Kataluniako hauteskundeak

CUPek dio mossoen jokabideak gobernua osatzea zailduko duela

Bigarren egunez jarraian protestak izan dira Haselen askatasuna eskatzeko, Bartzelonan eta Madrilen. Foam jaurtigailu batekin jo zuten 19 urteko neskak begi bat galdu du

Langile batzuk, atzo, Viceko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) komisaria konpontzen. SUSANNA SAEZ / EFE.
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Mossoek Pablo Hasel rap kantaria atxilotzerakoan izandako jokaerak zaildu egin dezake Katalunian gobernu berria osatzea. Hala esan zuen Maria Sirvent CUPeko ordezkariak, atzo egin zuten agerraldian. Herenegun, gauean, Haselen askatasuna eskatzeko Bartzelonan egin zen manifestazioan izan ziren alderdiko hainbat ordezkari; besteak beste, Dolors Sabater Kataluniako hauteskundeetako zerrendaburua. Atzo ere izan ziren

Manifestazioak ez ziren Bartzelonan bakarrik izan, eta hainbat protestatan, gainera, istiluak izan ziren; besteak beste, Bartzelonan bertan, Vicen, Gironan, Lleidan eta Reusen. Poliziak jakinarazi zuenez, hemezortzi lagun atxilotu zituzten, eta 33 zauritu. Osasun zerbitzuek atzo jakinarazi zuten Poliziak foam jaurtigai batekin jo zuen neska gazteak begia galdu zuela; hark izan zituen zauririk larririk.

Atzo bigarren egunez jarraian egin zuten protesta Kataluniako hiriburuan eta Espainiakoan. Mobilizazio baketsuen ostean, poliziek eta mossoek talka egin zuten manifestariekin; kargak izan ziren bi hirietan, eta protestariek objektuak botata erantzun zuten.

Horrez gain, CUPek kritikatu egin zuen mossoek Haselen atxiloketan izandako jarrera. Generalitatearengandik «beste zerbait» espero zutela aitortu zuten, eta gaitzetsi egin zuten Kataluniako Gobernuak eta mossoek Espainiako justiziaren aginduak onartu izana. Sirventek gaineratu zuen agintariak krisi sozioekonomikoa baliatzen ari direla eskubideak murrizteko: «Egungo segurtasun modeloa goitik behera aldatzea eskatuko dugu».

Ondo bidean, ERC izango da Kataluniako Gobernua osatzeko arduradun nagusia. CUPekin elkartu zen atzo, eta bi alderdiak bat etorri ziren datorren koalizioak «ezkerrera egiteko eta errepublika katalanari begira» aurrera jarraitzeko beharrean: «Negoziazioak hasteko topaketa izan da», zehaztu zuen bozetan Pere Aragones zerrendaburu izan duen alderdiak.

Haseli babesa

Sirventekin batera izan zen agerraldian Xavi Pellicer CUPeko diputatua. Hark babes osoa erakutsi zion Haseli, baita herenegun haren alde mobilizatu ziren guztiei ere: «Injustizia honen aurrean Pablo Haseli behar duen guztian laguntzeko prest gaude, eta mobilizazioekin segitzera animatu nahi ditugu herritarrak», gehitu zuen.

Herenegun sartu zuten espetxean Hasel. Hura berehala askatzeko eskatu zion Pellicerrek Madrili, eta ardura haiena dela azpimarratu zuen. Kataluniako politikari eta kulturgileen aurkako erasoak geratu behar direla esanez amaitu zuten agerraldia CUPekoek: «Adierazpen askatasuna dago jokoan».

Geroz eta argiagoa dirudi CUP ezinbesteko aliatua izango dela ERCrentzat eta JxCrentzat. Atzo, Espainiako Kongresuan, Pedro Sanchez presidenteak esan zuen «onena» PSCk eta En Comu Podemek zuzendutako gobernu bat litzatekeela, baina alderdi subiranistek argi erantzun zioten: independisten arteko akordio bat egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.