Zumari atzo arteko epea eman zion ANC Afrikako Kongresu Nazionala bere alderdiak dimisioa emateko, bertzela, haren aurkako konfiantza mozio bat aurkeztuko zuen —bertze konfiantza mozio batera ere deituta zuten gaurko, EFF Askatasun Ekonomikorako Borrokalariak oposizioko alderdiak aurkeztutakoa—. Zumak atzo eguerdian erran bazuen ere ez zuela kargua uzteko asmorik, arratserako amore eman zuen. Ramaphosa ANCko presidente eta Hegoafrikako presidenteordea izan da gaur presidentetzarako aurkeztu den hautagai bakarra.
Oposizioko alderdi nagusiak, DA Aliantza Demokratikoak parlamentua desegiteko eta hauteskundeetara deitzeko eskatu du, eta eskaera horrekin bat egin du oposizioko bigarrenak, EFFk —haren ordezkariek alde egin dute parlamentutik, protestan—. Hauteskundeak heldu den urtean egitekoak dituzte.
Jacob Zumak bederatzi urte egin ditu presidente gisa, baina ustelkeria auzien ondorioz gero eta presio gehiago jaso ondoren, kargua utzi zuen atzo.