Katalanaren eta Kataluniaren aldeko Omnium Cultural elkartea batzar nagusia egiten ari da gaur, eta aldaketak erabaki dituzte zuzendaritzan. Jordi Cuixartek arduraren txanda pasatu dio Xavier Antich filosofoari. Hura zen kargurako aurkeztu den hautagai bakarra.
Cuixarti agur esateko eta hari omenaldia egiteko baliatu dute batzarra. Urtarrilean iragarri zuen ardura utziko zuela. Sei urte egin ditu kargu horretan, eta horietako lau preso eman ditu. Izan ere, 2017an behin-behinean espetxeratu zuten, urte bereko urrian egindako erreferendumari lotuta sedizioa egitea egotzita. 2019an bederatzi urteko kartzela zigorra eta beste hainbesteko inhabilitazioa ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak. Harekin batera utzi du kargua Marcel Mauri, lehen presidenteordea. Erakundearen eleduna izan zen Mauri, Cuixart preso zen bitartean. Monica Terribas kazetariak hartu du Mauriren kargua. Pozik doala esan du Cuixartek, lortu duelakoan preso sartu zutenean bere buruari jarritako helburuetako bat: Espainiak ez zezala erabaki nork zuzentzen duen erakundea.
Erakundeko bazkideek telematikoki bozkatu dute. Hautagaien alde, edo zurian, bozkatu ahal zuten, ez, ordea, kontra. 21.758 bazkidek eman dute botoa, eta baiezkoa eman diote zuzendaritza berriari.
Antich filosofian doktore eta La Vanguardia egunkariko kolaboratzaile izan zen. Omniumeko kide da 2017tik. Azken urteotan elkarteko Eskubide Zibil eta Politikoen arloaren arduraduna izan da.
Haren ondoan, orain arte zuzendaritza taldeko hainbat kide egongo dira, eta beste batzuk sartuko dira: Joaquim Forn, David Fernandez, Natza Farre, Natalia Touzon, Dddac Amat eta Marc Sanjaume.
Antichen taldeak berak eratu du erakundearen plan estrategikoa datozen urteetarako, eta 2026ra arte egongo da agintean. Katalunia eraldatzeko bost ardatz ditu planak: indarkeriarik gabeko borroka eta desobedientzia zibila, hizkuntza, kultura, gizartearen kohesioa eta nazioarteko harremanak.
2015ean hartu zuen Omniumeko idazkari nagusi kargua Cuixartek, gerora Generalitateko presidente izango zen Quim Torraren ordez. Cuixartek esan izan du ez duela asmorik politikagintzan aritzeko, baina «ekintzaile bat» dela gaineratu du hainbatetan, eta Omniumen eta herrialdearen esanetara egongo dela aurrerantzean ere. Aurreko lanpostura itzuliko da, Guillem Agullo eskolara.
Izan ere, gazteak formatzeko eskola hori indartzea da zuzendaritzak datozen urteetarako jarri duen helburuetako bat. Beste batzuen artean daude antzerki sari bat eratzea, katalanezko ikus-entzunezkoak sortzea eta bultzatzea, eta haurrentzako katalanezko zinema zabaltzeko CineXic egitasmoa estreinatzea, edo hizkuntzaren inguruko adimen artifizialeko teknologiak elikatzeko testuak biltzea, AINA proiektuan.
Taldeak 11.240.000 euroko aurrekontua edukiko du. Elkarteak 51.830 bazkide zituen Cuixartek ardura hartu zuenean, 190.056 ditu orain, eta 2026rako, 380.000 eduki nahi ditu. Horrez gain, milioi erdiko pertsonen sarea ehundu nahi dute bazkideak, adiskideak eta laguntzaileak gehituta.