2023. urtea mugarri izan daiteke Kataluniako independentismoarentzat. ERCk eta CUPek sinatutako aurreakordioaren arabera, orduan erabakiko dute Espainiako Estatuarekin hasitako elkarrizketa mahaiak jarraipenik izatea merezi duen edo «autodeterminazioranzko beste erasoaldi demokratiko bati» ekin beharko dioten. Era berean, JxC ere prest agertu da elkarrizketa mahaiari «aukera bat» emateko, «eszeptiko» dagoen arren. Hiru alderdien arteko akordioa urruntzen duena, ordea, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak zuzendutako Errepublikaren Kontseiluak izan beharreko rola da. ERCk eta CUPek «zuzendaritza estrategikorako mahai bat» eratu nahi dute, gizarte mugimenduak eta alderdi independentistak barruan hartuko lituzkeena, tartean kontseilua. JxCk, berriz, «ezinbestekotzat» jotzen du Puigdemont egiten ari den gidaritza lana.
ERCk, beraz, bi urteko epea izango du berak bultzatutako bi aldeko elkarrizketen fruituak jasotzeko. Halere, CUPen babesa «kritikoa» da, eta haiek mahaian parte hartzeko modu bakarra autodeterminazioaren eta amnistiaren gaiak agendan sartzea litzateke. ERCk, berriz, nabarmendu du ez dituela elkarrizketak «alferrik» luzatuko, eta emaitzen berri emango duela. Behin epea amaituta, elkarrizketaren bidea eten edo ez adostu beharko dute independentistek; agian, «amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko akordio nazional baten» bidez.
Elkarrizketa mahaia 2020ko otsailean eratu zuten, baina, COVID-19aren eraginez, ez da bilerarik egin azken urtean. Zaila dirudi, gainera, orain Espainiako Gobernuak erreferendum adostu bat egiteko aukera onartzea. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministro Jose Luis Abalosek astelehenean adierazi zuen hitz egiteko prest daudela, baina erreferenduma mahai gainean jarri gabe.
Elkarrizketa mahaiaren jarraipena eztabaidatzearekin batera, 2023. urtearen lehen erdian konfiantza mozio bat gainditu beharko du Pere Aragonesen balizko gobernuak. Hala, CUPek izango luke legealdia amaierara arte eramateko giltza. Trukean, «gobernantza erraztea» eta «aurrekontuen egonkortasuna» bermatzea hitzeman du alderdi horrek, adostutako puntuak betetzen badira betiere. Horrez gainera, sinatu dutenaren arabera, alderdiak aurrerapauso bat emango du jarduera instituzionalari dagokionez. Besteak beste, etorkizunean Kataluniako Gobernuan sartzeko aukera irekita utzi du, «ulermen eta akordio mailaren, eta parlamentuaren eta gobernuaren agenda politikoaren arabera».
CUPek eta ERCk, Kataluniako Parlamentuaren «subiranotasuna bermatzeko» asmoz, diputatuen «eskubide material, zibil eta politikoak blindatu» nahi dituzte. Horrek bat egingo luke Borrasek parlamentuko presidente kargua hartzean eginiko hitzekin, eta, ondorioz, JxCren nahiekin: «Gure betebeharra da parlamentu honen bortxaezintasuna eta independentzia mantentzea, ez baimenduz beste botere batzuen esku hartzeak».
Hiru alderdien iritziak bestelakoak dira, ordea, independentismoa gidatu beharko lukeen erakundearen inguruan. ERCk eta CUPek bultzatu nahi duten «zuzendaritza estrategikorako mahaia» independentismoak bete beharreko bide orriaren estrategia eta erreferendum bat prestatzeaz arduratuko litzateke. Hori ez litzateke bateragarria izango Errepublikaren Kontseiluak egun duen rolarekin. Esquerrak adierazi du kontseiluak ezin duela «baldintzatu»Generalitatearen lana, eta zuzendaritza hori zabaltzearen alde egin du. JxCk, baina, Puigdemontek eginiko lana babestu du. «Egiten duen bakarra konponbideak eta erantzunak ematea da, eta Katalunian bizitzen ari garen egoera nazioartera eramatea, herritarren babesarekin», azaldu du Borrasek: «Presidente legitimoa da».
Bide beretik jo du Jordi Sanchez JxCko idazkari nagusiak ere, eta adierazialderdi independentistek orain ez dutela bide orri bateratu bat.Halere, uste du iritsiko dela hori egunen batean, ezin baita «legealdi hau alferrik galdu».
Hori lortzeko asmoz, nabarmendu du bere alderdiak ez duela hautagairik aurkeztuko inbestidurara, ezta «bozak berriz egiteko aukerarekin jokatuko» ere. Izan ere, ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohiak uste du iritsiko dela gobernua osatzeko akordioa: «ERCren eta CUPen alboan egon nahi dugu, herrialde eredu bat eraikitzeko». Ez du adierazi, baina, adostasuna ostirala baino lehen izan daitekeen; «datozen egun edo asteetan lortuko da».
JxCren helburua lau urterako akordio «sendo» bat eskuratzea da, herritarren «independentzia mandatuari erantzun» eta «errepublika bat eratzeko» lan egingo duena.
Akordioa, behin-behinekoa izanik ere, ostirala baino lehen iristen ez bada, ordea, Aragonesek 42 boto bakarrik jasoko ditu inbestidura saioan, beharrezko 68etatik urrun. Betiere, CUPen militantziak aurreakordioari baietza ematen badio —bihar jakinaraziko dute—.
Izan ere, saihetsezina dirudi saioa aste honetan egiteak. Laura Borras atzo hasi zen talde parlamentarioekin biltzen: PPko, Ciutadanseko, En Comu Podemeko, CUPeko eta Voxeko kideekin hitz egin zuen. Gaur, berriz, JxCko, ERCko eta PSCko buruekin bilduko da. Hala, bihar presidente bilakatzeko «aukera handiena duen» presidentegaiaren izena emango du: «Hautagaiak badaude».
Ezkerrerantz
JxCk onartu beharreko eskakizunak, gainera, ez dira izango independentzia prozesuari begirakoak bakarrik, ERCren eta CUPen arteko akordioak gizarte eta ordena publikoko gaiak ere tratatu baititu; besteak beste, energia zerbitzu publiko bat sustatzea, ur zerbitzuak udalen eskuetara itzultzea, etxegabetzeetan istiluen kontrako poliziek parte ez hartzea, eta foam jaurtigailuak debekatzea.
CUPek iraungitze data ezarri dio ERC-Madril elkarrizketa mahaiari
Negoziazioek 2023rako emaitzarik ematen ez badute, «erasoaldi demokratiko bat» hasiko dute independentistek. Puigdemonten rola da JxCren eta ERCren arteko desadostasunen arrazoietako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu