafistek, eta haiengandik banatzen gaituzte muga horiek; orain erasoak izaten ari gara une oro, droneekin.
Bestalde, Alepon [Siria] dauden talde horietako kideek gune kurduei eraso egin diete, eta, ondorioz, ehunka lagun hil. Ezin dugu zehatz jakin bertan zenbat jende dagoen, ezin garelako gerturatu. Baina, gure kalkuluen arabera, 120.000 kurdu daude. Horiek gure gune seguruetara eraman nahi ditugu, eta horretan ari gara orain.
Hortaz, esan dezakegu aldaketa gutxi izan direla gurean.